Legazpiko Hegialde auzoko jaiak berrikuntzaz beteta datoz
Ekaineko lehen bi asteburuetan Legazpiko Hegialde auzoko festak ospatuko dituzte. Hegialde Potxola 2011 izenpean, jai batzordeak programa kaleratu du. Hegialde Potxola jaiak 1980. urtean hasi ziren ospatzen auzoetako gazte talde baten eskutik. “Laguntza gutxi” izan badute ere, “urtez urte zailtasun guztien gainetik salto egitea eta festak aurrera ateratzea” lortu dute. Jai Batzordeko taldea aldatuz joan da denboran, batzuk sartu eta beste batzuk atera, “laguntzarik jaso ezean jaiak bertan behera geldituko zirelaren mehatxupean. Zorionez beti agertu izan da norbait lan egiteko prest, “jada 30 urte baino gehiago dituen ohitura hiltzen ikusi nahi ez duena”. Iaz gazte talde berri bat osatu zuten, eta aurreko jai batzordeari lekukoa hartu zion talde honek. “Gogo handiz baina eskarmentu gutxirekin jaiek aurreko urteetako kalitatea izan zezaten saiatu ginen” diote. Baina diotenez, “ez dugu amorerik emango eta aurrera jarraituko dugu Hegialde kolorez beterik eta egunsentirarte dantzan jartzeko lanetan”. Aldaketak zirela eta, iaz ez zuten astirik hartu festen 30. urteurrena ospatzeko. Hala ere, hamarkada berriari jarraipena “indarrez” emango diotela azaldu dute, “iragana eta orainaldia uztartuz”. Agertu nahi izan dutenez, “aurretik lanean izan direnen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke Hegialde Potxola ospatzen jarraitzea. Beraz, festatan aktiboki parte hartzeko deialdi ozena egin nahi diegu Urtatza, San Juan eta Lau Bideko [...]
Ekaineko lehen bi asteburuetan Legazpiko Hegialde auzoko festak ospatuko dituzte. Hegialde Potxola 2011 izenpean, jai batzordeak programa kaleratu du.
Hegialde Potxola jaiak 1980. urtean hasi ziren ospatzen auzoetako gazte talde baten eskutik. “Laguntza gutxi” izan badute ere, “urtez urte zailtasun guztien gainetik salto egitea eta festak aurrera ateratzea” lortu dute. Jai Batzordeko taldea aldatuz joan da denboran, batzuk sartu eta beste batzuk atera, “laguntzarik jaso ezean jaiak bertan behera geldituko zirelaren mehatxupean. Zorionez beti agertu izan da norbait lan egiteko prest, “jada 30 urte baino gehiago dituen ohitura hiltzen ikusi nahi ez duena”.
Iaz gazte talde berri bat osatu zuten, eta aurreko jai batzordeari lekukoa hartu zion talde honek. “Gogo handiz baina eskarmentu gutxirekin jaiek aurreko urteetako kalitatea izan zezaten saiatu ginen” diote. Baina diotenez, “ez dugu amorerik emango eta aurrera jarraituko dugu Hegialde kolorez beterik eta egunsentirarte dantzan jartzeko lanetan”.
Aldaketak zirela eta, iaz ez zuten astirik hartu festen 30. urteurrena ospatzeko. Hala ere, hamarkada berriari jarraipena “indarrez” emango diotela azaldu dute, “iragana eta orainaldia uztartuz”. Agertu nahi izan dutenez, “aurretik lanean izan direnen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke Hegialde Potxola ospatzen jarraitzea. Beraz, festatan aktiboki parte hartzeko deialdi ozena egin nahi diegu Urtatza, San Juan eta Lau Bideko auzokide guztiei, jaiak gureak eta guretzat direlako, denok ondo pasatzeko gutxi batzuk egiten dugulako lan”.
Aurten berrikuntza ugari dakartzate festek. Batetik, bi asteburuz luzatuko dira. Ekaineko lehen asteburuan eta bigarrenean ospatuko dituzte festak legazpiarrek. Zapatuan, ekainak 4, Lander Soberoren omenezko lehen mendi paseoa egingo dute goizean. Korostiagara joango dira, “mendi hura oso atsegin baitzuen”. 9:00ak aldera abiatuko dira Lau bidetik eta gurutzean atseden hartu ondoren Lakiolatik behera egingo dute, bertan hamarretakoa jateko. Jarraian Urtegirantz joango dira ibilbidea amaitzeko. 17 kilometro inguruko ibilaldia izango da. Parte hartuko duen jendearen kontrol bat eramateko Hegialdeko taberna guztietan eta Kukue, Giroa, Arrano eta Gaztetxean txartelak salduko dituzte 3 euroren truke. Hala ere, egunean bertan izena emateko aukera ere izango da.
Zapatu gauean, 22:30ean, herriko taldeen rock kontzertua egingo dute eta txosna ere irekiko dute. Igandean, hilak 5, Xabier Ortiz de Luzuriagaren oroimenezko BTT trabesia egingo dute. 8.00etatik 9.00etara irekiko dute izena emateko aukera.
Hau guztiaz gain, Jai batzordeko kideak Mari Sardiñe izeneko pertsonaia bat sortzeko lanean aritu dira. Aurkeztu dutenez, “Mari Sardiñe aspaldian mendian bizi zen neskatxa bat izan zen, baina behin Errekazabal ibaian jolasean zebilela Urtatzako urtegira iritsi zen eta orduztik bertan du bere bizilekua. Iaz Jai Batzordekoak urtegira igo eta bertan aurkitu zuten, jada sirena bihurturik. Horregatik, aurten gurekin jaiak pasatzera gonbidatu zuten. Hala, jaietako ostiralean, 10ean, 18.30etan denak urtegian elkartuko gara, eta kalejiran jeitsiko gara Patxaranga elektrotxarangaren doinuez giroturik. Mari Sardiñeri ongietorria emateko abesti bat eta hitz magikoak eskainiko dizkiogu. Jarraian txupinazoa botako dugu. Azkeneko egunean Mari Sardiñe, sardina bihurtuko da eta urtegira itzuliko da su artifizialak bota baino lehen”.
Ostiralean, hilak 10, afari herrikoia egingo dute Domingo Agirre ikastetxeko pilotalekuan. “Gala afaria” deitu diote, eta honek, ondoren oinezkoen kalean egingo duten dantzaldian eta txosnan “itxuroso” egoteko moduko arropak eraman behar direla esan nahi duela argitu dute. “Soineko eta traje dotoreak janzteko ohitura berreskuratu nahi dugu, Legazpi oso herri elegantea delako”. Afaria norberak eraman beharko du.
Jaiak lehen aldiz antolatu zituztenek erabilitako arropa ere berreskuratu nahi dute. “Praka motzak, alkondara zuria, tirante beltzak eta galtzerdi marradunak janzten zituzten. Horrela jantziko gara Jai Batzordekoak larunbatean. Gainontzeko bizilagunei ere berdin janzteko gonbidapena egiten diegu, haur eta helduei, guzti guztiei. Eraman turutak zarata egiteko!” esan dute jai batzordekoek.
Egitaraua
Ekainak 4, larunbata
• 09:00 Medi Paseoa: Lander Soberoren oroimenez
• 22:30 Txoznaren irekiera eta Kontzertuak
* Nekrobabies
* Arma Beltza
* D-Pinchos
* Cross Road
* Skapando
Ekainak 5, igandea
• 8:00: VII. Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko BTT trabesia. 8:00etatik 9:00etara izen ematea. 9:00etan omenaldia eta jarraian irteera.
Ekainak 10, ostirala
•18:30 Mari Sadiñeren Erromeria
-Erromeria Urtatzako urtegian,
-Patxaranga edo Batukadaz lagundua
• 19:00 Txupinazoa ohiko erraldoi, buruhaundi eta trikitilariekin
• 19:15 Txorizo eta ardo banaketa
• 19:30 Txoznaren irekiera
• 22:00 Afari herrikoia eta sarien banaketa
• 24:00 Dantzaldia: Joselu Anaien eskutik
Ekainak 11, larunbata
• 11:30 Txikifiestaren hasiera. Haur parkea eta Hegialde 2011ko marrazki lehiaketa
• 15:30 Arratsaldeko Txikifestaren jarraipena. Haur parkea, tailerrak eta txikimerienda.
• 18:00 Korosti Dantza Taldea
• 19:00 Trikipoteoa. Sagardo, txorizo eta gazta dastaketa
• 21:00 Patata tortila lehiaketa
• 24:00 Dantzaldia: Kresalaren eskutik
Ekainak 12, igandea
• 07:00 Txokolatada
• 11:00 Meza. Domingo de Aguirre Ikastetxean
• 12:00 Auto gidatuen erakustaldia
• 16:00 Auto gidatuak eta mus txapelketa
• 18:00 Herri Kirolak
• 20:00 Asto lasterketa
• 21:30 Mari Sardiñeren erromeria
• 24:00 Suak












