Loinatz Abesbatza: Abestuz mende laurden bete dute
Pedro Jose Iguainek sortu zuen Beasaingo Loinaz Korala, 1939an. Hainbat urtez aritu ondoren, hamar urtean isilean egon zen abesbatza. 1986an, ordea, berriz ekin zioten. Joan Alkaiaga Loinaz Koralaren Elkarteko lehendakariak bultzatuta hasi zen berriz ere abesbatza kantuan. Josetxo Zufiaurrek Beasaingo Musikak liburuan jasota daukanez, 1985eko Gabonetan Olentzerorekin batera irteteko entseguak egiten ari ziren gazteei egin zien proposamena Alkaiagak. Beasaindarrek bikain erantzun zuten, garai hartan gaur egun bezala gazte askok egin baitzituzten solfeo eta koral ikasketak Beasaingo Musika Eskolan. Gazteek ez ezik, aurretik Loinaz Koralean aritu ziren hainbatek ere ekin zioten berriro kantatzeari. Gabonak igaro ondoren, 1986ko urtarrilean, hasi ziren abesbatza berriz ere martxan jartzeko bilerak egiten. Orduan erabaki zuten Loinaz Koralari Loinatz abesbatza izena jartzea. Izena aldatzearekin batera, Xabier Sarasola izendatu zuten zuzendari. Gaztea izan arren, hainbat ikasketa eginda zeuzkan ordurako Sarasolak, eta musika tresna batzuk jotzen ere bazekien. Abesbatza gaztea Abesbatza osatu, eta lehen entseguetan ehun lagun inguru elkartu ziren. Askok, ordea, denbora zeramaten abesbatzen mundutik kanpo, eta utzi egin zuten abesbatza. Kide helduenak izan ziren batez ere, entseguak maiz egin beharrak, kantu teknikak ikasi beharrak, bizioak zuzendu beharrak eta bestek nekatu egin baitzituzten. Abesbatzako kiderik helduenek abesteari utzita, Loinatz abesbatza batez ere pertsona gaztez osatuta geratu zen. Abeslari [...]
Pedro Jose Iguainek sortu zuen Beasaingo Loinaz Korala, 1939an. Hainbat urtez aritu ondoren, hamar urtean isilean egon zen abesbatza. 1986an, ordea, berriz ekin zioten. Joan Alkaiaga Loinaz Koralaren Elkarteko lehendakariak bultzatuta hasi zen berriz ere abesbatza kantuan.
Josetxo Zufiaurrek Beasaingo Musikak liburuan jasota daukanez, 1985eko Gabonetan Olentzerorekin batera irteteko entseguak egiten ari ziren gazteei egin zien proposamena Alkaiagak. Beasaindarrek bikain erantzun zuten, garai hartan gaur egun bezala gazte askok egin baitzituzten solfeo eta koral ikasketak Beasaingo Musika Eskolan.
Gazteek ez ezik, aurretik Loinaz Koralean aritu ziren hainbatek ere ekin zioten berriro kantatzeari. Gabonak igaro ondoren, 1986ko urtarrilean, hasi ziren abesbatza berriz ere martxan jartzeko bilerak egiten. Orduan erabaki zuten Loinaz Koralari Loinatz abesbatza izena jartzea.
Izena aldatzearekin batera, Xabier Sarasola izendatu zuten zuzendari. Gaztea izan arren, hainbat ikasketa eginda zeuzkan ordurako Sarasolak, eta musika tresna batzuk jotzen ere bazekien.
Abesbatza gaztea
Abesbatza osatu, eta lehen entseguetan ehun lagun inguru elkartu ziren. Askok, ordea, denbora zeramaten abesbatzen mundutik kanpo, eta utzi egin zuten abesbatza. Kide helduenak izan ziren batez ere, entseguak maiz egin beharrak, kantu teknikak ikasi beharrak, bizioak zuzendu beharrak eta bestek nekatu egin baitzituzten.
Abesbatzako kiderik helduenek abesteari utzita, Loinatz abesbatza batez ere pertsona gaztez osatuta geratu zen. Abeslari gazteek, ordea, etorkizun oparoa ikusten zioten abesbatzari. Izan ere, 1986an, 11 eta 14 urte bitarteko 80 ikasle baino gehiago ari ziren korala ikasten Beasaingo Musika Eskolan, eta abesbatza berria osatzen zuten hirurogei kideetatik erdiak baino gehiago —%60— musika eskolan musika ikasketak egindakoak ziren.
Txapelketak eta bidaiak
Abesbatzaren bigarren ekinaldian, hainbat abesbatza txapelketatan parte hartu dute Loinatz abesbatzakoek. Goierrin, Gipuzkoan, Euskal Herrian eta nazioartean abestu dute; Errenteriako Musikastean eta Londresko Wensminster katedralean, adibidez.
1999az geroztik, Donostiako Barroko Aire taldearekin, hainbat emanaldi egin ditu Beasainen eta Donostian, Eguberrietako Oratoria interpretatuz. Londresko Wensminster katedralean eta Erromako Vatikanoko San Petri elizan ere abestu dute.
Bidaia asko hainbat sariketatan parte hartzeko egin dituzte abesbatzakoek. Irabazitakoen artean honako hauek daude, besteak beste: Burgosko (Espainia) nazioarteko abesbatza lehiaketa, Alacanteko (Herrialde Katalanak) Noveldako Hiria musika erlijiosoko abesbatza lehiaketa eta Ejea de los Caballeros herriko (Espainia) abesbatza lehiaketa —dagoeneko bi aldiz irabazi dute hori—.
Gaur egun, 53 abeslarik osatzen dute abesbatza. Horietatik sopranoak hamazazpi dira, tenorrak zortzi, kontraltoak hamar eta baxuak beste zortzi.
Kontzertua eta erakusketa urteurrena ospatzeko
Abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan, erakusketa bat jarri dute Usurbe antzokiko erakusketa aretoan. Hilaren 29ra arte, kontzertuetako irudiak, egindako irteeretako argazkiak, partiturak eta jantziak ikusi ahalko dira, besteak beste. Bihar, berriz, kontzertua egingo dute 20:00etan, Beasaingo Andre Mariaren Jasokundearen elizan. Oraingo abesbatzaz gain, 25 urte hauetan Loinatz abesbatzako kide izan direnek eta Musika Eskolako kideek ere parte hartuko dute kontzertuan.
Errepertorio folklorikoa prestatu dute kontzerturako, eta emanaldiaren ondoren, afari-merienda egingo dute Loinazko San Martin plaza azpian. Abesbatzako kideek, kide ohiek, udal ordezkariek eta beste hainbat gonbidatuk parte hartuko dute ospakizunean.
*****************
Xabier Sarasola: «Ez da erraza jendea erakartzea, orain dena bisuala eta zarata handikoa baita»
Bizitza erdia darama Loinatz abesbatza zuzentzen Xabier Sarasolak (Beasain, 1960). 25 urte hauetan bera izan da abeslarien gidari, irakasle, zuzentzaile eta hainbat abestiren konpositore.
25 urtek askorako emango dute, ezta?
Batzuetan, nahi baino gehiagorako ere bai. Urte asko dira, eta jende mordoak parte hartu du abesbatzan. Nahitaez, horrek askorako ematen du.
Zenbat jendek parte hartu 25 urte hauetan Loinatz abesbatzan?
Ez dakit seguru esaten, baina pentsatzen dut 150-200 pertsona inguru izango direla. Adin guztietako jendea egon da, gainera, gazteek eta helduek osatzen baitute abesbatza.
Musika alorrean, erreferentea al da abesbatza herrian?
Ez dut uste herrian eragin handirik dugunik. Beasaingo elizan 400 pertsonarentzako lekua dago, eta emanaldietan eliza bete egiten da. Kontzertu bereziren bat antolatzen dugunean jendea zutik ere geratzen da. Beraz, guk egiten ditugun gauzak herrian erakargarriak direla esan daiteke.
Musika elizkoia erakargarria al da gaur egun?
Ez da erraza jendea erakartzea, gaur egun dena bisuala eta zarata handikoa baita. Koru musika aulki deseroso batean eseri eta korua altzari bat bezala hartzea da gaur egun. Baina musika klasikoak entzule dinamikoagoak eskatzen ditu, eta halakoak bilatzea kosta egiten da.
Zer egiten duzue zuek, zuen musika erakargarri izan dadin?
Bi pertsonaren ahotsak uztartu eta horrekin zerbait sortzea da erakargarri egiten duena. Abesten den hori interpretatu behar du abeslariak, testuak esaten duena kontuan hartuz. Horrek erakarri behar du entzulea.
Musikariek eta aktoreek lotura dute orduan?
Izugarrizkoa, gainera. Musika filtro bat da, jasotako musika abestu behar delako, baina barne prozesu baten ondoren. Kontakizun bat, testu bat kontatzen da, baina musikarekin.
Nola ikasten da transmisio hori egiten?
Lan handia eginda. Taldean aritzea da oinarria, entseguetan esaten denari kasu egitea, zuzendariaren eta musikaz dakitenen argibideei jarraitzea. Beste gauza guztiak bezala, prozesu baten ondorioz ikasten da.
Taldean egin beharreko lana da, beraz.
Talde lana da garrantzitsuena, eta hori kostatzen da gehien, oso gizarte erosoan bizi baikara gaur egun.