“Zegama-Aizkorri mendi maratoia teknikoa baino gehiago gogorra da”
Maiatzaren 29an jokatuko dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Aurtengoa antolatzen duten 10. aldia da, eta Alberto Aierbe mendi maratoiko zuzendari teknikoak lasterketaren hasiera eta bilakaera izan ditu hizpide. Baita antolaketa lanak ere. Aurten 10 urte beteko ditu mendi maratoiak. Zerk bultzatuta egin zenuten lehendabizikoa? Zegama herri txikia da. Biztanleak galtzen ari zen garai hartan eta Zegamako Udalak herria bultzatzeko eta ezagutzera emateko zenbait ekimen abian jartzea erabaki zuen. Gure altxorra Aizkorri denez, Aizkorriko Lagunen Eguna antolatzeko erabakia hartu genuen. Erromeri gisako bat izan zen, eta horren bueltan sortu zitzaigun 2002. urtean Zegama- Aizkorri mendi maratoia antolatzeko ideia. Nola atera zen lehen proba hura? Ezer gutxi genekien guk mendi lasterketa bat zer zen. Hori bai, Aizkorri ondo ezagutzen genuen, eta ibilbide zirkular bat prestatzea bururatu zitzaigun, herrian hasi eta herrian amaituko zena. Interresgarria iruditu zitzaigun ibilbide horri maratoiko distantzia ematea, eta behin hori erabakita neurketak egin genituen. Negu osoa pasatu genuen lan hori egiten eta gainerako detaileak lotzen. Eta hori guztia zer aterako zen oso ondo jakin gabe! Iritsi zen azkenean egun seinalatua. Uztaileko lehen igandean egin genuen mendi maratoia, hasiera batean uztailean egiten baikenuen. San Fermin eguna zen eta goizean hotz egiten zuen. Urbian 0 gradu zeuden, baina eguerdirako asko igo [...]
Maiatzaren 29an jokatuko dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Aurtengoa antolatzen duten 10. aldia da, eta Alberto Aierbe mendi maratoiko zuzendari teknikoak lasterketaren hasiera eta bilakaera izan ditu hizpide. Baita antolaketa lanak ere.
Aurten 10 urte beteko ditu mendi maratoiak. Zerk bultzatuta egin zenuten lehendabizikoa?
Zegama herri txikia da. Biztanleak galtzen ari zen garai hartan eta Zegamako Udalak herria bultzatzeko eta ezagutzera emateko zenbait ekimen abian jartzea erabaki zuen. Gure altxorra Aizkorri denez, Aizkorriko Lagunen Eguna antolatzeko erabakia hartu genuen. Erromeri gisako bat izan zen, eta horren bueltan sortu zitzaigun 2002. urtean Zegama- Aizkorri mendi maratoia antolatzeko ideia.
Nola atera zen lehen proba hura?
Ezer gutxi genekien guk mendi lasterketa bat zer zen. Hori bai, Aizkorri ondo ezagutzen genuen, eta ibilbide zirkular bat prestatzea bururatu zitzaigun, herrian hasi eta herrian amaituko zena. Interresgarria iruditu zitzaigun ibilbide horri maratoiko distantzia ematea, eta behin hori erabakita neurketak egin genituen. Negu osoa pasatu genuen lan hori egiten eta gainerako detaileak lotzen. Eta hori guztia zer aterako zen oso ondo jakin gabe! Iritsi zen azkenean egun seinalatua. Uztaileko lehen igandean egin genuen mendi maratoia, hasiera batean uztailean egiten baikenuen. San Fermin eguna zen eta goizean hotz egiten zuen. Urbian 0 gradu zeuden, baina eguerdirako asko igo zen tenperatura. Parte hartzaileak oso gustura joan ziren. Gipuzkoan gaude eta hemen kirolarekiko eta mendiarekiko zaletasun handia dagoenez, ikusle faltarik ez zen izan. Hori guztia kontutan hartuta antolatzaileok ere balorazio oso ona egin genuen.
Eta jarraipena ematea erabaki zenuten.
Halaxe da. Lehen urtean emaitza oso ona izan genuen, eta horrek animatu gintuen jarraitzera.
Zegama-Aizkorri zailtasun handiko proba da.
Teknikoki baditu leku batzuk zailtasun handikoak direnak, baina teknikoa baino gehiago gogorra da nire ustez. Aldapa luzeak eta gogorrak ditu, eta lasterketa bera ere ez da motza. 42 kilometro horrelako ibilbide batean luze egiten dira. Fisikoki izugarri esijitzen du. Bestela esan, maila handiko korrikalariek ia dena korrika egiten dutela. Makina bat proba badaude munduan zehar teknikoagoak direnak. Aipatu helmugaratzea 8 ordutan mugatuta dugula, eta denbora horretan edozeinek egin dezakeela. Hori bai, prestatu egin behar da. Ez da paseo bat edo mendi martxa bat, ez da gutxiagorik ere. Irabazteko eta gozatzeko berriz, dohai bereziak behar dira eta aparte, prestakuntza.
Oso gogorra izan arren, sekulako indarra hartu du probak. Zein dira zure ustez hori gertatzeko arrazoiak?
Bat baino gehiago dira. Batetik, Aizkorriren ezaugarriak aipatu behar dira. Bere edertasuna. Ibilbidea oso polita da, lur mota guztiak ditu: larreak, basoak, pagadiak, harkaitz arteak…Eta entretenigarria ere bada. Nik uste dut jendeari gustatu egiten zaiola. Bestetik, zaleak aipatu behar dira. Lehen esan bezala, Gipuzkoarrok, eta euskaldunok orokorrean, oso kirolzaleak eta mendizaleak gara. Munduko beste lasterketetan ez da horrelako animaziorik izaten. Kanpotik etortzen diren korrikalariak erabat harrituta geratzen dira. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ezaugarrietako bat dira zaleak eta giroa. Horrek eman dio neurri handi batean arrakasta probari. Eta azkenik, antolakuntza aipatu behar da. Dirudienez gauzak dezente txukun egin ditugu. Hori esan izan digute, behintzat.
Guzti horrek korrikalarien kopuruak nabarmen gora egitea eragin du.
Bai, hala da. Lasterketa hori egiten hasi ginenean 300 lagunera mugatu genuen partaidetza. Lehendabiziko urtean 220bat korrikalarik parte hartu zuten. Hurrengo urtean jada mugara iritsi ginen, eta bakarren batek kanpoan geratu behar izan zuen. Hirugarren urterako 350 lagunera igo genuen kirolarien kopurua, baina hala ere jende asko geratu zen kanpoan. Handik aurrera dortsalak irizpide jakin batzuen arabera banatzen eta zozketak egiten hasi ginen. Ikusten genuen izena emandako kirolari guztiek parte hartzea ezinezkoa zela, eta beraz, nolabait mugatu beharra zegoela. Poliki-poliki 400era luzatzen joan ginen eta egun 450ean dago topea. Nik uste dut 500etik ezin gintezkeela pasatu.
Ilusioa egingo dizue hainbeste jendek parte hartu nahi duela jakiteak ezta?
Pozgarria da, zerbait ondo egiten dugunaren seinale baita, baina aldi berean gogorra egiten zaigu hainbeste jende kanpoan uztea.
Zergatik ezin zarete zenbaki horietatik pasatu?
Zegama herri txikia izanik azpiegitura aldetik mugak ditugulako, baina ez da arrazoi bakarra. Kontutan hartu behar da lasterketa parke natural baten barruan egiten dela. Gure altxorra da Aizkorri eta beraz, guk zaindu behar dugu, guri komeni baitzaigu gehien zaintzea. Ingurune hori ondo zaindu ahal izateko ezin dugu lasterketa masifikatu bat antolatu. Segurtasuna ere kontutan hartzeko moduko arrazoia da. Ez da gauza bera 500 korrikalari Aizkorriko haitz arte horietan barrena korrika ibiltzea edota 2.000 ibiltzea. Hori ez litzateke posible izango. Ezingo genuke hainbeste jenderekin gutxieneko segurtasuna bermatu. Eta kalitateari ere eragingo lioke. Lasterketa bat masifikatuz gero, maila galdu egiten du. Nik zuzendari moduan gauza bat dut argi: jendeak horrenbesterainoko gogoa badauka Zegama-Aizkorri mendi maratoia egiteko dituen ezaugarriengatik da. Ez nuke inondik inora beste gauza batean bihurtu nahi.
Zegama-Aizkorri ez litzateke egingo korrikalari horiek guztiak gabe, baina ez da lanean aritzen den jenderik gabe ere ezta? Zenbat jende behar izaten da?
Taldetxo bat arduratzen da urtean zehar lasterketa antolatzeaz, baina aurreko egunetan zein egunean bertan jende asko behar izaten da. 300bat lagunek parte hartzen dute gutxi gora-behera. Horietatik %95 zegamarrak gara eta gainerakoak inguruko herrietakoak, besteak beste, Segurakoak, Zeraingoak eta Legazpikoak. Hori funtsezkoa da. Pertsona horiek gabe ez litzateke mendi maratoirik egingo. Gainera izugarriak dira lanak egiterakoan jartzen duten ilusioa eta ardura. Pozgarria da herritar guztiontzat.
10. aldia izateak bere alde ona ere izango du, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Lanean ibiltzen den jende gehiena hasiera hasieratik dago hor, eta badaki zein pauso eman behar dituen. Egia da urtero izaten dela nobedaderen bat edo beste, baina horiei konponbidea ematea ez da zaila izaten. Zerotik hasteak ematen du benetako lana. Orain %90ean pauso jakinak dira. Nik uste dut hasiera hartan baino lan gehiago egiten dugula, gauza gehiago sartzen joan baikara, baina lan asko automatikoki egiten ditugu.
Nola doaz aurtengo antolaketa lanak?
Oraintxe ari gara azkeneko xehetasunak lotzen. Berrikuntza batzuk ere baditugu, eta egia esan horiek ari zaizkigu buruhauste handienak ematen. Baina tira, pixkanaka aurrera doaz lanak.
Zein izango dira berrikuntza horiek?
Salomon etxea sartu da aurten laguntzaile moduan. Iaz ere eman zigun laguntza, baina aurten salto kualitatibo bat egin du, nahiko handia. Telebistako produktore bat ekarriko du. Beraiek hartuko dituzte irudiak eta beraiek zabalduko dituzte, estatu mailan zein nazioarte mailan. Gainera, elizaren aurrealdean pantaila handi bat jarri behar dugu, beraien laguntzarekin finantzatuta. Eusko Jaurlaritzari esker berriz, hainbat irudi hartuko ditugu, kalean dauden ikusleek lasterketa zuzenean ikusi dezaten. Kamerak 4×4 ibilgailuetan ibiliko dira, eta hainbat puntutan hartuko dituzte irudiak: Otzaurten, Iramendin, Urbian, Sancti Spiritun, Aizkorrin eta beste hainbat lekutan. Zegama-Aizkorri antolatzen dugun 10. aldia denez, omenaldi txiki bat ere egingo diegu aurreko bederatzi probak orduaren barruan bukatu dituzten kirolariei. Hamaika lagun dira: neska bat eta hamar mutil, eta lasterketaren hasieran detailetxo bana emango diegu.
Zein korrikalarik parte hartuko dute?
Talde pseudo-profesional batzuk ditu Salomonek Europan zehar, batez ere Ingalaterran, Frantzian eta Espainian. Hori dela eta, Zegaman izango dira Kilian Jornet, Toffol Castaner, Miguel Heras, Aitor Osa, Euskadiko Selekzioa, Tom Owens eta Luis Alberto Hernando. Andy Simons etortzekoa zen, baina lesionatu egin da. Emakumezkoetan Euskal Selekzioko kideek, Emanuella Briziok, eta Stepahie Jimenezek parte hartuko dute, besteak beste. Mirella Miro etortzekoa zen, baina azken unean baja izan da.
Lehia ziurtatuta dago, orduan?
Bai, borroka izango da. Dena den aipatu Kilian Jornet forma onean etortzen bada, ziur asko arerio handiegirik ez duela izango.
Zegama Aizkorri sekula ikusi ez duen norbaiti zer esango zenioke maiatzaren 29an Zegamara etor dadin?
Mendia gustatzen bazaio hona etortzea kasik derrigorrezkoa dela esango nioke [Irribarrez]. Oso egun polita izaten da Zegaman. Nahi duenak pantaila izango du kalean lasterketa zuzenean jarraitu ahal izateko, eta mendira joan nahi duenak berriz, hor izango du Aizkorri. Izugarrizko giroa sortzen da mendian zein kalean. Hori bai, lasterketa serioa denez, korrikalariei ez enbarazurik egiteko eskatuko nioke. Eta Aizkorri, gure altxorra izanik, ondo zaintzeko. Ekarri dituen zorroak, latak eta botilak motxilan sartu eta goitik behera eramateko. Hori ezinbestekoa da.