Ander Iturriotz (soziologoa): “Gobernuetarako itun itxiek ez dute balioko”
Udal eta foru hauteskundeek utzitako emaitzekin, politika egiteko «beste modu bat» beharko dutela aurreikusi du Ander Iturriotzek, aliantzez gaindi, transbertsalagoak izaten ahalegin beharko dute. Irrati-telebistetako analista politiko lanetik etena egin, eta Ander Iturriotz soziologoak Goierriko Hitzarentzat aztertu ditu herenegungo hauteskunde emaitzak. Hauteskundeok, hitz gutxitan? Errealitatea agertu da. Bilduren indar erakustaldia soziologikoki nola esplikatuko zenuke? Estrukturalki Hego Euskal Herriko soziologia politikoa oso gutxi aldatu da, aspaldiko partez. Ezker abertzalea beti hor egon da, ez da desagertu. Estatuaren indar guztiak eta bertako aliantza politiko gehienak ezker abertzalea desagertzen ahalegindu dira, baina erresistentzia gaitasuna uste zena baino askoz handiagoa izan du. Etorkizunari begira oso igurikizun oparoak sortzen zaizkio. Zein izan da giltzarria? Historia laburrera joanda, azkeneko urte hauetan bazterketa eta ilegalizazio prozesu bortitzak jasota, eta indarkeria politikoari uko egin ostean, Bilduk edo polo soberanistak izugarrizko ahaleginak egin ditu, guztien kontra borrokatu du, eta horrek eman dizkio emaitzak. Inteligentzia handiz jokatzen jakin du, batez ere estrategikoki. Jakin dute denbora neurtzen, behar zen momentuan aurkezten, publikoak tentsionatzen. Azkenean irabazi egin dute; legalizazioa lortu dute, injustiziaren kontra eta berriro ere estatuko aparatu itsuenen kontra. Une honetan botoak ekarri dizkie, edo garai batean galdu zituztenak berreskuratu dituzte. Indar metaketa aldeko faktore izan da, beraz. Bilduk segurtatuta zeuzkan [...]
Udal eta foru hauteskundeek utzitako emaitzekin, politika egiteko «beste modu bat» beharko dutela aurreikusi du Ander Iturriotzek, aliantzez gaindi, transbertsalagoak izaten ahalegin beharko dute. Irrati-telebistetako analista politiko lanetik etena egin, eta Ander Iturriotz soziologoak Goierriko Hitzarentzat aztertu ditu herenegungo hauteskunde emaitzak.
Hauteskundeok, hitz gutxitan?
Errealitatea agertu da.
Bilduren indar erakustaldia soziologikoki nola esplikatuko zenuke?
Estrukturalki Hego Euskal Herriko soziologia politikoa oso gutxi aldatu da, aspaldiko partez. Ezker abertzalea beti hor egon da, ez da desagertu. Estatuaren indar guztiak eta bertako aliantza politiko gehienak ezker abertzalea desagertzen ahalegindu dira, baina erresistentzia gaitasuna uste zena baino askoz handiagoa izan du. Etorkizunari begira oso igurikizun oparoak sortzen zaizkio.
Zein izan da giltzarria?
Historia laburrera joanda, azkeneko urte hauetan bazterketa eta ilegalizazio prozesu bortitzak jasota, eta indarkeria politikoari uko egin ostean, Bilduk edo polo soberanistak izugarrizko ahaleginak egin ditu, guztien kontra borrokatu du, eta horrek eman dizkio emaitzak. Inteligentzia handiz jokatzen jakin du, batez ere estrategikoki. Jakin dute denbora neurtzen, behar zen momentuan aurkezten, publikoak tentsionatzen. Azkenean irabazi egin dute; legalizazioa lortu dute, injustiziaren kontra eta berriro ere estatuko aparatu itsuenen kontra. Une honetan botoak ekarri dizkie, edo garai batean galdu zituztenak berreskuratu dituzte.
Indar metaketa aldeko faktore izan da, beraz.
Bilduk segurtatuta zeuzkan ezker abertzalearen boto guzti-guztiak, baina zalantzak bazeuden zer ekarpen egingo ote zuten EAk eta Alternatibak. Ekarpena izugarria izan da, eta garaipena oso inteligentea. Epe ertaineko apustua dela garbi ikusten da, ez da koiunturala. Ezker abertzaleko askok pragmatismora jo du.
Zein beste ondorio atera daiteke gainontzeko alderdien emaitzekin?
Gipuzkoan EAJk galdu ez du egin, gertatzen dena da Bilduk izugarrizko gorakada egin duela. Boto absolutuetan EAJk Bilduk baino boto gehiago atera ditu. Ikuspegi orokorretik, komunitate autonomoan lehendabiziko bi indarrak, oso-oso gailen gainera, EAJ eta Bildu dira. Hirugarren alderdia, oso-oso urrutira, PSE da. Hau izugarrizko iraulketa soziologikoa da. Hor atzean Patxi Lopez dago, apenas 180.000 botorekin gelditu da; aurrean EAJ eta Bilduren tsunamia dauzka. Nik uste ez zutela espero. Komentarista gehienak atzo [herenegun] txundituta zeuden, eta haserretuta asko. Hori esanguratsua da.
Konstituziozaleen artean bi alderdi nagusiek egin dute behera.
Bloke espainolistan ere gauza oso bitxiak gertatu dira. PSOEk behera egin du, Espainian baino gutxiago, baina emaitza oso txarrak izan ditu. Hori baino esanguratsuagoa da ontzi komunikatzaile horren barruan, boto espainolaren artean, PSOEk galdu dituen boto gehienak abstentziora joan direla, eta ez PPra. Momentu honetan PPk nabarmen irabazi behar zuen, estatuko klabean jokatzen zuelako. Espainiara begiratu besterik ez dago, izugarrizko garaipena lortu du han. Hemen, ez. Baldin eta Hego Euskal Herrian zerbait izan nahi badute, hori ere pentsatu beharko dute. Laugarren indarra da, baina alderdi txiki baten mailara jaitsi da botoz, ikusita hau zela euren abagunea. Nafarroan ere bloke eskuindar espainolak atzera egin du.
Euskal politikagintzako lau erpin ideologikoen banaketa inoiz baino garbiago ikusi da.
Hitzarmenen aukerak gutxitu egin dira alderdi txikiak ia desagertuta.
Politika beste modu batera egiten hasi beharko dira, leku guztietan. Paktu itxiek ez dute balioko, gobernu askoz transbertsalagoak osatzen ahalegindu beharko dira. Transbertsalitatean batzuk ez daude ohituta, batez ere ezker abertzalea jokoz kanpo nahi zutenak. Edo asko ikasten dute denbora laburrean, edo oraindik gorriagoak ikusiko dituzte.
Trabeseko lotura nondik nora joan daiteke, ideologia korrontearen ala abertzaletasunaren arabera?
Irlanda daukagu eredu moduan: Sinn Fein eta DUP daude gobernuan, pentsaezina zen baina sortu da. Hemen ez dut uste halakorik gertatuko denik. Buruan beste sistema bat daukat nik, ez hain itxia: zerrenda bozkatuenak har dezake udala, eta gero puntu guztiak adostu alderdi guztiekin. Aliantzak oso zail daude. Bilduri Donostiako alkatetza eta Diputazioa kentzeko EAJ, PSOE eta PP elkartu beharko lirateke. Haiek ere badakite horrek etorkizunik ez duela; orain atera daiteke, baina hurrengo hauteskundeetan ordainduko luke.