Batzar Nagusietarako bozetan ere Bildu koalizioa izan da nagusi Goierrin
Udal hauteskundeetako botoek erakutsi zuten bide beretik, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetan ere Bildu koalizioa izan da Goierrin babes gehien jaso duena. Eskualdean, 13.440 boto jaso dituzte eta Gipuzkoa mailan, 119.084; denera, 22 batzarkide izango ditu Bilduk, horietatik 5, Oria barrutitik aukeratutakoak.
Igandeko hauteskunde eguna goizaldeko ordu txikietara arte luzatu zen hainbat herritan. Goierrin, Bilduren garaipena ospatzeko elkartu ziren, besteak beste, Ordizian, Legazpin edota Urretxun, Plazan batu eta boto kontaketa egin zuten batzuetan; ospatzeko musika ere jarri zuten. Beasainen etxafuegoak bota zituzten, emaitzak jakin orduko eta baita Lazkaon ere, goizaldera arte luzatu zuten parranda Bilduren jarraitzaileek.
Batzar Nagusietako bozei dagokionean, Bilduren atzetik, EAJ izan da Goierriko bigarren indarra; 9.747 boto jaso ditu eskualdean eta 80.838 Gipuzkoan; horrenbestez, 14 batzarkide dagozkio. PSE-EEk (10 ordezkari) PPk (4) eta Aralarrek (1) osatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako ganbara.
Herrietan bezala, Gipuzkoa mailan ere alderdi txikiak izan dira kaltetu nagusiak. Hamaikabat eta Ezker Batua, esaterako, ordezkaririk gabe gelditu dira Batzar Nagusietan.
Batzarkide goierritarrak
Goierriko 22 herriak, Oria hautes barrutian daude, Tolosaldeko herriekin batera; Oriako eremu horri, 9 batzarkide aukeratzea dagokio. Barruti horretan, Bildu izan da indar nagusia eta 5 batzarkide izango ditu. Horien artean daude Judit Garcia, Iban Asenjo, Oihane Zabaleta eta Patxi Xabier Saez de Egilaz goierritarrak.
EAJ da bigarren indarra eta hiru batzarkide izango ditu Oria barrutitik; tartean, Markel Olano beasaindarra eta Itziar Agirre urretxuarra. PSE-EEren Oria barrutiko batzarkidea, berriz, Julio Astudillo izango da.
Goierritar gehiago ere izango dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina horiek, beste barruti batzuetan aurkeztutakoak izango dira. Hala, Idoia Ormazabal urretxuarra ere batzarkide aukeratu dute, Deba Urola bailaratik. Gurutze Baztarrika ormaiztegiarra, berriz, Bidasoa Oiartzun bailaratik hautatu dute, datorren legealdian batzarkide izateko.
Lotura interesgarriak: • Bilduk irauli egin du Goierriko mapa politikoa eta 11 herritan irabazi du • Bildu indarrez sartu da Goierriko udaletan
Auzoetan ere sumatu da Bilduren eragina
Maiatzaren 22ko udal hauteskundeek Goierriko udaletxeetara aldaketak ekarri dituzte. Batzuetan aldaketa handiak izan dira; besteetan ez hainbeste. Bildu indarrez sartu da auzoetan ere, eta Goierriko herri handi gehienetako auzo gehienetan irabazi du. Ordizian, Urretxun, Legazpin eta Lazkaon, esaterako, auzo guztietan nagusitu da. Hala ere, boto emaleen hainbat joera ez dira aldatzen, herrietako auzoz auzoko emaitzei erreparatzen bazaie. Urretxuri dagokionean, nahiz eta EAJk igoera handia izan duen, Bilduk auzo guztietan irabazi du. Hala ere, ez du gehiengo osorik, eta nahitaezkoa izango du gainontzeko alderdien babesa. Legazpin ere Bildu nagusitu da auzo guztietan, batzuetan alde handiarekin gainera. Aurreko legealdian zegoen indar banaketa baztertuta, bakarrik dantza egiteko aukera izango du Bilduk. Lazkaon, duela lau urte, baliogabetutako EAE-ANVren zerrendek eta EAJrenek banatu zuten auzoetako nagusitasuna. EAJ bi auzotako talde indartsuena izan zen. Oraingoan, aldiz, Bildurena izan da zerrenda bozkatuena auzo guztietan eta talde honek gehiengo osoa lortu du gainera, zazpi zizeilurekin. EAJk, aurreko hauteskundeetan bozkatuena izan zenak, agintetza galdu badu ere, babes gehiago jaso du hautesleen aldetik, 168 bozka gehiago hain zuzen ere. Zumarragan, bestalde, PSE-EEk gainontzeko taldeen bozkak bikoiztu ditu goiko auzoetan. Hirrigunean, berriz, Bildu eta EAJ izan dira bozketan nagusi. Orokorrean, Zumarragako mapa politikoa berritu egin da, eta PSE-EEk orain artean izan duen gehiengo osoa, 11 zinegotzirekin, erabat apurtu da. Beste alderdiren baten laguntza beharko du orain bere proiektuak aurrera ateratzeko. Beasainen, azkenik, Bilduk irabazi du auzo gehienetan. EAJk bitan lortu du nagusitzea. Gainontzeko alderdiei dagokienez, PPk bi ordezkari eskuratu ditu: Beasainen eta Zumarragan bana. Aralarrek ere bi ordezkari izango ditu Goierrin: Beasainen eta Zegaman bana. H1!-ek hiru ordezkari lortu ditu: Urretxun, Beasainen eta Legazpin. Azkenik, Ezker Batua-Berdeak taldeak ez du zinegotzi bat bera ere eskuratu Goierri osoan. Bestalde, datu aipagarrien artean, udaletarako eta batzarretarako bozken arteko desberdintasuna dago. Oso auzo gutxitan egiten du bat udal hauteskundeetan edo batzarretarakoetan alderdi bakoitzak jaso duen botu kopuruak.Bilduren emaitzek markatu dituzte alderdi nagusien balorazioak
Emaitzak aztertu ondoren, balorazioak eskatuta, Bildu koalizioak Goierrin lortu dituen datuek markatu dituzte udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi nagusien erantzunak. Alderdi bakoitzak eskualdeko herrietan izan dituen emaitzak kontuan izanda, zerrendaburu bakoitzak bere herriko balorazioa egin du aurrena; baina, eskualdeko balorazio orokorra ere egin dute. Bilduk, espero gabeko emaitzak lortu ditu, eta politika egiteko modu berria ekarri behar zuen olatua, tsunami bihurtu dela aitortu dute hautagai askok. Hainbat herritan, erabateko aldaketa ekarri du Bilduren gehiengoak, eta hainbat alderdi politika egiteko modua aztertzera bultzatu ditu. Hori da EAJren iritzia, Iñigo Peñagarikako Zumarragako zerrendaburuak zehaztu duenez. Hamaikabaten ustez, koalizioak lortutako emaitzek utzi dituzte alderdi txikiak erakunde eta udaletxe nagusietatik kanpo. «Argazki orokorrak» aldatuta Goierriko herri gehienetan botoen gehiengoa eskuratzeaz gain, Bilduk orain arteko eskualdeko irudi politikoa aldatu duela diote beste hautagai batzuek. Mikel Serrano sozialista zumarragarraren arabera, «ezker abertzalea hauteskudeentan egon izanak» aldatu du herriko «argazki orokorra», eta berdin gertatu da, adibidez, Ordizian, Lazkaon, Beasainen, Zaldibian edo Seguran, aurreko udal hauteskundeetan ez bezala, oraingoan gehiengoa lortu baitute koalizioko zerrendek. Gehiengoak, ordea, askotan ez du esan nahi alkatetza lortzea, eta paktuen eta tratuen txanda da orain. Alderdi batzuk astelehen goizaldean hasi ziren dagoeneko paktuak lortzeko lehen harremanak egiten. Bilera horien emaitzak, ekainaren 11n jakingo dira, alkatetza ofizialak eratzean. Igor Eguren Bildu «Dena edo ezer ez zen, eta Euskal Herrian lortu ditugun datuak izugarriak dira» «Poz izugarria hartu dugu, guretzako dena edo ezer ez zelako. Emaitza onak espero genituen, baina hau izugarria izan da. Eta ez Ordizian eta Goierrin bakarrik, Euskal Herri mailan ditugun datuak dira izugarriak. Ordiziara begira, tristura eman dit hiru alderdik bakarrik lortzea ordezkaritza. Baina gure eskuak zabalik daude politika egiteko modu berriari ekiteko». Iñigo Peñagarikano EAJ «Datozen egunetan, gaizki egindakoa zer izan den baloratzea dagokigu» «Balorazio negatiboa egiten dugu. Zumarragan ziurtzat jotzen genituen lau zinegotzi, eta hiru lortu ditugu. Orain arte fin lan egin dugula uste genuen, baina emaitzek kontrakoa esaten dute, eta datozen egunetan, gaizki egindakoa zer izan den baloratzea dagokigu». Mikel Serrano PSE-EE «Ezker abertzaleak aurkezteko aukera izan du, eta eragina izan du argazki orokorrean» «Lehen balorazioa positiboa da. Hiru zinegotzi gutxiago izan arren, 2003an bezala, zortzi eskuratu ditugulako. Zumarragan, zortzi urte eta gero, ezker abertzaleak aurkezteko aukera izan duela ere nabarmentzekoa da. Horrek, gainera, eragina izan du argazki orokorrean». Josi Insausti Hamaikabat «Bilduren efektua ikaragarria izan da, eta horrek, alderdi txikiak ezabatu ditu» «Bagenekien erronka zaila genuela, alderdi berria garelako eta proiektua azaltzeko denbora gutxi izan dugulako. Bilduren presentziak efektu ikaragarria izan du, eta horrek, alderdi txikiak ezabatu ditu. Hala ere, eskerrak eman behar dizkiegu botoa eman diguten guztiei». Unai Baztarrika Aralar «Ez ditugu emaitza oso positiboak lortu, ez dugulako nahi genuena lortu» «Ez ditugu emaitza oso positiboak lortu, ez dugulako nahi genuena lortu. Beasainen eta Zegaman ordezkaritza lortu dugu, eta bi udaletan lan egiteko prest gaude. Beasainen egotea oso positiboa da gainera. Bilduren tsunamiak harrapatu gaituela ere esan behar dugu, eta autokritika egin behar dugu orain». Begoña Pereira PP «Oraindik goiz da hitz egiteko, mahaiak osatu behar dira, eta gero, gerokoak» «Emaitzak arraroak izan dira nire ustez: alde batek esperotakoak, eta beste batek esperogabekoak. Orain ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Ez zait gustatzen behar baino lehen inorekin ezkontzea, eta ikusiko da zer gertatzen den. Oraindik goiz da hitz egiteko, mahaiak osatu behar dira, eta gero, gerokoak». Mikel Arana Ezker Batua «Azken urteko hausturak min handia egin digu, eta ezinbestekoa da hausnarketa» «Emaitza oso txarrak lortu ditugu eta ziklo baten amaiera iritsi da. Azken urtean alderdian izandako hausturak min handia egin digu, eta ezinbestekoa da hausnarketa egitea». Zuzendaritzan aldaketak egingo dituztela ere iragarri du Aranak, eta atzo bertan ziren elkartzekoak Ezker Batuko kideak.Ander Iturriotz • Soziologoa: «Gobernuetarako itun itxiek ez dute balioko»
Irrati-telebistetako analista politiko lanetik etena egin, eta Ander Iturriotz soziologoak Goierriko Hitzarentzat aztertu ditu herenegungo hauteskunde emaitzak. Hauteskundeok, hitz gutxitan? Errealitatea agertu da. Bilduren indar erakustaldia soziologikoki nola esplikatuko zenuke? Estrukturalki Hego Euskal Herriko soziologia politikoa oso gutxi aldatu da, aspaldiko partez. Ezker abertzalea beti hor egon da, ez da desagertu. Estatuaren indar guztiak eta bertako aliantza politiko gehienak ezker abertzalea desagertzen ahalegindu dira, baina erresistentzia gaitasuna uste zena baino askoz handiagoa izan du. Etorkizunari begira oso igurikizun oparoak sortzen zaizkio. Zein izan da giltzarria? Historia laburrera joanda, azkeneko urte hauetan bazterketa eta ilegalizazio prozesu bortitzak jasota, eta indarkeria politikoari uko egin ostean, Bilduk edo polo soberanistak izugarrizko ahaleginak egin ditu, guztien kontra borrokatu du, eta horrek eman dizkio emaitzak. Inteligentzia handiz jokatzen jakin du, batez ere estrategikoki. Jakin dute denbora neurtzen, behar zen momentuan aurkezten, publikoak tentsionatzen. Azkenean irabazi egin dute; legalizazioa lortu dute, injustiziaren kontra eta berriro ere estatuko aparatu itsuenen kontra. Une honetan botoak ekarri dizkie, edo garai batean galdu zituztenak berreskuratu dituzte. Indar metaketa aldeko faktore izan da, beraz. Bilduk segurtatuta zeuzkan ezker abertzalearen boto guzti-guztiak, baina zalantzak bazeuden zer ekarpen egingo ote zuten EAk eta Alternatibak. Ekarpena izugarria izan da, eta garaipena oso inteligentea. Epe ertaineko apustua dela garbi ikusten da, ez da koiunturala. Ezker abertzaleko askok pragmatismora jo du. Zein beste ondorio atera daiteke gainontzeko alderdien emaitzekin? Gipuzkoan EAJk galdu ez du egin, gertatzen dena da Bilduk izugarrizko gorakada egin duela. Boto absolutuetan EAJk Bilduk baino boto gehiago atera ditu. Ikuspegi orokorretik, komunitate autonomoan lehendabiziko bi indarrak, oso-oso gailen gainera, EAJ eta Bildu dira. Hirugarren alderdia, oso-oso urrutira, PSE da. Hau izugarrizko iraulketa soziologikoa da. Hor atzean Patxi Lopez dago, apenas 180.000 botorekin gelditu da; aurrean EAJ eta Bilduren tsunamia dauzka. Nik uste ez zutela espero. Komentarista gehienak atzo [herenegun] txundituta zeuden, eta haserretuta asko. Hori esanguratsua da. Konstituziozaleen artean bi alderdi nagusiek egin dute behera. Bloke espainolistan ere gauza oso bitxiak gertatu dira. PSOEk behera egin du, Espainian baino gutxiago, baina emaitza oso txarrak izan ditu. Hori baino esanguratsuagoa da ontzi komunikatzaile horren barruan, boto espainolaren artean, PSOEk galdu dituen boto gehienak abstentziora joan direla, eta ez PPra. Momentu honetan PPk nabarmen irabazi behar zuen, estatuko klabean jokatzen zuelako. Espainiara begiratu besterik ez dago, izugarrizko garaipena lortu du han. Hemen, ez. Baldin eta Hego Euskal Herrian zerbait izan nahi badute, hori ere pentsatu beharko dute. Laugarren indarra da, baina alderdi txiki baten mailara jaitsi da botoz, ikusita hau zela euren abagunea. Nafarroan ere bloke eskuindar espainolak atzera egin du. Euskal politikagintzako lau erpin ideologikoen banaketa inoiz baino garbiago ikusi da. Hitzarmenen aukerak gutxitu egin dira alderdi txikiak ia desagertuta. Politika beste modu batera egiten hasi beharko dira, leku guztietan. Paktu itxiek ez dute balioko, gobernu askoz transbertsalagoak osatzen ahalegindu beharko dira. Transbertsalitatean batzuk ez daude ohituta, batez ere ezker abertzalea jokoz kanpo nahi zutenak. Edo asko ikasten dute denbora laburrean, edo oraindik gorriagoak ikusiko dituzte. Trabeseko lotura nondik nora joan daiteke, ideologia korrontearen ala abertzaletasunaren arabera? Irlanda daukagu eredu moduan: Sinn Fein eta DUP daude gobernuan, pentsaezina zen baina sortu da. Hemen ez dut uste halakorik gertatuko denik. Buruan beste sistema bat daukat nik, ez hain itxia: zerrenda bozkatuenak har dezake udala, eta gero puntu guztiak adostu alderdi guztiekin. Aliantzak oso zail daude. Bilduri Donostiako alkatetza eta Diputazioa kentzeko EAJ, PSOE eta PP elkartu beharko lirateke. Haiek ere badakite horrek etorkizunik ez duela; orain atera daiteke, baina hurrengo hauteskundeetan ordainduko luke.Lotura interesgarriak: • Bilduk irauli egin du Goierriko mapa politikoa eta 11 herritan irabazi du • Bildu indarrez sartu da Goierriko udaletan