Udalean ordezkaritza duten alderdiekin harremanetan jartzen hasi dira Bildukoak
Beasaingo Bilduko ordezkariek, agerraldia egin dute gaur, herritarrek beraiengan izan duten konfidantza eskertzeko. Bertan adierazi dute dagoeneko hasi direla Beasaingo Udalean ordezkaritza duten beste alderdiekin harremanetan jartzen, maiatzaren 22ko hauteskundeetan botoen gehiengoa lortu arren, gobernua osatzeko aukera ezberdinak aztertzen ari baitira. “Alderdi guztien parte hartzea” lortzen saiatuko direla gaineratu dute, “beti horren aldekoak izan garelako eta gure bokazioari eutsi nahi diogulako lehen unetik”, zehaztu du Koldo Agirrek, Beasaingo Biduko zerrendaburuak. Ospakizunak atzean utzita, “pozez, ilusioz eta arduraz” lanean dihardutela ere gaineratu du Agirrek. Eskerrak beasaindarrei Udaletxe aurrean egin duten agerraldian, herritarrek koalizioa osatzen dutenengan jarri duten konfidantza eskertu nahi izan dute ezer baino lehen: “Poza eta ardura izan ziren emaitzak jakin orduko izan genituen sentimenduak, eta hala adierazi nahi dugu herritarren aurrean, apaltasunez, baina gogo biziz, arduraz baina guztion parte hartzearekin asmatuko dugunaren konfidantzarekin”. Bilduk udal hauteskundeetan jasotako boto kopuruak (%31,4) “herrian independentzia zaleon hautua berretsi” dela ere esan dute, eta “Euskal Herrian irekitzen ari den aro berriari auspoa eman dion ilusio olatua” beraiengana ere iritsi dela azpimarratu dute. Hauteskundeetako emaitzek, “argazki anitza” sortu dutela irizten dute koalizioko kideek, “baina baita argia ere”. Horregatik, Beasainen politika egiteko moduetan “aldaketak sortzeko unea” iritsi dela esan dute agerraldian: “Hamarkadetan egin direnak ordezkatzeko [...]
Beasaingo Bilduko ordezkariek, agerraldia egin dute gaur, herritarrek beraiengan izan duten konfidantza eskertzeko. Bertan adierazi dute dagoeneko hasi direla Beasaingo Udalean ordezkaritza duten beste alderdiekin harremanetan jartzen, maiatzaren 22ko hauteskundeetan botoen gehiengoa lortu arren, gobernua osatzeko aukera ezberdinak aztertzen ari baitira.
“Alderdi guztien parte hartzea” lortzen saiatuko direla gaineratu dute, “beti horren aldekoak izan garelako eta gure bokazioari eutsi nahi diogulako lehen unetik”, zehaztu du Koldo Agirrek, Beasaingo Biduko zerrendaburuak. Ospakizunak atzean utzita, “pozez, ilusioz eta arduraz” lanean dihardutela ere gaineratu du Agirrek.
Eskerrak beasaindarrei
Udaletxe aurrean egin duten agerraldian, herritarrek koalizioa osatzen dutenengan jarri duten konfidantza eskertu nahi izan dute ezer baino lehen: “Poza eta ardura izan ziren emaitzak jakin orduko izan genituen sentimenduak, eta hala adierazi nahi dugu herritarren aurrean, apaltasunez, baina gogo biziz, arduraz baina guztion parte hartzearekin asmatuko dugunaren konfidantzarekin”.
Bilduk udal hauteskundeetan jasotako boto kopuruak (%31,4) “herrian independentzia zaleon hautua berretsi” dela ere esan dute, eta “Euskal Herrian irekitzen ari den aro berriari auspoa eman dion ilusio olatua” beraiengana ere iritsi dela azpimarratu dute.
Hauteskundeetako emaitzek, “argazki anitza” sortu dutela irizten dute koalizioko kideek, “baina baita argia ere”. Horregatik, Beasainen politika egiteko moduetan “aldaketak sortzeko unea” iritsi dela esan dute agerraldian: “Hamarkadetan egin direnak ordezkatzeko unea dela erabaki duzue beasaindarrok, eta horretan saiatuko garela adierazi nahi dugu”.
“Txalotzeko” saiakera
Beasaingo Bilduko ordezkariek ez dute agerraldia amaitu nahi izan “ilusio handi hau pizten lan egin duzuen guztion saiakera txalotu gabe”. Bildu legezko izan zedin bilkuretan parte hartu zuten guztiak gogoan dituztela esan du Agirrek: “Bilboko gau gogoangarri hartan bertan izan zinetenak, botoa eman duzuenak, bertan egoteko aukerarik ez baina olatu handi honen parte zareten errepresaliatuetaz ere gogoratzen gara”.
Koalizioak “Euskal Herria eszenatoki berri batera eramateko konpromisoa” berretsi du, “prozesu demokratikoa aurrera eramanez eta gatazka, mehatxu eta presorik gabeko gizartea lehen baino lehen eraikiz”.