Herritarrei esker dago zutik ikurra
Ormaiztegik altxor bat baino gehiago ditu, baina horietako bat zalantzarik gabe herriaren gainetik igarotzen den zubi zaharra da. Zubia 1863an hasi ziren eraikitzen. Bere egilea Gustave Eiffel Pariseko Eiffel dorrea eraiki zuen ingeniaria izan zela zabaldu zen, baina datu hori ez da zuzena, Ormaiztegiko zubia Alexander Lavalley ingeniariaren lana baita. Lavalleyk Olazti eta Beasain arteko lanak zuzendu zituen, M. M. Ernest Gouin et Cie enpresaren obra taldeko buru moduan. Piamonteko langileak Frantziar ingeniarien zuzendaritzapean milaka euskaldunek parte hartu zuten trenbidearen eraikuntzan. Frantziatik ekarri zituzten materiala eta makineria. Ormaiztegiko zati horretan, ordea, Alpeetan tunelak eraikitzen espezializatutako Piamonteko (Italia) 600 langilek lan egin zuten. Madril-Paris bideko obrarik garrantzitsuena zen biaduktoa. 289 metroko luzera du, eta 34 metroko altuera. 18.000 tona ditu, lau zutabeetan sustengatuta. Adituen arabera, Alexander Lavalley ingeniariak zubi zabala, erosoa, arina eta oso segurua eraiki zuen. Burnia maisuki erabili zuela diote. Burdina garai hartan material berria zen eraikuntzan, baina iraultzailea bihurtu zen, aukera ugari ematen baitzuen. Zubia 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten, bertatik tren bat igarota. Tren hartan Isabel II.na erregina zihoan, Madriletik Donostiara. 1995eko uztailaren 1ean, ia mende eta erdian etengabe erabili eta gero, zubia erabiltzeari utzi egin behar izan zioten, berau eraiki zutenean ez baitzuten uste burdinbideko zirkulazioa [...]
Ormaiztegik altxor bat baino gehiago ditu, baina horietako bat zalantzarik gabe herriaren gainetik igarotzen den zubi zaharra da.
Zubia 1863an hasi ziren eraikitzen. Bere egilea Gustave Eiffel Pariseko Eiffel dorrea eraiki zuen ingeniaria izan zela zabaldu zen, baina datu hori ez da zuzena, Ormaiztegiko zubia Alexander Lavalley ingeniariaren lana baita. Lavalleyk Olazti eta Beasain arteko lanak zuzendu zituen, M. M. Ernest Gouin et Cie enpresaren obra taldeko buru moduan.
Piamonteko langileak
Frantziar ingeniarien zuzendaritzapean milaka euskaldunek parte hartu zuten trenbidearen eraikuntzan. Frantziatik ekarri zituzten materiala eta makineria. Ormaiztegiko zati horretan, ordea, Alpeetan tunelak eraikitzen espezializatutako Piamonteko (Italia) 600 langilek lan egin zuten. Madril-Paris bideko obrarik garrantzitsuena zen biaduktoa. 289 metroko luzera du, eta 34 metroko altuera. 18.000 tona ditu, lau zutabeetan sustengatuta. Adituen arabera, Alexander Lavalley ingeniariak zubi zabala, erosoa, arina eta oso segurua eraiki zuen. Burnia maisuki erabili zuela diote. Burdina garai hartan material berria zen eraikuntzan, baina iraultzailea bihurtu zen, aukera ugari ematen baitzuen.
Zubia 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten, bertatik tren bat igarota. Tren hartan Isabel II.na erregina zihoan, Madriletik Donostiara. 1995eko uztailaren 1ean, ia mende eta erdian etengabe erabili eta gero, zubia erabiltzeari utzi egin behar izan zioten, berau eraiki zutenean ez baitzuten uste burdinbideko zirkulazioa horrenbeste haziko zenik. Abiadura handitzeak eta garraiatu beharreko karga kopurua hazteak ere eragin zuten erabakian. Trenbideko zirkulazioari irteera bat eman ahal izateko, hormigoizko beste zubi handi bat egin zuten zaharraren ondoan, eta egun hark ematen du zerbitzua.
Zutik herritarrengatik
Zubi zaharra ere zutik dago oraindik, herritarrei esker. 1991ko maiatzaren 26an udal hauteskundeak izan ziren, baina ormaiztegiarrek udal ordezkariak aukeratzeaz gain, zubiari buruzko iritzia emateko aukera ere izan zuten, Ormaiztegiko Udalak herri galdeketa deitu baitzuen gai horrekin lotuta. 20 urte igaro dira beraz, ordutik. Udalean, EAJko hiru zinegotzi etaEuskadiko Ezkerrako, EAko eta HBko bina zinegotzi zeuden. Hauxe zen herritarrek erantzun behar izan zuten galdera: «Egungo zubia zutik mantendu behar al da, berria eraiki arren?». 941 herritar zeuden botoa ematera deituta. Horietatik 636k parte hartu zuten herri galdeketan: 376 ormaiztegiarrek baiezkoa erantzun zuten, 214ek ezekoa eta 46 lagunek berriz, boto zuria eman zuten.
Erreferendumean herritarren gehiengoak emandako baiezkoari esker dago zutik, burdinezko zubia, Gipuzkoako iraultza industrialaren sinboloa. Zaharberritu gabe dago, ordea, bertan behera utzita balego bezala. Halaxe dio, burdinaren bidearen goiko aldean, Ormaiztegiko balnearioaren gainetik trena igarotzen zen lekuan jarrita dagoen kartelak: «Debekatuta dago bertatik igarotzea. Renfek ez ditu bere gain hartuko enpresatik kanpoko pertsonek izan ditzaketen istripuak edota kalteak». Behin Sustapen Ministerioak eman zuen laguntza, berau zaharberritzeko, eta Renfek zubiaren titulartasuna ematea ere proposatu zuen. Dena den, oraindik orain ez Eusko Jaurlaritzak eta ezta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, ez dute beraien gain hartu zubia iraunarazteko ardurarik. Ormaiztegiko Udalak, ordea, ikusten du zubiaren inguruan hausnarketa sakona egin eta berau zaharberritu beharra «zubi handia baita ormaiztegiarren ikurra». Dena den, badakite Ormaiztegi bezalako herri txiki batek ezin diola aurre egin zubia zaharberritzeak dakartzan gastuei. Beraien nahia proiektu bat egin eta berau finantzatuko duena aurkitzea da.
Hona data esanguratsuak:
-1863. Ormaiztegiko zubia eraikitzen hasi ziren urtea.
-1864-08-15. Ormaiztegiko trenbidearen zubia inauguratu zuten.
-1937-02-01. Gerra zela eta, hainbat hilabeteren ondoren berriz ere martxan zen Ormaiztegiko trenbideko zubia.
-1991-05-26. Ormaiztegiarrek zubia mantentzea erabaki zuten, herri galdeketan gehienek baiezkoa bozkatu baitzuten.
-1995-07-01. Ormaiztegiko zubi zaharra zerbitzutik kanpo utzi eta berria eraiki zuten.













