G Puntuaren bila 15 bertsolari goierritar eta bigarren itzulian lau saio Goierrin
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen fasea asteburu honetan eta hurrengoan borobilduko da. Lan erdiak eginda dituzte 60 partaideek. Orain bigarren itzuliko hamar saio geratzen dira sailkatze fasea ixteko, bost herritan bina saio. Tartean Gabirian eta Zumarragan izango da G Puntua, herrialdeko txapelketak ikur hartu duen mugimendua. Gabirian igande honetan, maiatzak 29, jokatuko dira bi saio seina bertsolarirekin, bat goizean eta bestea arratsaldean, eliza alboko aretoan. Goizeko saioaren ordutegia ordu erdi atzeratu dute –normalean 11:30ean hasten da– eta 12:00etan puntuan hasiko dira, horrenbestez, kantuan. Arratsaldekoa hasteko orduak ez du aldaketarik, 17:30ean da. Eguerdian Osinalde elkartean izango da antolakuntzak prestatzen duen bazkaria. Txartelak aurrez erosi behar dira Interneteko gpuntua.com webgunearen bidez. Bertsozale Elkarteko bazkideek 12 euro eta gainontzekoek 15 euro ordaindu behar dute. Asteburu honetan denera zortzi saio jokatuko dira: zapatuan Amezketan eta Usurbilen bina, eta igandean Aretxabaletan eta Gabirian. Ondoren, Zumarragako azken jardunaldia besterik ez da geldituko, lehen fasetik final zortzirenetara zein 32 bertsolari sailkatzen diren erabakitzeko. Denera 18 bertsolari goierritar 2011ko Gipuzkoako Txapelketak berrikuntza handiena aurreneko fasea jokatzearena du. Bertso eskolei, hango lanari eta han ikasi duten edo dabiltzan bertsolariei aukera zabalagoa emateko ireki dute lehiaketa, denboran nahiz espazioan. Guztira 76 bertsolarik parte hartuko dute; 60 aurreneko fasean ari dira, beste [...]
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen fasea asteburu honetan eta hurrengoan borobilduko da. Lan erdiak eginda dituzte 60 partaideek. Orain bigarren itzuliko hamar saio geratzen dira sailkatze fasea ixteko, bost herritan bina saio. Tartean Gabirian eta Zumarragan izango da G Puntua, herrialdeko txapelketak ikur hartu duen mugimendua.
Gabirian igande honetan, maiatzak 29, jokatuko dira bi saio seina bertsolarirekin, bat goizean eta bestea arratsaldean, eliza alboko aretoan. Goizeko saioaren ordutegia ordu erdi atzeratu dute –normalean 11:30ean hasten da– eta 12:00etan puntuan hasiko dira, horrenbestez, kantuan. Arratsaldekoa hasteko orduak ez du aldaketarik, 17:30ean da.
Eguerdian Osinalde elkartean izango da antolakuntzak prestatzen duen bazkaria. Txartelak aurrez erosi behar dira Interneteko gpuntua.com webgunearen bidez. Bertsozale Elkarteko bazkideek 12 euro eta gainontzekoek 15 euro ordaindu behar dute.
Asteburu honetan denera zortzi saio jokatuko dira: zapatuan Amezketan eta Usurbilen bina, eta igandean Aretxabaletan eta Gabirian. Ondoren, Zumarragako azken jardunaldia besterik ez da geldituko, lehen fasetik final zortzirenetara zein 32 bertsolari sailkatzen diren erabakitzeko.
Denera 18 bertsolari goierritar
2011ko Gipuzkoako Txapelketak berrikuntza handiena aurreneko fasea jokatzearena du. Bertso eskolei, hango lanari eta han ikasi duten edo dabiltzan bertsolariei aukera zabalagoa emateko ireki dute lehiaketa, denboran nahiz espazioan. Guztira 76 bertsolarik parte hartuko dute; 60 aurreneko fasean ari dira, beste 10 final zortzirenetan hasiko dira irail-urrian (Joxe Munduate ataundarra, adibidez), eta duela lau urte finalista izandako sei gehiago final-laurdenetan erantsiko zaizkio txapelketari, tartean Iker Zubeldia zegamarra eta Aitor Sarriegi beasaindarra.
Goierrikoak hemezortzi bertsolari dira. Horiez gain gai jartzaileen taldean eskualdeko bost lagun ari dira: Itziar Etxezarreta, Asier Iriondo, Saroi Jauregi, Inazio Usarralde eta Irati Arrieta; epaile Martin Aramendi eta Iban Sukia ataundarrak ere bai.
Debutariak gehien-gehienak
Lehen fasean bertsolari bakoitzak bi saiotan kantatuko du, bat goizez eta bestea arratsaldez. Egin beharreko ariketak desberdinak dira batean ala bestean: goizean 13 bertso puntuagarri dira, arratsaldekoan 8 bertso eta sei kopla (11 bertsoren pare).
Aurreneko itzulia osatuta, goierritarren artean Amaia Iturriotz urretxuarrak du puntuazio altuena, 344; ondoren Asier Sasieta itsasoarra 329rekin eta Gorka Maiz gabiriarra 316rekin daude, hirurak ere debutariak. Jakina, goizetan kantatuak dira horiek. Momentuz sailkapen buru Agin Rezola dago (367 puntu).
Goierriko bertsolarien puntuak eta saioak
Bertsolaria / Goiza / Arratsa / Hurrengo saioa
Julen Agirre (Beasain). 311,5 / – / Zumarraga, arrats.
Julen Agirreburualde (Legazpi). 246 / – / Zumarraga, arrats.
Iñaki Apalategi (Beasain) / – / 279 / Amezketa, goizez
Gorka Azkarate (Zumarraga) / – / 286 / Zumarraga, goizez
Joseba Barandiaran (Legazpi) / – / 258 / Gabiria, goizez
Nerea Elustondo (Legazpi) / – / 266,5 / Aretxabaleta, goizez
Antton Fernandez (Zumarraga) / – / 260 / Amezketa, goizez
Endika Igartzabal (Gabiria) 298,8 / – / Zumarraga, arrats.
Amaia Iturriotz (Urretxu) 344 / – / Usurbil, arrats.
Odei Lopez (Legorreta) / – / 236 / Aretxabaleta, goizez
Gorka Maiz (Gabiria) 316 / – / Aretxabaleta, arrats.
Manex Mantxola (Urretxu) / – / 243 / Zumarraga, goizez
Ainhoa Mujika (Beasain) / – / 265 / Gabiria, goizez
Asier Sasieta (Ezkio-Itsaso) 329 / – / Usurbil, arrats.
Iban Urdangarin (Ataun) / – / 262 / Usurbil, goizez
*Joxe Munduate (Ataun) final zortzirenetan, irailean; eta Aitor Sarriegi (Beasain) eta Iker Zubeldia (Zegama) final-laurdenetan, urrian, sartuko dira lehiaketan.
Saioak Goierrin
Gabiria
Noiz. Igandea, maiatzak 29.
Saioak. Lehen faseko bi.
Lekua. Antzokia.
Goizean (12:00). Joseba Barandiaran, Ainhoa Mujika, Nekane Zinkunegi, Manex Mujika, Aitor Urbieta, Haritz Casabal.
Arratsaldean (17:30). Arnaitz Lasarte, Imanol Lizarazu, Iosu Igartua, Maialen Velarde, Manu Goiogana, Ander Lizarralde.
Zumarraga
Noiz. Igandea, ekainak 5.
Saioak. Lehen faseko azken bi
Lekua. Zelai Arizti aretoa.
Goizean (11:30). Gorka Azkarate, Manex Mantxola, Mikel Artola, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Oier Aizpurua.
Arratsaldean (17:30). Julen Agirre, Julen Agirreburualde, Endika Igartzabal, Josu Oiartzabal, Oier Arantzabal, Adur Gorostidi.
Lazkao
Noiz. Irailaren 25a, igandea.
Saioa. Final zortzirenetako 4.a
Idiazabal
Noiz. Urriaren 30a, igandea.
Saioa. Final-laurdenetako 4.a
Gipuzkoako eskolarteko txapelketaren 4. eta azken kanporaketa bihar, Lazkaon
Bertsolari helduagoak bezala, eskola garaian dauden haurrak ere Gipuzkoako Eskolarteko 31. Txapelketan murgilduta dabiltz. Finala Azpeitian izango da hurrengo ostiralean, ekainaren 3an, Kilometroak jaia egingo den herriari dagokion legez. Aurretik, ordea, eskualdeka lau kanporaketa dituzte, eta horietan azkena Lazkaon jokatuko da, bihar.
Lehenik bertsopaperak egingo dituzte hartarako izena emana dutenek. 15:00etatik aurrera San Benito ikastolaren geletan idatziko dituzte. Ondoren, 16:00etatik 18:00etara, bat-bateko saioa Areria antzokian da. Txikietan eta helduetan bereizita kantatuko dute bertsolari gazteek, 14 urte artekoetan eta 18ra bitartekoak. Bertako ikasleez gain, Goierri osotik beste 120 bat neska-mutiko joango dira Lazkaora. Orain arte saioak Oiartzunen (maiatzak 6), Zarautzen (13an) eta Oñatin (20an) jokatu dira. Bihar, Lazkaoko puntuazioen arabera izenatuko dituzte finalistak Azpeitirako.