Azken bi saioen faltan, zazpi goierritar daude G Puntuan sailkatze postuetan
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen fasean partaide diren 15 bertsolari goierritarren hirutik bik bukatu dituzte lanak, oraingoz. Asteburuan izan diren zortzi saioek sailkapen orokorrerako eta, ondorioz, final zortzirenetara igaroko diren 32 bertsolarien izendapenerako aurrerabide handia egin dute. Zumarragan igandean, ekainak 5, izango diren azkeneko bi saioen faltan, momentuan 569 puntuan dago mugarria, eta hori gainditu beharko dute, gutxienez, bigarren aldia falta zaien hamabiek. Antton Fernandez zumarragarra dago langan, oraingoz barrualdetik. Txartela eskuratuko duten postuetan zazpi goierritar daude. Lau dagoeneko matematikoki pasatu dira galbahetik: Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Amaia Iturriotz debutaria eta Iban Urdangarin. Gorka Maizek ere eskuerara dauka, korapilotsuago Asier Sasietak; Zumarragako puntuei itxaron behar, hala ere. Larunbatean Usurbilen eta Amezketan izan ziren lehiak. Apalategi beasaindarra izan zen nagusi Amezketako goizeko saioan, 332 punturekin. Antton Fernandez bosgarren izan zen, puntu sorta itxurosoa batuta (309). Usurbilen Urdangarin ataundarrak ere bikain osatu zuen langintza. Unai Gaztelumendi irabazlearen ondoren geratu zen, sei puntura soilik (332). Arratsaldeko saioak Jokin Uranga azpeitiarra izan zuen nabarmenenetakoa; gailendu egin zen, eta 301 punturekin arratsaldeko saioetako puntuazio onena lortu du. Harekin ziren Iturriotz urretxuarra (256 puntu, bosgarren) eta Sasieta itsasoarra (250, seigarren). Saio berean kantatu eta bigarren egin zuen Agin Rezola da beste izen berezia. Bigarren saioaren aurretik sailkapen [...]
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen fasean partaide diren 15 bertsolari goierritarren hirutik bik bukatu dituzte lanak, oraingoz. Asteburuan izan diren zortzi saioek sailkapen orokorrerako eta, ondorioz, final zortzirenetara igaroko diren 32 bertsolarien izendapenerako aurrerabide handia egin dute. Zumarragan igandean, ekainak 5, izango diren azkeneko bi saioen faltan, momentuan 569 puntuan dago mugarria, eta hori gainditu beharko dute, gutxienez, bigarren aldia falta zaien hamabiek. Antton Fernandez zumarragarra dago langan, oraingoz barrualdetik.
Txartela eskuratuko duten postuetan zazpi goierritar daude. Lau dagoeneko matematikoki pasatu dira galbahetik: Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Amaia Iturriotz debutaria eta Iban Urdangarin. Gorka Maizek ere eskuerara dauka, korapilotsuago Asier Sasietak; Zumarragako puntuei itxaron behar, hala ere.
Larunbatean Usurbilen eta Amezketan izan ziren lehiak. Apalategi beasaindarra izan zen nagusi Amezketako goizeko saioan, 332 punturekin. Antton Fernandez bosgarren izan zen, puntu sorta itxurosoa batuta (309).
Usurbilen Urdangarin ataundarrak ere bikain osatu zuen langintza. Unai Gaztelumendi irabazlearen ondoren geratu zen, sei puntura soilik (332). Arratsaldeko saioak Jokin Uranga azpeitiarra izan zuen nabarmenenetakoa; gailendu egin zen, eta 301 punturekin arratsaldeko saioetako puntuazio onena lortu du. Harekin ziren Iturriotz urretxuarra (256 puntu, bosgarren) eta Sasieta itsasoarra (250, seigarren).
Saio berean kantatu eta bigarren egin zuen Agin Rezola da beste izen berezia. Bigarren saioaren aurretik sailkapen buru bazen, hutsik egin ez eta lidertza finkatu du, 656 punturekin. Zumarragako bi saioetan puntuazio oso alturik ezean, astigarragarrak bukatuko du lehen fasea zerrendaren goiko puntan.
Igandean Joseba Barandiaran legazpiarrak eta Ainhoa Mujika beasaindarrak, Gabirian, ezin izan zuten 32ko tropelean sartzeko lain puntu batu. Bai hala Nerea Elustondo legazpiarrak, Aretxabaletan jai goizean. Puntuazio oso altuak lortu zituzten sei bertsolariek. Elustondo, 337 bilduta ere, hirugarren geratu zen, Nahikari Gabilondoren eta Felix Zubiaren atzetik. Odei Lopez legorretarrak seigarren egin zuen, baina 305 punturaino iritsita.
Bigarren zatian goierritar bakarra zen: Gorka Maiz. Saio parekatua izan zen hura ere. Maizek 271,5 puntu batu ditu, (4.) eta aukera handia du aurrera egiteko.
Sailkapena
Lehen 32 postuetan dauden goierritarrak, momentuz *
9. Iñaki Apalategi (Beasain) 611
13. Nerea Elustondo (Legazpi) 603,5
15. Amaia Iturriotz (Urretxu) 600
19. Iban Urdangarin (Ataun) 594
24. Gorka Maiz (Gabiria) 587,5
28. Asier Sasieta (Ezkio-Itsaso) 579
32. Antton Fernandez (Zumarr.) 569
*Behin-behineko sailkapen orokorra, Zumarragako azken bi saioen faltan
ZUMARRAGAKO SAIOKOAK (ekainaren 5ean, igandea)
Goizean
Gorka Azkarate (Zumarraga) 286
Manex Mantxola (Urretxu) 243
Asier Azpiroz 280,5
Oier Aizpurua 280
Ane Labaka 272,5
Mikel Artola 261,5
Arratsaldean
Julen Agirre (Beasain) 311,5
Endika Igartzabal (Gabiria) 298,5
Julen Agirreburualde (Legazpi) 246
Adur Gorostidi 315,5
Josu Oiartzabal 297,5
Oier Arantzabal 268
Casabal eta Lizarralde garaile Gabiriako saioetan
Bertso giro handia izan zen, beste behin, igandean Gabirian. Aurreneko aldiz Gipuzkoako txapelketako oholtzetako bat herrian zen, eta estreinaldirako ez saio bat, bi egin ziren eliza ondoko antzokian, saloian. Okasiorako behar bezala hornituta –lehiaketako kartel eta eszenografia ofizialarekin–, egun osoko bertsoaldi bihurtu zen askorentzat jaia. Eguerdiko saiora 70 bat entzule joan ziren, arratsaldekora ehun pasa. Antolakuntzak prestatutako bazkaria Osinalde elkartean egin zuten 50 bat jatunek.
Gabiriako bertso eskola duela urte apur batzuk martxan jarri eta fruitu zaporetsua eman du; ez saioak bertan antolatu direlako bakarrik, gehiago taldeko bi kide partaide direlako. Igandean kantatu zuen bigarren aldiz Gorka Maizek, Aretxabaletan, Osinalde elkartean bazkariak zerbitzatzen jardun eta gero. Endika Igartzabal datorren jaian ariko da Zumarragan, arratsaldean.
Goierrira lehen bisita, gainera, igandean zuen G Puntuak. Gabirian bi saio jokatuta, txapelketa eskualdeko beste hiru herritan izango da: igandean Zumarragan, irailean Lazkaon eta urrian Idiazabalen.
Casabal, puntu askorekin
Gabiriako goizeko saioan Haritz Casabal pasaitarra nagusitu zen, puntu asko jasota: 340,5. Orain arte goizean kantatu duten 50 bertsolarien artetik bosgarren altuena da, Rezola sailkapen buruak (367), Nahikari Gabilondo bigarrenak (349,5), Amaia Iturriotz urretxuar debutariak (344) eta Alaia Martin laugarrenak (341,5) bakarrik gainditua.
Alde handiarekin geratu zen bigarren Manex Mujika (316). Ondoren, Joseba Barandiaran eta Aitor Urbieta hirugarren, 306,5na punturekin berdintuta. Ainhoa Mujika beasaindarra bosgarren izan zen (299,5), eta Nekane Zinkunegi errezildarrak itxi zuen goizeko zerrenda (296). Bai Joseba Barandiaran, bai Mujika aukerarik gabe geratu dira, 36. eta 37. postuetan hurrenez hurren.
Arratsaldea Ander Lizarralderena izan zen (282 puntu). Lehen ere Gabirian kantatua zen, Osinalde sarian 2007an. «Bertsolari sentitu zen tokian» baieztatu du oiartzuarrak G Puntuko partaidetza aurrerako ere. Arratsaldean ez zen goierritarrik seikotean. Lizarralderen ondoren Imanol Lizarazu sailkatu zen (271,5); Manu Goiogana (256,5), Arnaitz Lasarte (252,5), Maialen Velarde (250,5) eta Josu Igartua (232) aritu ziren kantuan.