Ideia berritzaileekin osatu dute Urretxun immigrazio eta elkarbizitza plana
Atzo arratsaldean Immigrazio eta bizikidetza plana aurkeztu zuten Urretxun. Udalak Parte Hartuz elkartearekin batera gauzatu du plan hau, eta elkarte honek herritarren parte hartzea baliatu du prozesuan.
Hilabete askotako lanaren emaitza da atzo Urretxun aurkeztu zutena. Bizikidetzan sakontzeko eta kohesio sozialean eragiten duten arazoak gainditzeko proposamenak jasotzen ditu eta ideia hauek jasotzeko banakako elkarrizketak, lan mahaiak eta talde dinamikak baliatu dituzte. Proposamen berritzaileak eta desberdinak dira mahai gainean jarri dituztenak: elkarbizitzarako mahai bat, telenobela bat edota denbora bankuak. Parte Hartuzeko kideek esan zutenez, abiapuntu jakin bat izan dute: «immigrazioa ez da arazo bat, aukera bat da. Konpondu beharrekoak elkarbizitza arazoak dira. Hauetako batzuk jatorriarekin zerikusia dute, beste batzuk pertsonen izateko moduarekin, beste batzuk ahotsaren tonuarekin…».
Prozesuan Urretxuko elkarbizitzari gehien eragiten dioten arazoak zein diren aztertu zuten. «Aldagai asko atera ziren eta multzoka sailkatu genituen, konponketan izan genezakeen eraginaren arabera. Konponketa kontroletik kanpo zuen aldagairik ez zegoela ikusi genuen. Horrek dauden arazoak konpon daitezkela esan nahi du eta plan honek arazo horiek lantzeko erremintak ematen ditu».
Arazo desberdinen arteko harremanak ere aztertu zituzten. «Esaterako, ezagutza ezak aurreiritziak sor ditzakela ikusi genuen; aurreiritziek talde jakinak delituzko jarrerekin lotu ditzaketela…». Arazo kopuru handienean eragiten duten aldagaiak zein diren identifikatu zuten, eta baita zein konponbide dauden bigarren arazo baten menpe. Eragin handiena duten aldagaien artean hizkuntza, beldurra, pertsonen eta kulturen arteko elkar ezagutza falta, etorkinen elkarte falta, delinkuentzia, baliabide ekonomikoen falta, bazterketa… aipatu zituzten. Gogoeta bat ere egin zuten: «Zer da elkarbizitzea? arazoa ez dira jatorriak, hikuntzak edo kulturak, ezkutuan dauden elementu ugari baizik: horien artean gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasunak edota sozialak eta ekonomikoak. Hor dago arazo askoren jatorria».
Proposamenak
Aldagai hauetatik abiatuta, hainbat ekintza jaso dituzte planean.OInarrizko ekintzen artean Elkarbizitzarako mahaia dago. Mahai hau parte hartzerako eta elkartrukerako espazio gisa definitu zuten. «Herrian sorturiko edozein gai landu ahalko luke mahaiak. Immigrazioarena etengabeko eraldatze prozesu bat da eta herrian egitura egonkor bat behar da, sortu litekeen edozein gai landua izan dadin».
Bigarren ideia bat telesail batena litzateke. Helburua Urretxun dauden errealitate desberdinekoko sentsibilizazioan sakontzea du ideia honek, horretarako formatu entretenigarri eta erraz bat baliatuz. «Egunerokotasunean dauden arazoak ikustarazi ditzake, hauen inguruko hausnarketa bultzatuz» diote.
Mintzalaguna egitasmoa ere proposamen moduan aipatu zuten, «euskararen ikaskuntzaren gaia bertako bizi ohiturei ere zabalduz». Elkartzeko espazioen falta ere nabarmendu zuten konpontze bidean jarri beharreko arazo baten moduan. Elkarren denbora eta jakintzak partekatzeko denboraren bankuak ere elkarbizitza hobetzeko ideien artean jaso dituzte, erreferentziazko harrerarako herri sarea martxan jartzearekin batera. Jasotako proposamenen artean formazioa, elkartegintza eta parte hartzea bultzatzen duten ekintzak ere badaude.
Azken udalbatzarrean Urretxuko ordezkari politikoek aho batez onartu zuen Immigrazio eta bizikidetza plana, baina legealdi amaiera izanik, korporazio berriak erabaki beharko du plana abiarazi edo ez. Aurrera eramatekotan, epeak ere zehaztu beharko dituzte.
Gorka Moreno Ikuspegi zentroko ordezkariak planak jasotzen dituen ekintzak«interesgarriak eta orijinalak» direla naramendu zuen.
Dokumental emanaldia eta sukalde tertulia
Plan honen aurkezpenaren harira hainbat ekintza prestatu dituzte datozen egunetarako. Etzi arratsaldean La Vida de Alex dokumentala proiektatuko dute, protagonistekin tertulia ere eginez. 19:00etan hasiko dute emanaldia Labeaga aretoan, eta sarrera doakoa da.
Ekainaren 7an bizikidetza eta immigrazio arloko esperientziak ezagutzeko aukera emango dute. Bi proiektu aurkeztuko dituzte hemen: Izeba proiektua eta Urola Garaiko emakume etorkinen espazio kulturanitza. 19:00etan hasiko dute tertulia kultur etxean.
Hilaren 9an azkenik, mundu bat platerean sukalde tertulia egingo dute Juanma Hurtado Kabia jatetxeko sukaldariarekin eta Javier Loidi EHUko Biologia eta Ekologia saileko irakaslearekin. Tertulia hau 19:00etan hasiko dute Zubi-Ondo elkartean.