Julian Gonzalez: “Hiru lau egun hauetan Ordiziari buruz hitz egingo dute munduan”
RTNSA kongresuaren antolakuntzan buru belarri dabil egunotan Julian Gonzalez (Lazkao, 1952). Jaiotzez ez izan arren, ordiziartzat jotzen du bere burua. “Sei urte nituela etorri ginen Ordiziara, Urdaneta kalera”. Kongresu honekin telekomunikazioaren alorrean egin diren ikerketan sakonduko dutela nabarmendu du. Gaur enpresaburuekin egingo dute saioa Goierri Berrikuntza Gunean, eta bihar goizean emango diote bukaera kongresuari, ondorio orokorrak aterata. EHUko fisika aplikatuko katedraduna zara, eta eskarmentua duzu horrelako kongresuak antolatzen. Zergatik Ordizian? Donostian kongresu bat antolatzea Ordizian antolatzea baino askosaz ere errazagoa da, eta hau Ordizian egin da udalak eskatu zidalako, eta noski, ni ere ordiziarra naizelako. Logistika aldetik eragozpenak besterik ez nituen ikusten, baina udalak gogoa zuen antolatzeko, eta gogo horrek gabezia guztiak estali ditu. Zein dira arazo logistiko horiek? Donostian egongo bagina etorri diren 150 adituak hotel batean edo bitan egongo lirateke, eta hemen berriz hamar hamabi hoteletan sakabanatuta daude. Etorri diren asko Europaz kanpokoak dira, eta aireportura iritsi bezain pronto hona ekartzeaz arduratu gara. Donostian balitz autobusean joango lirateke Loiutik. Punta-puntako adituak etorri dira gainera. Nola lortzen da hori? EHUn 32 urte daramatzat, eta 25 dira ikerketaren arloan murgildu nintzenetik, eta hor magnestismo gaiak lantzeko lan taldea sortu genuen. Ez dut harrokeriz esaten, baina lan talde horrek ospe handia [...]
RTNSA kongresuaren antolakuntzan buru belarri dabil egunotan Julian Gonzalez (Lazkao, 1952). Jaiotzez ez izan arren, ordiziartzat jotzen du bere burua. “Sei urte nituela etorri ginen Ordiziara, Urdaneta kalera”. Kongresu honekin telekomunikazioaren alorrean egin diren ikerketan sakonduko dutela nabarmendu du. Gaur enpresaburuekin egingo dute saioa Goierri Berrikuntza Gunean, eta bihar goizean emango diote bukaera kongresuari, ondorio orokorrak aterata.
EHUko fisika aplikatuko katedraduna zara, eta eskarmentua duzu horrelako kongresuak antolatzen. Zergatik Ordizian?
Donostian kongresu bat antolatzea Ordizian antolatzea baino askosaz ere errazagoa da, eta hau Ordizian egin da udalak eskatu zidalako, eta noski, ni ere ordiziarra naizelako. Logistika aldetik eragozpenak besterik ez nituen ikusten, baina udalak gogoa zuen antolatzeko, eta gogo horrek gabezia guztiak estali ditu.
Zein dira arazo logistiko horiek?
Donostian egongo bagina etorri diren 150 adituak hotel batean edo bitan egongo lirateke, eta hemen berriz hamar hamabi hoteletan sakabanatuta daude. Etorri diren asko Europaz kanpokoak dira, eta aireportura iritsi bezain pronto hona ekartzeaz arduratu gara. Donostian balitz autobusean joango lirateke Loiutik.
Punta-puntako adituak etorri dira gainera. Nola lortzen da hori?
EHUn 32 urte daramatzat, eta 25 dira ikerketaren arloan murgildu nintzenetik, eta hor magnestismo gaiak lantzeko lan taldea sortu genuen. Ez dut harrokeriz esaten, baina lan talde horrek ospe handia du bai EHUn, eta baita nazioarte mailan ere. Kongresura etorri direnak ez dira Ordizia edo Beasain ezagutzera etorri, etorri dira gure nanomagnetismo lan taldeaz iritzi ona dutelako.
Nanomagnestismoa eta esprintonika hitz arrotzak dira gizartearentzat. Nola azal zenezake horien esanahia guztiek ulertzeko moduan?
Nanomagnetismoa magnetismoa aztertzen duen zientzia da, baina eskala nanometrikoa kontuan hartuta. Milimetro bat milioi bat zatitan egin, eta zati horietako bakoitza litzateke nanometro bat. Material artifizialak sortzeko balio du, eta konturatu gara nanoetan sortutako material horiek material naturalen aldean oso ezberdinak direla.
Eta esprintonika?
Esprintonika Magnoerresistentzia Erraldoia izenarekin ezagutzen den efektu bat da, eta efektu hori aurkitu zuenetako bat Albert Fert da. 1988an egin zuen aurkikuntza, eta 2007. urtean Fisikaren Nobel Saria jaso zuen horregatik.
Kongresu honetako izarra da bera.
Goren mailakoa da fisikaren arloan, eta esprintonikaren aita dela esan daiteke. Esprintonikaren bidez ohartu zen erresistentzia elektronikoa asko aldatzen zela produktu batzuekin edo besteekin lan eginda. Esan behar da Ferti esker ezagutzen ditugula gaur egungo CD, DVD eta horrelakoak. Pikutara bidali zituen Fertek bideo zintak eta kaseteak.
AEB Amerikako Estatu Batuetan minbiziari aurre egiteko hainbat lan egiten ari dira zientzia horietan sakonduta. Zertan oinarritzen dira?
Egia esan behar bada AEBetan minbiziari aurre egiteko tratamenduetan emaitza harrigarriak lortzen ari dira nanomagnetismoaren eta esprintonikaren bidez. Material horiek odolaren bidez sartzen dituzte, eta tumorea dagoen inguruan eremu magnetiko oso indartsua sortzen dute, bero handia sortzen dute, eta zelula gaiztoak akabatzeko gai dira. Probak egiten ari dira.
Osasun publikoan ez ezik, gizarte beste zer eremutan aplika daitezke?
Etorkizun gehien elektronikaren arloan, telekomunikazioan, informatikan eta osasun publikoan izango dute. Horrek ez du esan nahi autogintzaren sektorean, edota aire eta espazioko industrian eraginik izango ez duenik, baina eragin nabarmenenak aurreko horietan izango ditu.
Dagoeneko garatzen ari den proiekturen bat aurreratu al dezakezu?
Fert aipatuko du berriz ere. Frantziako Thales telekomunikazio enpresa garrantzitsuarentzat aholkulari lanak egiten ari da orain Fert, eta mikrouhinak sortzeko generadore berriak diseinatzen ari dira elkarlanean. Mikrouhinak sortzeko energia asko behar izaten da, eta espin efektuaren bidez energia kontsumo hori jaistea lortu nahi dute. Errotazio ardatz hori manipulatzeko gai izanez gero energia kontsumo hori gutxitzea lor daiteke.
Kongresuaren bukaeran zer ondorio atera ditzakezuela uste duzu?
Gehienbat telekomunikazioaren alorrean egin diren ikerketetan sakonduko dugu. Epe motzean, hau da, hilabete batzuk barru, gizarteak ez ditu emaitza horiek ikusiko, baina urte gutxiren buruan Ordizian eztabaidatutakoak bere isla izango du.
Seguru sumatzen zaizu. Zer izan daiteke, bada, asmakizun hori?
Beharbada, gizakiaren bizi kalitatea hobetuko duen aparailuren bat sortuko da hemen egiten ari garen eztabaidaren ondorioz. Magnoerresistentzia Erraldoiaren Efektua aurkitu zutenean inor gutxik pentsatuko zuen bideo zintak historiara pasako zirenik, baina hala gertatu da.
Nazioartean zer oihartzun izaten ari da kongresu hau?
Egia esatea nahi baduzu, hiru lau egun hauetan Ordiziari buruz hizketan arituko dira munduko leku askotan.
Goierri industria eskualdea da. Zer ekarpen egin diezaioke kongresu honek eskualdeari?
Ez naiz gai hori baloratzeko, baina esan dezakedana da burdinbide sektorea berrikuntzak eskatzen ari dela sentsore aldetik. Ordizian Berrikuntza Gunea ere badagoela ikusita, ni prest nengoke arlo horretan laguntzeko.
Fertek ikerketari eta berrikuntzari buruz hitz egin zien atzo Goierriko ikasleei. Zuk zer mezu eman nahi zenioke Goierriko gizarteari?
Eskulan kualifikatua ondo dago, aberatsa da, baina Goierriko industriak teknologo onak behar dituela iruditzen zait, eta teknologo batek zientzian oinarrituta egin beharra dauka lan. Teknologia berriak, sentsore berriak, gailu berriak… horiek denak ingeniariek sortu dituzte, baina ez ingeniari klasikoek, ingeniari modernoek baizik. CAFek, esaterako, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan dirua inbertitzen badu lortuko ditu nazioarte mailan dituen erronkak.