Kuttun elkartea saritu dute Bilbon Olaberriko istorioen bildumagatik
Olaberriko herri eskolako Kuttun guraso elkarteak Hezkuntza Praktika Onen lehen lehiaketan hirugarren saria jaso zuen herenegun Bilbon, Euskal Eskola Publikoaren jaian. Kuttunek garatu du lehiaketara aurkeztu dituzten 27 proiektuetatik bat, Olaberria Z...
Olaberriko herri eskolako Kuttun guraso elkarteak Hezkuntza Praktika Onen lehen lehiaketan hirugarren saria jaso zuen herenegun Bilbon, Euskal Eskola Publikoaren jaian. Kuttunek garatu du lehiaketara aurkeztu dituzten 27 proiektuetatik bat, Olaberria Zeba zenekoa.
Ipuin modura kontatzen du herriaren historiako pasarte bat. Irakurtzen ez dakiten haurrentzat DVDan formatuan argitaratu dute batetik, eta helduagoentzat liburuxkan bestetik.
Saria jaso duen lana sorta bateko lehen fruitua da soilik, jarraipena izango baitu. Olaberriko haurrek herriaren iraganaren berri jakiteko ikasgaia sortzea zen helburu bat, eta horretan ahalik eta guraso gehienek parte hartzea ere bai. Gurasoei bideo grabazioak egin dizkiete, istorioak konta ditzaten. Horiek bildu dituzte ipuinean.
Herriko historia biltzeko egitasmoa du esku artean Kuttunek, bertako istorio, elezahar, adinekoen testigantza eta bibliografiaren bitartez. Edukia ipuin modura zabalduko dute gero, haurrentzat erosoen eta ulerterrazen den modua delako.
Kuttunen lehendakari Ainhoa Arrietak jaso zuen saria Bilbon, Isabel Zelaa sailburua, Ana Puente guraso elkarteen konfederaziokoa eta Iñaki Azkuna alkatea buru zirela. Eskola txiki guztiei eskaini zien saria Arrietak.
Aretxabaletako Kurtzebarri guraso elkarteak eta Bilboko Juan Delmas elkarteak jaso dituzte aurreneko bi sariak.