'Goierritarrak' badu bere webgunea
Prentsa idatzian hogei urtetik gorako ibilbidea egin eta gero, Goierritarra aldizkariak edizio elektronikoa ere izango du hemendik aurrera. Besteak beste, azken aldizkariko eduki osoa aurkitu ahal izango da goierritarra.hitza.eus webgunean, atalka sailkatuta. Horrez gain, aldizkariaren zenbaki zaharragoak ere ikusgai egongo dira.
Webgune berriak, aldizkariaren ohiko atalak jasoko ditu. Hala, bertan argitaratutako erreportajeak eta elkarrizketak ikusi ahal izango dira, baita beste atal finko batzuk ere, hala nola: argazki zaharrak, kate motzean, ingurugiro txokoa eta umeentzako Goierrithartxo gehigarria.
Iritzi atalak toki berezia izango du webgunean, eta bertan aurkitu ahal izango dira aldizkarian argitaratutako iritzi artikuluak. Goierriko agenda eguneratua ere eskainiko du webguneak.
Hamabostean behin argitaratzen den aldizkariko edukiez gainera, zenbaki zaharragoak ikusteko modua ere badago. Momentuz, 2011. urtea hasi zenetik gaur arte argitaratutako zenbakiak daude artxiboan. Asmoa ordea, denborarekin ale zaharragoak ere sartzen joatea da, bide batez, Goierritarraren 22 urtetako ibilbidea ere digitalki jasota gelditu dadin.
Bigarren gunea epe motzean
Goierriko Hedabideek azken asteetan sortu duten bigarren webgunea da Goierritarra aldizkariarena. Izan ere, duela bi astetik, martxan da goierrikofestak.hitza.eus webgunea ere. Bertan, Goierriko festen egitarauak, kronikak, argazki galeriak, bideoak eta herriz herri non jan eta lo egin daitekeen azaltzen duen gida aurki daitezke, besteak beste.