Jentilbaratzeko lurpeko fruituak, erakusketan
Ataungo Jentilbaratza harkaitzean Erdi Aroan zegoen Ataun gotorlekuaren indusketetan ateratako piezak erakusketan jarri dituzte. Zaindarien bizimoduaren adierazgarri dira armak, txanponak, jokoak… ikus daitezke Jentilbaratza: gaizkileen mugan bilduman. Ataungo udaletxeko ganbaran dago, larunbatera arte. Aste egunetan arratsaldetan irekiko dute (17:00etatik 20:00etara), eta larunbatean goizean (11:00-13:00). Suhar arkeologia taldeko kideak bertan egongo dira azalpenak ematen. Talde hori arduratu zen 2009an eta 2010ean indusketak burutzeaz. Lehenago Joxemiel Barandiaran antropologo ataundarrak ere ikertu zuen eremua, 1916an eta 1971n indusketak eginda. Erakusketan pieza asko ez dira, baina bai balio historiko eta arkeologiko handikoak. Bilduma xumea da kopuruz edo ikusgarritasunez, baina Ataunen bertan aurkitutako gaiekin osatua izateak interesa handitzen dio. Gauza txikiak dira, baina mende askoko bizia dute. Behinola Jentilbaratza muinoan zegoen Ataun gazteluko bizimodua eta eremu gotortu haren funtzioa islatzen dute aurkitutako aztarnek. Erdi Aroan, XIII. eta XIV. mendeetan Nafarroako erresumaren defentsarako altxatutako gotorlekua zen Ataun gaztelua. Joxemiel Barandiaran antropologoak XX. mendearen lehen erdian hasi, eta Suhar taldeak 2009-2010eko kanpainetan bukatu duen ikerketaren emaitza dago, lau erakusleihotan eta informazio tauletan. Aurreko larunbatean zabaldu zuten Jentilbaratza: gaizkileen mugan bilduma ikusteko aretoa. Lehen egunean «60 bat» ataundar joan ziren. Aste osoan dago aukera, larunbatera arte. Suhar arkeologia taldeko adituak bertan egongo dira, Jentilbaratzeko gazteluaren berri zehatza emateko. [...]
Ataungo Jentilbaratza harkaitzean Erdi Aroan zegoen Ataun gotorlekuaren indusketetan ateratako piezak erakusketan jarri dituzte. Zaindarien bizimoduaren adierazgarri dira armak, txanponak, jokoak… ikus daitezke Jentilbaratza: gaizkileen mugan bilduman. Ataungo udaletxeko ganbaran dago, larunbatera arte. Aste egunetan arratsaldetan irekiko dute (17:00etatik 20:00etara), eta larunbatean goizean (11:00-13:00). Suhar arkeologia taldeko kideak bertan egongo dira azalpenak ematen. Talde hori arduratu zen 2009an eta 2010ean indusketak burutzeaz. Lehenago Joxemiel Barandiaran antropologo ataundarrak ere ikertu zuen eremua, 1916an eta 1971n indusketak eginda.
Erakusketan pieza asko ez dira, baina bai balio historiko eta arkeologiko handikoak. Bilduma xumea da kopuruz edo ikusgarritasunez, baina Ataunen bertan aurkitutako gaiekin osatua izateak interesa handitzen dio. Gauza txikiak dira, baina mende askoko bizia dute. Behinola Jentilbaratza muinoan zegoen Ataun gazteluko bizimodua eta eremu gotortu haren funtzioa islatzen dute aurkitutako aztarnek.
Erdi Aroan, XIII. eta XIV. mendeetan Nafarroako erresumaren defentsarako altxatutako gotorlekua zen Ataun gaztelua. Joxemiel Barandiaran antropologoak XX. mendearen lehen erdian hasi, eta Suhar taldeak 2009-2010eko kanpainetan bukatu duen ikerketaren emaitza dago, lau erakusleihotan eta informazio tauletan.
Aurreko larunbatean zabaldu zuten Jentilbaratza: gaizkileen mugan bilduma ikusteko aretoa. Lehen egunean «60 bat» ataundar joan ziren. Aste osoan dago aukera, larunbatera arte. Suhar arkeologia taldeko adituak bertan egongo dira, Jentilbaratzeko gazteluaren berri zehatza emateko.
Armategia eta bizimodua
Udaletxeko ganbarara iritsi eta eskuinera hasita, aurreneko bitrinan arma piezak daude: gezi eta lantza puntak, balizta azkonak, puntzoiak, aiztoen eta sastagaien ahoak, iltzeak… Baita baliztaren kako ikusgarri bat ere, Barandiaranek ateratakoa.
Xabier Padin arkeologoaren arabera, arma batzuek funtzio militarrari erantzuten diote, lantzek adibidez. «Baliztak eta gezi puntak seguru asko ehizerako erabiliko zituzten, gazteluko soldaduentzako janaria lortzeko».
Burdinezkoak dira, eta berrituta daude ale guztiak. Asko aurreneko aldiz jarri dituzte jendaurrean. Erakusketako piezak Ondare Arkeologikoaren Gordailuan eduki ohi dituzte, Donostian, eta hara itzuliko dituzte. Barandiaranek burututako bi indusketetan azaleratutakoak dira asko, eta Suhar taldearen lanaren emaitza beste zenbait, batez ere hezurrak.
Beste erakusmahai batean gazteluko bizimoduaren berri ematen da. «Denbora libre asko izango zuten, eta horren adibide dadoak dira. Animali hezurrekin nola egiten zituzten prozesu guztia jarrai daiteke aurkitutako piezetan: ebakiduraz forma eman, marruskaduraz zatitu, eta dagoa egiteraino».
Dirua jokatzen zuten zaindariek, hainbat txanpon azaldu direlako: gaztelarrak eta tornesak (albaniar-greziarrak), batzuk laurden bihurtuta. «Tornes diruena oso deigarria da. Albaniako txanponak Ataunera nola iritsi ziren bi hipotesi daude. Ataun gazteluko buru izandako Juan Sanchez de Urkiola 1376an Albaniara joan zen gerrara, Nafar Konpainian. 1379an hil zen, ziur asko Albanian bertan. Baliteke konpainia bereko soldadu kideren batek ekartzea». Frantzian tornes dirua erabiltzen zuten, hala ere. Baita Nafarroan ere, jatorri frantseseko erregeen administrazio aldietan bederen.
Gerrikoen eta oinetakoen zazpi belarri daude, gotorlekuko «etxeko bizitza» islatzen dutenak. Bideoan ikusten da nola industu zuten Jentilbaratza, eta eraikinen berreraiketa irudikatzen du.
Hezurrak dira beste berritasun bat. Etxabereenak (behia, txerria, ahuntza), ehiza animalienak (oreina, orkatza, erbia) edo piztienak (hartz kumea, erbinudea, oreina, azkonarra) aurkitu eta erakutsi dituzte Suharrekoek.