![](http://goierri.hitza.eus/site/files/2011/06/barriola0.jpg)
Urretxuko eta Zumarragako gaztetxearen 9. urteurrenaren barruan, bi herriotako airearen kalitateaz hitzaldia egin zuten atzo. Xabier Barriola aritu zen hizlari moduan.
Hitzaldian airearen kalitatearen gaia bi herriotan noiztik lantzen den azaldu zuen, eman diren pausuak modu kronolojiko batean aurkeztuz. Kutsadura eragiten duela uste den airearen PM10 partikulari buruz ere hitz egin zuen, honen osaketari buruzko informaziorik ez dagoela esanez. Barriolak partikula hau aztertzeko eskaria luzatu zion Eusko Jaurlaritzari, “modu honetan partikula honek beruna duen edota bestelako metal pisutsurik ba al duen jakiteko”. Honez gain, Zumarragan jarritako airearen kalitatearen neurgailuak ere hizpide izan zituzten, eta Barriolak Zumarragako Udalak hauen kudeaketan duen “utzikeria” ere salatu zuen.
Hitzaldia Garapenkeriaren aurkako asteburuaren barruan kokatu dute, eta gaur goizean mendi martxan abiatu dira Zumarragatik Ormaiztegira. Arratsaldean arrasatera joango dira Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestaziora. 18:00etan hasiko da protesta Arrasaten.
Gauean, azkenik, Zaratagaua ospatuko dute gaztetxean Annunaki Revenge, Dirtaa, Nos La Suda, Ernia eta Diskoiraa taldeekin.