Goierriko herrien eta mendien izenak arauz finkatu ditu Euskaltzaindiak
Euskara jasoan idazterakoan Goierriko herrien, auzoen eta mendi handienen izenak nola erabili behar diren finkatu du Euskaltzaindiak, Onomastika Batzordearen bidez. Aurreko izendegiekin alderatuta, arau izaera dute Euskal Herriko udalen izendegia zerrendako toponimoek, lehendabiziko aldiz. Idazteko eta ahozkatzeko forma finkatzeaz gain, osagaien arauak gogorarazi ditu berriz. Hala, gidoia (–) bi herri elkartzen dituen izendapenetan soilik erabil daiteke: Ezkio-Itsasoren eta Aratz-Matxinbentaren kasuak dira horiek, baina Etxarri Aranatz behar du. Euskaltzaindiaren nomenklator berria Euskal Herriko zazpi herrialdeetara iristen da, eta 1979an argitaratu zuen aurreneko izendegitik 33 toponimo gehiago sartu dituzte. Goierrikoa da bat, Altzaga udalerriarena (1991n lortu zuen udalerri beregain izaera). Eskualdeka bereizita dago zerrenda, eta liburuaz gain (10 euroan salgai) Interneten kontsulta liteke (www.euskaltzaindia.org). Goierriri dagokionez, eskualde osoa hartzen du, bertako 22 udalerriak sartzen dira, hasi Legorretatik eta Legazpiraino. Goierriko herritarra, banakoa, izendatzeko goierritar da forma arautua. Urola Garaiaren aipamenik ez dago. Berezko -a eta determinatua Herrien izenak idazterakoan ohiko zalantza izaten da –a hizkiarekin bukatzen direnak nola deklinatu behar diren. Berezkoa baldin bada (izenaren zati), beti mantendu behar da. Azkeneko –a hori determinatzailea baldin bada –zerrendan izenaren ondoan (–a) osagaiarekin adierazia– deklinazio kasu gehienetan galdu egiten du. Lehen multzokoak dira a-z bukatzen diren Goierriko herrien izen gehienak, berezkoa dutenak: Altzaga, Arama, [...]
Euskara jasoan idazterakoan Goierriko herrien, auzoen eta mendi handienen izenak nola erabili behar diren finkatu du Euskaltzaindiak, Onomastika Batzordearen bidez. Aurreko izendegiekin alderatuta, arau izaera dute Euskal Herriko udalen izendegia zerrendako toponimoek, lehendabiziko aldiz.
Idazteko eta ahozkatzeko forma finkatzeaz gain, osagaien arauak gogorarazi ditu berriz. Hala, gidoia (–) bi herri elkartzen dituen izendapenetan soilik erabil daiteke: Ezkio-Itsasoren eta Aratz-Matxinbentaren kasuak dira horiek, baina Etxarri Aranatz behar du.
Euskaltzaindiaren nomenklator berria Euskal Herriko zazpi herrialdeetara iristen da, eta 1979an argitaratu zuen aurreneko izendegitik 33 toponimo gehiago sartu dituzte. Goierrikoa da bat, Altzaga udalerriarena (1991n lortu zuen udalerri beregain izaera). Eskualdeka bereizita dago zerrenda, eta liburuaz gain (10 euroan salgai) Interneten kontsulta liteke (www.euskaltzaindia.org).
Goierriri dagokionez, eskualde osoa hartzen du, bertako 22 udalerriak sartzen dira, hasi Legorretatik eta Legazpiraino. Goierriko herritarra, banakoa, izendatzeko goierritar da forma arautua. Urola Garaiaren aipamenik ez dago.
Berezko -a eta determinatua
Herrien izenak idazterakoan ohiko zalantza izaten da –a hizkiarekin bukatzen direnak nola deklinatu behar diren. Berezkoa baldin bada (izenaren zati), beti mantendu behar da. Azkeneko –a hori determinatzailea baldin bada –zerrendan izenaren ondoan (–a) osagaiarekin adierazia– deklinazio kasu gehienetan galdu egiten du.
Lehen multzokoak dira a-z bukatzen diren Goierriko herrien izen gehienak, berezkoa dutenak: Altzaga, Arama, Gabiria, Gaintza, Legorreta, Ordizia, Zaldibia, Zegama eta Zumarraga. Hala, Zaldibiako edo Gabiriara deklinatu behar dira horiek, hizkia errespetatuta.
Azken hizkia galtzen du, aldiz, Olaberria izenak, baita Mandubia, Aztiria, Barrenaldea edota Goialdea auzoenek ere. Kasu markak jartzerakoan normalean –a gabe behar du: Olaberriko, Aztiritik, Barrenaldera… Zenbait kasutan, ordea, mantendu behar da, inesiboan adibidez (Non kasua): Mandubian.
Gaztelaniaren eraginez ere zenbaitetan zalantza eta okerra sortzen da. Legazpi, Urretxu eta Lierni dira euskarazko erak, ez *Legazpia, *Urretxua eta *Liernia. Baina kontrakoa gertatzen da Mutiloa-ren kasuan: Mutiloa da araututako izena, ez *Mutilo.
Herritarren izendapena
Herrikako nongotasuna idazteko gentilizioak ere finkatu ditu Euskaltzaindiak. Horien artean Ezkio-Itsasokoenak sor zezakeen akatserako bide nabarmenena. Gaur egun udalerri bakarra den arren (1965ean batu ziren), garai bateko bereizketa errespetatu behar da herritarrak izendatzerakoan; ezkiotar edo itsasoar erabili behar da, eta ez *ezkioitsasoar, forma hori ez baita existitzen.
Orokorrean, bokalez bukatzen diren herrien izenekin –ar eranskaia jarri behar da: altzagar, aramar, gabiriar, gaintzar, itsasoar, itsasondoar, legazpiar, legorretar, mutiloar, ordiziar, ormaiztegiar, segurar, urretxuar, zaldibiar, zegamar eta zumarragar dira herri horietako bizilagunak. Salbuespenak lazkaotar, ezkiotar eta olaberritar dira.
Kontsonantez bukatzen diren izenekin (Goierriko udalerrien kasuan –n eta –l dira bakarrak) –dar osagaia: ataundar, beasaindar, idiazabaldar eta zeraindar.
Txindoki, Larrunarri ala Nañarri?
Goierriko mendi aipatuenen izenak hiru sailetan desberdinduta dakartz Euskaltzaindiaren izendegiak. Euskal era arautua, horren sinonimoa, eta izen ofiziala. Gehientsuenetan bat datoz, aldaera txiki batzuk gora-behera.
Izendegi arautuaren arabera, Larrunarri edo Txindoki dira Aralarko gailur pikoaren izendapenak. Nañarri ere erabili ohi da inguruko herrietan, baina badirudi Larrunarriren aldaera fonetikoa besterik ez dela.
Idiazabal eta Ataun bitartean dagoena mendia izendatzeko Atxurbide forma hobetsi du euskararen akademiak, baina baita Dorrontsorogaña sinonimoa ere. Idiazabal, Lazkao eta Olaberria arteko mugan Andrelorriaga da mendia, edo Esparruko punta.
Adierakideak dira, baita ere, Aizleor eta Unamendi (Idiazabalen), Areatza eta Izozkoa (Ataun-Idiazabal-Altsasu artean), eta Atxabal eta Txarabeltz (Beasain). Bi izenak horrelaxe erabil litezke, bata ala bestea berdin.
Ikus daitekeenez, ñ hizkia ere onartuta dago toponimoetan: Dorrontsorogaña, Mariñamendi eta Samiño izenak halaxe idatzi behar dira.
Beste zehaztapen bat Gabiria eta Legazpi arteko Aizaleku mendi izenarekin egin daiteke. Aizeleku edo Haizeleku formak gailendu badira ere, bai izen ofiziala, bai euskal era arautua Aizaleku da. Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak 2008ko apirilaren 10ean hartu zuen erabakia, ordu arteko –e–dun formaren ordez –a– duena jartzeko. Jose Luis Ugarte euskalariaren proposamenez egin zuten aldaketa, eta halaxe dator izendegi berrian.
Auzoen artean, bestetik, bitxia da Alegiaren euskal era arautuan geratu den bikoiztasuna. Hiru udalerritan banatuta dago, Ezkio-Itsason, Gabirian eta Ormaiztegin. Euskaltzaindiaren arauen arabera, Gabiriako auzo zatiaren izena Alegia da, baita izen ofiziala ere. Ezkio-Itsasoren barrutian, ordea, Itsaso-Alegia da izendapen arautua eta izen ofiziala.
Goierriko herrien eta auzo nagusien izenak
Euskal era arautua / Sinonimoa / Herritarra / Izen ofiziala
- Altzaga: altzagar, Altzaga
- Arama: aramar, Arama
- Ataun: ataundar, Ataun
– Aia: aiar, Aia
– Arrate: San Gregorio, San Gregorio
– Elbarren: San Martin, San Martin - Beasain: beasaindar, Beasain
– Altamira: Altamira
– Antzizar: Antzizar
– Aratz-Matxinbenta: Aratz-Matxinbenta
– Arriaran: Arriaran
– Astigarreta: Astigarreta
– Beasainmendi: Beasainmendi
– Garin: Garin
– Gudugarreta: Gudugarreta
– Loinatz: Loinatz
– Salbatore: Salbatore
– Ugartemendi: Ugartemendi - Ezkio-Itsaso: ezkiotar, itsasoar; Ezkio-Itsaso
– Anduaga: Santa Lutzia, Anduaga (Santa Lutzia)
– Aratz-Matxinbenta: Aratz-Matxinbenta
– Ezkio: ezkiotar, Ezkio
– Itsaso: itsasoar, Itsaso
– Itsaso-Alegia: Itsaso-Alegia
– Mandubia (-a): Mandubia - Gabiria: gabiriar, Gabiria
– Alegia: Alegia
– Aztiria (-a): Aztiria - Gaintza: gaintzar, Gaintza
- Idiazabal: idiazabaldar, Idiazabal
– Urtsuaran: Ursuaran - Itsasondo: itsasondoar, Itsasondo
- Lazkao: lazkaotar. Lazkao
– Lazkaomendi: Lazkaomendi
– Senpere: Senpere
– Zubierreka: Zubierreka - Legazpi: legazpiar, Legazpi
– Brinkola: Brinkola
– Telleriarte: Telleriarte - Legorreta: legorretar, Legorreta
- Mutiloa: mutiloar, Mutiloa
- Olaberria (-a): olaberritar, Olaberria
– Ihurre: Yurre - Ordizia: ordiziar, Ordizia
- Ormaiztegi: ormaiztegiar, Ormaiztegi
- Segura: segurar, Segura
- Urretxu: urretxuar, Urretxu
- Zaldibia: zaldibiar, Zaldibia
- Zegama: zegamar, Zegama
– Arrieta: Arrieta
– Barrenaldea (-a): Barrenaldea
– Goialdea (-a): Goialdea - Zerain: zeraindar, Zerain
- Zumarraga: zumarragar, Zumarraga
– Aginaga: Aginaga