Deskargako tunelaren lanak hasi dituzte
Gaurko egunkariak kutxa batean sartu, eta Beasain-Durango errepideari jarraipena emango dion Deskargako zatiaren lanak hasitzat eman dituzte Markel Olano jarduneko Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia jarduneko Azpiegituratako diputatuak. Deskargako tunela Legazpi-Urretxu lotunea eta Antzuola elkartuko dituen errepidearen lanik nabarmenena izango da.
Zumarraga-Urretxu zatiaren lanak aurten bukatuko dituztela iragarri dute. Bien bitartean, errepidea Antzuolaraino eramango duen ibilbidearekin hasiko dira. 50 milioi euroko aurrekontua dute lanek, Bidegik hartu du bere gain kudeaketa, eta Moyua-Amenabar enpresa eraikitzaileak egingo ditu lanak. 2,7 kilometroko luzera duen zatia da, eta 30 hilabetean lanak amaituta egongo direla adierazi dute. Egitura nagusienak ondokoak izango dira: Deskargako tunela (680 metro), Urretxu-Legazpi lotuneko zati bat, Antzuolako lotune erdia, bi gaineko igarobide eta beheko igarobide bat.
Peajeari buruz galdetuta, Eneko Goia jarduneko diputatuak erantzun du: “Bidegiren formula da. Dirusarrerak bermatuta egon behar dira. Horrek derrigor eskatzen du peajea. Beti egongo dira bi aukerak: bide berria eta zaharra”.