Lau eguneko jaiak antolatu dituzte Ataungo Arrondo auzoan
Ataungo Arrondo auzoan lau eguneko egitaraua prestatu dute auzotarrek, herriko eragile askoren laguntzarekin. San Martindik aurreraxeago, Urkillagara igotzeko bidegurutzearen inguruan dago auzoa. Hasteko, asteburua ekitaldiz bete-betea dute. Gaur gauean mahai-futbol txapelketak egingo dituzte Rafaelene tabernan, aurrena haurrentzat (izen-ematea 21:00-21:30) eta gero larrientzat (22:00-22:30). Sari bikainak jarri dituzte. Bihar ere lehiaketek izango dute pisua. Goizean, 11:00etan hasita, Arrondoko V. Mendi Bizikleta Proba jokatuko da haurrentzat, 12 urte artekoak multzo batean eta 12tik 15erakoak beste batean bereizita. Arratsaldean mus txapelketa, aurtengoa 22. aldia, jokatuko da, Rafaelenen. Lau erregera eta hiru ustelera da. Bikoteko 12 euro ordaindu behar da, eta lehenbiziko lau bikoteek jaso dituzte sariak: txapelak, diru-sariak, jatekoak, edariak… Igandean, goizetik iluntzera Lehen bi egunetako girotzearen ondoren, etzi, igandea, egun osoan izango da ikustekorik eta egitekorik Arrondon. Goizean mendi buelta egingo dute lehenbizi, 09:00etan abiatuta. Lopetxeko zubitik gora, Olatara igo eta Beamako zelaira joango dira. Hamaiketakoa han egin eta Loibe aldetik Arrondora jaitsiko dira. Jai eguerdirako toka txapelketa jarri dute, 21. aldia duena. Baztarrikako zelaian ariko dira. 12.30etik 13:00etara eman behar da izena (3 euro). Helduentzat lau sari ipini dituzte, eta 12 urtetik beherako haurrek ere izango dute ordaina: txapela, motxila eta kamiseta bana, lehen hirurek. Arratsalderako haur jolasak gorde dituzte. 17:00etatik [...]
Ataungo Arrondo auzoan lau eguneko egitaraua prestatu dute auzotarrek, herriko eragile askoren laguntzarekin. San Martindik aurreraxeago, Urkillagara igotzeko bidegurutzearen inguruan dago auzoa. Hasteko, asteburua ekitaldiz bete-betea dute.
Gaur gauean mahai-futbol txapelketak egingo dituzte Rafaelene tabernan, aurrena haurrentzat (izen-ematea 21:00-21:30) eta gero larrientzat (22:00-22:30). Sari bikainak jarri dituzte. Bihar ere lehiaketek izango dute pisua. Goizean, 11:00etan hasita, Arrondoko V. Mendi Bizikleta Proba jokatuko da haurrentzat, 12 urte artekoak multzo batean eta 12tik 15erakoak beste batean bereizita.
Arratsaldean mus txapelketa, aurtengoa 22. aldia, jokatuko da, Rafaelenen. Lau erregera eta hiru ustelera da. Bikoteko 12 euro ordaindu behar da, eta lehenbiziko lau bikoteek jaso dituzte sariak: txapelak, diru-sariak, jatekoak, edariak…
Igandean, goizetik iluntzera
Lehen bi egunetako girotzearen ondoren, etzi, igandea, egun osoan izango da ikustekorik eta egitekorik Arrondon. Goizean mendi buelta egingo dute lehenbizi, 09:00etan abiatuta. Lopetxeko zubitik gora, Olatara igo eta Beamako zelaira joango dira. Hamaiketakoa han egin eta Loibe aldetik Arrondora jaitsiko dira.
Jai eguerdirako toka txapelketa jarri dute, 21. aldia duena. Baztarrikako zelaian ariko dira. 12.30etik 13:00etara eman behar da izena (3 euro). Helduentzat lau sari ipini dituzte, eta 12 urtetik beherako haurrek ere izango dute ordaina: txapela, motxila eta kamiseta bana, lehen hirurek.
Arratsalderako haur jolasak gorde dituzte. 17:00etatik aurrera makina bat joko eta jarduera egiteko modua izango da. Txokolatea ere banatuko dute bukaeran.
San Joan bezperan afaria
Egitarauko azken festa ostegunean da, San Joan bezpera. Auzo afaria egingo dute, Rafaelenen. Aurretik, 20:00etan, kalejira egingo dute herriko soinujoleekin, eta ondoren ere trikitilariak eta bertsolariak ariko dira. San Joan sua gauerdian piztuko dute. Indarra taldearekin dantzaldia ere bada.













