Egunean zehar antolatutako ekintzetan
jende ugari ibili zen; kontzertua izan zen, dena den, jendetsuena,
milatik gora ikusle bildu baitzituen....
· otamotz.com- Gaztetxearen bederatzigarren urteurreneko ekintzen baitan egin zuten larunbatean ”Elkartasuna azaleratuz” jaia. Markel Lopez haurra diruz laguntzeko, eta bere gaixotasuna ”epidermolisis bullosa” izenekoa, gizarteratzeko helburuarekin antolatu zen jaialdia.
Goizean, 12:00etan Gaztetxeko pilota txapelketako finala egin zen. 14:30ean herri bazkaria izan zen gaztetxe ondoan jarritako karpan, eta 18:00etan Ehunzango batukada aritu zen kaleak girotzen. Gauean egin zen, 22:00etatik aurrera ”Elkartasuna azaleratuz” kontzertua. Zea Mays, Betagarri, Zer Esatek!, Willis Drumond eta Sermond´s taldeak aritu ziren taula gainean. Egun osoko ekintzetan jende ugari ibili zen, baina kontzertua izan zen dudarik gabe arrakastatsuena. Antolatzaileek esan dutenez, milatik gora ikusle bildu zituen gaueko ekitaldiak.
Igandean, 17:00etan haurrentzako txotxongilo emanaldiak itxi zuen asteburu honetarako antolatutako egitaraua. Baina aste honetan ere izango da zertan parte hartua. Bederatzigarren urteurreneko ekintzekin amaitzeko, asteazkenean Tuiren malabarista izango da 19:00etan eta 22:00etan Jon Plazaola eta Makrea Clarck-en bakarrizketak. Pintxoak ere izango dira gerturatzen diren guztientzat.