Hamazazpi lan aurkeztu dituzte film laburren lehiaketara
Beasainen lehen aldiz antolatu duten film laburren lehiaketan parte hartzeko hamazazpi lan aurkeztu dituzte guztira. Hala jakinarazi dute Akkua eta taZEBAez enpresetako arduradunek, eta lehiakeetako antolatzaileek. Lan horietatik bederatzi, beasaindarr...
Beasainen lehen aldiz antolatu duten film laburren lehiaketan parte hartzeko hamazazpi lan aurkeztu dituzte guztira. Hala jakinarazi dute Akkua eta taZEBAez enpresetako arduradunek, eta lehiakeetako antolatzaileek. Lan horietatik bederatzi, beasaindarrek egindakoak direla ere zehaztu dute.
Lehiaketa bi mailatan banatuta antolatu dute: Beasaingo ikastetxeetan ikasten duten D.B.Hko 3. eta 4. mailetako eta batxilergoko ikasleak batetik, eta 19 eta 25 urte arteko Euskal Herriko gainerako gazte guztiak bestetik. Gaztetxoen mailan, Loinazpeko ikasleek bost lan aurkeztu dituzte, eta La Salle ikastetxekoek bi. Helduen mailan ere parte hartuko dute beasaindarrek, bi lan aurkeztu baitituzte. Helduen mailako gainerako parte hartzaileak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira, antolatzaileek esan dutenez.
Sari banaketa jaialdian
Helduen mailan aurkeztu dituzten lan gehienak, ikus-entzunezko ikasketekin lotura duten pertsonek aurkeztu dituzte. Baina halako ikasketarik egin ez duenik ere animatu da lehiaketan parte hartzera.
Antolatzaileek dagoeneko ikusi dituzte lehiaketara aurkeztutako lan guztiak, eta «pelikula oso onak» aurkeztu dituztela aurreratu dute. Sari banaketa, uztailaren batean Beasainen egingo duten jaialdian egingo dute.
Sari banaketa non eta zein ordutan egingo duten ez dute zehaztu oraindik, baina aste honetan edo hurrengoaren hasieran jakinaraziko dute. Jaialdian lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak erakusteko asmoa dute antolatzaileek, ikusleek pelikularik gogokoena bozkatu eta ikuslearen saria emateko.












