Walter Becerra eta Ana Conde izan dira azkarrenak Txindokin
Walter Becerra bizkaitarra izan da aurten azkarrena Txindokin gora egindako lasterketan. Sestao taldeko korrikalariak, 35 minutu eskas behar izan zituen Larraiztik tontorrerainoko bidea egiteko. Harengandik gertuena ibili zirenak, Xabi Lekue pasaitarra eta Josu Arregi azkoitiarra izan ziren. Emakumezkoetan berriz, Ana Conde gasteiztarra izan zen onena, Izaskun Zubizarretaren eta Maite Maioraren aurretik.
Denera, 141 lagunek parte hartu zuten atzo, II. Txindoki Bertikala mendi lasterketan. Giro ederra izan zen goiz parte osoan, eta lokatzadiren bat edo beste sortu bazen ere, orokorrean bidea egoera onean aurkitu zuten korrikalariek. Ikusle aldetik ere, egun oparoa izan zen; asko izan dira aurten ere Txindokiko maldetan animoak emateko bildu diren zaleak.
Becerrok iaztik ezagutzen zuen Txindokiko proba, aurreneko edizioan, bigarren egin baitzuen, Didier Zagoren atzetik. Becerrok, iazko bere denbora (36:31) minutu eta erdian ondu badu ere, ez du Zagoren marka (34:33) hobetzerik lortu. Xabi Lekuek berriz, ezustekoa eman zuen, aurreneko urtea baitzuen pasaitarrak. 35:58ko denbora eginda, bigarren sailkatu zen. Podiuma Josu Arregik osatu zuen, irabazleak minututik gorako aldea atera zion azkoitiarrari.
Emakumezkoetan, Zortzietako taldeko Ana Conde gasteiztarra izan zen azkarrena, eta marka egin zuen gainera; 40:44ko denborarekin, ia bi minutuan ondu du iaz Nerea Amilibiak egindakoa. Haren atzetik, Izaskun Zubizarreta oiartzuarrak egin zuen bigarren, eta Maite Maiora mendarotarrak, hirugarren.
Aipatzekoa da, iazko bi irabazleek, Didier Zagok eta Nerea Amilibiak, ez dutela aurtengo proban parte hartu. Gizonezkoetan gainera, Zagok egindako marka da oraindik ere, onena.
Goierritarrak, maila onean
Proban parte hartu zuten goierritarren artean, Zuhaitz Ezpeleta legazpiarrak lortu zuen posturik onena; bosgarren egin zuen, 36:27ko denbora eginda. Segundu batzutako aldearekin sartu zen Imanol Etxeberria beasaindarra, seigarren postuan (36:42). Anartz Etxeberria idazabaldarrak berriz, hamaikagarren (38:21) egin zuen. Emakumezkoetan, Oihana Arratibel ordiziarra izan zen parte hartu zuen goierritar bakarra. Emakumezkoen sailkapenean bederatzigarren egin zuen, 58:35eko denbora eginda.
Antolatzaileak, gustura
Igandeko proba nola joan zen ikusita, gustura daude antolakuntza taldeko kideak. Jon Zubizarretak azaldu duenez, «eguraldi ona egin zuen eta jende asko etorri zen; Larraitza beti etorri izan da jende asko, baina eguraldiak lagunduta, aurten sekulakoa» izan dela dio.
Antolakuntza aldetik ere, «dena ondo atera» dela esan du Zubizarretak. Astero sei-zazpi lagun biltzen dira urtean zehar, eta probarako hamabost bat egun falta direnean, herritarrekin bilera egiten dute, boluntarioak eskatzeko. Aurten 40 bat lagun aritu dira, denetariko lanak egiten. Batzuk kotxeak bideratu eta aparkalekuak zaintzen, beste batzuk probaren irteeran eta bukaeran, eta beste batzuk tarteko puntuetan egoten dira.
Aurten 141 lagunek parte hartu dute, iaz baino gutxiagok. Zubizarretak, «aurten gehixeago» espero zutela azaldu du, baina gainontzean, gustura agertu da probak emandakoarekin. Bitxikeri moduan, azken hiru korrikalariei behiak bide erdira atera zitzaizkiela azaldu du Zubizarretak.
SAILKAPENA (sailkapen osoa hemen)
Gizonezkoak
1. Walter Becerra (Sestao) 35:02
2. Xabi Lekue (Vasco de C.) 35:58
3. Josu Arregi 36:17
4. Ion Iturbe (Arrola) 36:25
5. Zuhaitz Ezpeleta (Besaide) 36:27
Emakumezkoak
1. Ana Conde (Zortzietako) 40:44
2. Izaskun Zubizarreta (Bideb.) 41:47
3. Maite Maiora (Morkaiko) 44:02
4. Jone Urkizu (Anaitasuna) 47:30
5. Leire Elosegi (Vasco de C.) 48:43













