Ainhoa Moiua, zeinu hizkuntzako itzultzailea
“Zeinu hizkuntzako itzultzailea bizitzako arlo guztietan edukitzen ohitu behar gara”
Bideo klip batek egin du ezaguna Ainhoa Moiua goierritarra. Zea Mays taldearen ‘Negua joan da’ abestia zeinu hizkuntzan abesten eta sentitzen ikusi dugu. Oihartzun zabala izan du Ainhoaren ekimen berritzaileak eta entzumen urritasuna duten pertsonen arazoaz kontzientzia zabaltzea lortu du. Zeinu hizkuntzako itzultzailea izateaz gain, Mondragon Unibertsitateko irakaslea ere bada Moiua.
Seguran bizi da Ainhoa Moiua (Beasain, 1982) eta egunero Eskoriatzara arteko joan-etorria egiten du autoz. Musika entzuten joaten da. Kantari joaten da, hizkuntza bezala, zeinu hizkuntzaz baliatuz. Zea Mays taldea oso gustukoa du eta talde horri esker eramangarriagoa egiten zaio 45 minutuko bidaia. Egunero autoan ordu eta erdi ibili beharra nekagarria egiten bazaio ere, emankorra ere izaten da tarte hori. Buruak lan asko egiten du eta hantxe sortu zitzaion Zea Mays taldearen ‘Negua joan da’ abestiaren bideo klipa zeinu hizkuntzan grabatzeko ideia.
Zeinu hizkuntza izan da, gorputz adierazpenarekin batera, Ainhoak erabili duen hizkuntza. Oihartzun handia izan du Moiuaren lanak eta harrituta dago izan duen harrerarekin. Ikusi ez duenak, interneten, goierritarra.hitza.infon ikus dezake. “Mondragon Unibertsitatean, Huhezin lana egiten dut. Noizbehinka egiten dut itzulpena. Nire denbora librean egiten dudana erakustea izan da helburua. Momentu batez garrantzia hartu du zeinu hizkuntzako itzultzaile lanak”, dio Moiuak.
Zein helbururekin egin zenuen bideoklipa?
Jendeak nik zein lan egiten dudan ikustea nahi nuen. Zea Mays gustatzen zaidanez eta zeinu hizkuntza itzultzailea naizenez, zerbait egitea pentsatu nuen. Beti Zea Mays entzuten aritzen naiz. Bi abesti grabatu nituen etxean, eta Bonberenean zeukaten kontzertura eraman nizkien, opari gisa. Hiru egunera deitu zidaten, bideo klipa grabatuko genuela esanez. Harrituta gelditu nintzen. Nire buruari galdetzen nion: ‘hau nork ikusi behar ote du!’.
Jende askok ikusi du bideo klipa, oihartzun handia izan du. Ez zenuen espero halako zabalkunderik?
Ez, ez!! Ez nuen harrera hori espero. Zein eragina daukan internetak gauzak zabaltzeko! Gor lagun batzuei eta lagunei bidaliko niela pentsatu nuen. Bat-batean ikusi nuen Teleberrin atera zela eta poliki-poliki oihartzun handia izan zuen. Oso pozik gelditu naiz. Nire ametsik onenean ere ez nuen pentsatuko horrelakorik.
Gorrekin egon zara? Gustatu al zaie?
Asko gustatu zaie. Espresibidadearekin harrituta gelditu dira. Itzultzaile lana utzita daukat eta askok esan didate ez nuela utzi behar. Beraien hizkuntza musikan ikustea asko gustatu zaie. Gehiago egon beharko liratekeela diote. Ikusiko dugu, bat egon da eta ikusiko da.
Zeinu hizkuntza Legebiltzarrean ikustetik musikan ikustera, salto handia dago. Puntu artistiko hori hartu du. Dena itzultzea dagoela erakusten du. Korrikakoa ere horrela izan zen.
Ileak puntan jarri dizkiguzu bati baino gehiagori.
Batek baino gehiagok esan dit hori. Niri Aioraren ahotsak ere ileak puntan jartzen dizkit. Horrela iritsi bada, itzulpena Aioraren ahotsarekin bat eginda dago.
Zeinu hizkuntzaz gain, gorputz adierazpena ere garrantzitsua da, ezta?
Nik gorputz guztia erabiltzen dut sentimenduak transmititzeko eta hori normalean oso pertsonala izaten da. Abesti batek zer ekartzen dizun, Aioraren ahotsa nola bizi duzun, nola bizi duzun beraien musika… itzulpena era ezberdinetara egiten da. Beste itzultzaile bat jarriko bagenu, beste era batera egingo luke. Askotan, hizketan ari garenean, batek gauza bat ulertzen du eta besteak beste bat, gure pertsonalitatearen arabera da. Subjektiboa da oso mezuaren itzulpena. Saiatzen gara objektiboa egiten baina azkenean pertsonak gara.
Irudietan, zeu bakarrik azaltzen zara.
Arropa txuria, beltza edo gorria eramateko esan zidaten. Sinple azaltzea erabaki genuen, azkenean mezua transmititu behar zen eta. Itzulpenak egiten ditugunean beltzez jantzita joaten gara, atentzioa ahalik eta gutxiena deitzeko, eta eskuak ondo ikusteko. Transmititzea da gakoa. Mezuak dauka garrantzia.
Urratsak jarraitu behar dira. Oso polita izan da, ezberdina ere bai, orain arte euskaraz ez genuelako horrelako ezer ere ez, baina jarraipena behar du. Zeinu hizkuntzako itzultzailea bizitzako arlo guztietan edukitzea ohitu behar gara. Itzultzailerik ez badago, gorra ezin da inora joan. Eskubidea eman behar zaie gorrei, joan nahi duten ala ez erabakitzeko. Beti bide hori egina egon dadila.
Aurreritzi asko daude zeinu hizkuntzaren inguruan. Orain arte Legebiltzarrean ikusten genuen zeinu hizkuntza, oso serioa zen lekuetan. Bideoklipak beste puntu bat eman dio. Bideoklipa atera denetik batek baino gehiagok galdetu dit ea non ikasten den zeinu hizkuntza. Badirudi interesa piztu dela. Baina jarraitu egin behar da gauzak egiten. Tirada aprobetxatu egin behar da.
Zerbait buruan bai? Beste talderik etorri al zaizu?
Ez, ez!! Korrikatik deitu zidatenean asko poztu nintzen. Urratsez urrats joan behar gara. Zerbitzu publikoetan eta telebistan ohituta egon beharko genuke itzultzaileak ikusten. Eta ez gaude batere ohituta.
Zeinu hizkuntzan euskara eta gaztelera bereizten al dira? Euskarazko zeinu hizkuntzarik ba al dago?
Euskaraz ez dago. Euskaraz entzun eta entzundakoa itzuli egiten da, hori bai. Baina zeinu hizkuntza eginda dago, Madriden eta Andaluzian berdin ulertuko zaituzte. Katalanek badaukate baina Estatuan zeinu hizkuntza bakarra dago. Dialekto ezberdinak daude. Ogia esateko, nik lau zeinu dakizkit. Madriden bat erabiliko dute, eta Gipuzkoan beste bat. Baina azkenean antzekoa da. Madrilditik gora eta Madrildik behera bereizten dira. Madrildik Iparraldera dialekto bat eta Madrildik hegoaldera beste bat.
Euskararen kontura etorriz, urteetan “paso” egin dugu zeinu hizkuntzaz, alde batera utzita egon da, eta orain egin behar duguna da, beraien hizkuntza errespetatu eta gure gizartean txertatu, egiten ditugun ekintza guztietan. Euskaraz sortzeko, premia sortu behar da baina horretarako oraindik beharrik ez da sortu. Premia sortzen bada hobe, baina errespetatu egin behar da daukatena.
Zeinu hizkuntza non ikas daiteke?
Tolosan eta hiriburuetan.
Hezkuntzaren arloan, zer moduz ikusten duzu gorren integrazioa?
Gaur egun saiatzen dira, gorrak dauden ikastetxeetan, gelatik kanpoko orduetan zeinu hizkuntzako eskola bat edo beste edukitzen. Gorrekin erabiltzen da zeinu hizkuntza eta entzuleoi ez zaigu erakusten. Entzule moduan, 18 urtetik aurrera, Gorren Elkartera joan eta ikasteko aukera daukazu. Madriden gehiago erakusten da. Eskola batzuk badaude zeinu hizkuntzaz gain, sistema internazionala ere erakusten dutenak. Hor gor kopurua oso handia da.
Hemen, normalean, gor bat baldin badago erakusten da baina eta normalean, txikitan; handiagotan ez du jarraipenik izaten. Ikasle gorra gelatik ahalik eta gutxiena atera behar da bestela taldea puskatzen da. Hori da orain arte gertatu dena. Hezkuntza Bereziaz ari naiz orokorrean. Barruan saiatu behar da gauza guztiei erantzutea. Gorrez bakarrik ari gara baina beste arlo ere badaude eta poliki-poliki kontuan hartu beharko genituzke.
Eguneroko bizimoduan ere gorrek zailtasunik aurkituko dute.
Adibidez, medikuarengana joateko itzultzaileei ez diete deitzen eta azkenean paperaren bitartez ulertzen dira. Ezpainak irakurriko dituela pentsa dezakegu baina ezpainaren irakurketa ona izateko ondo ahozkatu behar da, ezin da bueltarik eman, argia egon behar da… eta gainera, %30 bakarrik jasotzen da. Azkenean idazten bukatzen dute eta idazketak ere zeinu hizkuntzaren egitura jarraitzen du. Dezente oztopo izaten dituzte beraien egunerokotasunean, medikuarengana joateko edo guk lasai asko egiten ditugun gauzatan. Nik uste euskaldunok enpatia gehiago sortzea badaukagula. Nonbaitera joaten zarenean zerbait eskatzera eta euskaraz ez dakitenean, nola sentitzen garen badakigu. Beraiei hori bera gertatzen zaie, baina askoz ere gehiagotan.
Eusko Jaurlaritzan egon naiz itzultzaile. Gela batean sartzen nintzen, gor bat zegoen, beste guztiak entzuleak ziren. Nik itzuli egiten nuen. Beraien harremana mugatuta gelditzen zen.
Denok ikasi beharko al genuke zeinu hizkuntza?
Nik uste dut, txikitatik ikasi beharko genukeela: jolas bezala hasi eta jakin. Norberaren hautua izango da erabili ala ez erabili, edo gehiago edo gutxiago saiatu. Madriden egon nintzenean ikusten nuen, entzuleek, zeinu hizkuntza zekitela. Txiki-txikitatik, haur eskolan, bi irakasle zituzten. Bat gorra eta bestea entzulea. Han gor kopurua handixeagoa zen baina entzuleek eta gorrek, erreferente bat zuten. Irakasle gorra eta irakasle entzulea. Biak ziren denen irakasleak eta zeinu hizkuntza zekiten askok eta askok, egunerokotasunean ikusi eta harremana zeukatelako. Eredu hori hona ekarri beharko litzateke.
Entzumen urritasuna duten pertsonei begira, Ordizian, Ordiziarrock jaialdiaren barruan, gorrei egokitutako kontzertua antolatu dute.
Polita hori da; gorrentzat bereziki ekintzak egin beharrean, beraientzat egokitutako ekintzak egitea. Goazen gauzak egitera, denontzat egokituta. Gauza asko egin daitezke. Adibidez, diskoetan, letrak, brailez idatzita egotea.
Pertsona entzuleen eta zeinu hizkuntzaren arteko harremanaz egingo du tesia
Heziketa Berezia ikasi zuen lehenengo Ainhoa Moiuak. Hortik sortu zitzaion zeinu hizkuntza ikasteko gogoa. Bilbon ikasi zuen. Itzultzaile lanean ari zen bitartean, Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitatean, Hizkuntzen psikopedagogia ikasketak egin zituen.
Huheziko irakaslea da orain eta itzultzaile lana baztertuta dauka. “Lanetik kanpoko orduetan zerbitzuren bat edo beste egiten dute, ez dutelako itzultzaile euskaldunik aurkitzen”, zehaztu du Moiuak.
Irakasle lanaz gain, beste lan batean ere ari da: tesia egiten. “Zeinu hizkuntzaren inguruan egiten ari naiz. Zeinu hizkuntzaren inguruko lehenengo euskarazko lana izango da. Dokumentazio guztia ere gazteleraz eta ingelesez dago. Ea ekarpen txiki bat egin dudan”.
Orain arte bere ikasketak lotuko ditu tesia egiteko. “Zeinu hizkuntza ikasten ari diren pertsona entzuleek nola ekoizten duten eta zein transferentzia egiten dituzten ahozko hizkuntzatik zeinu hizkuntzara aztertuko dut. Ea entzuleek zein hizkuntza ikasten duten. Gorrei erakusten zaie ahozko hizkuntza, logopedarekin aritzen dira txiki-txikitatik. Beraiek urratsa eman dute, goazen gu ere beste bat ematera. Nahiz eta ahozko hizkuntza erabili eta nahiz eta gorrak hitz egiten jakin, nik esaten dudana ez du ondo jasoko, ahozko hizkuntza baita oztopoa sortzen duena. Zeinu hizkuntza erabiliz gero, zubia eraikita gelditzen da”.
1960an esan zen zeinu hizkuntza hizkuntza bat zela
Ainhoa Moiuak azaldu duenez, “1960an esan zen zeinu hizkuntza hizkuntza bat zela. Denbora gutxi da. Ikertzen hasi dira. Izendapen horrek status hobea ematen dio zeinu hizkuntzari. Aurretik debekatuta zegoen eta orain onartuta dago. Orain arte oso mugatuta egon da toki batzutan”.
2007an ere beste aurrerapauso bat eman zen. “Estatu mailan, zeinu hizkuntza aitortu zen hizkuntza moduan. Aitortu da baina ez da gehiago ikusten. Pentsatzen zen izugarrizko urratsa izango zela, toki guztietan ikusiko zela, baina lau urte beranduago, egoera, antzekoa da. Gu konsziente ez garen bitartean horrela geldituko da. Urratsak ematen hasten baldin bagara, gauzak antolatu, itzultzailea jarri eta poliki-poliki normaltzat hartzen pertsona bat itzultzen egotea… asko aurreratuko dugu”, gaineratu du goierritarrak.