Bilduk esandako “gezurrak eta irainak” salatu ditu EAJ-k, eta aurrerantzean izango duten jarrera azaldu du
Maiatzaren 22an egindako hauteskundeen ondoren, eta azken asteetan hainbat herritarrek egindako galderei erantzunez, EAJ alderdiak Beasainen eman dituen pausoak eta hartu dituen erabakiak eman ditu jakitera goizean udaletxean egin duten agerraldian. Hauteskundeetako emaitzak jakin ondorengo “negoziazio prozesuan”, Bildu koalizioak esandako “gezurrak eta betiko irainak” salatu dituzte jeltzaleek, eta prozesu horretan, zein udalak osatzeko egunean, EAJ-k izan zuen jarrera azaldu dute. Prentsaurrekoaren hasieran, Bilduk ekainaren 9an egindako agerraldian esandakoak ekarri ditu gogora Aitor Aldasorok, eta gaineratu du errealitateak erakutsi duela “Bilduk Eusko Alderdi Jeltzaleari leporatutakoak ez direla egia”. EAJ-k “herrigintza politika eta demokraziaren bidetik egin behar dela esan zuela eta euskal gizarteari bide hori erakutsi zaiola” esan zuenetik urte asko igaro direla ere gaineratu du, eta EAJ ez dela egon eta ez dagoela “demokrazia irentsi ezinik”. Horregatik guztiagatik, Beasaingo Udalean gobernua eskuratu dutenei eta ezker abertzaleari, “gezurra erabiltzeari eta urteetan erein duten giro nahasteari utzi diezaiotela” eskatu diete jeltzaileek. Demokrazian dena ez da libre EAJren arrazoia eta egitekoa, “Euskadi baketsu eta libre baten alde” egitea dela azpimarratu du Aldasorok, “Euskadi euskaldunon aberria” delako, herri bat delako eta herri eskubideak dituztela defendatzen dutelako. Horregatik, demokrazian dena ez dela libre esan du, eta hitza ez dagoela “irantzeko eta gezurra zabaltzeko” erabiltzerik, horrek “prezio” [...]
Maiatzaren 22an egindako hauteskundeen ondoren, eta azken asteetan hainbat herritarrek egindako galderei erantzunez, EAJ alderdiak Beasainen eman dituen pausoak eta hartu dituen erabakiak eman ditu jakitera goizean udaletxean egin duten agerraldian. Hauteskundeetako emaitzak jakin ondorengo “negoziazio prozesuan”, Bildu koalizioak esandako “gezurrak eta betiko irainak” salatu dituzte jeltzaleek, eta prozesu horretan, zein udalak osatzeko egunean, EAJ-k izan zuen jarrera azaldu dute.
Prentsaurrekoaren hasieran, Bilduk ekainaren 9an egindako agerraldian esandakoak ekarri ditu gogora Aitor Aldasorok, eta gaineratu du errealitateak erakutsi duela “Bilduk Eusko Alderdi Jeltzaleari leporatutakoak ez direla egia”. EAJ-k “herrigintza politika eta demokraziaren bidetik egin behar dela esan zuela eta euskal gizarteari bide hori erakutsi zaiola” esan zuenetik urte asko igaro direla ere gaineratu du, eta EAJ ez dela egon eta ez dagoela “demokrazia irentsi ezinik”.
Horregatik guztiagatik, Beasaingo Udalean gobernua eskuratu dutenei eta ezker abertzaleari, “gezurra erabiltzeari eta urteetan erein duten giro nahasteari utzi diezaiotela” eskatu diete jeltzaileek.
Demokrazian dena ez da libre
EAJren arrazoia eta egitekoa, “Euskadi baketsu eta libre baten alde” egitea dela azpimarratu du Aldasorok, “Euskadi euskaldunon aberria” delako, herri bat delako eta herri eskubideak dituztela defendatzen dutelako. Horregatik, demokrazian dena ez dela libre esan du, eta hitza ez dagoela “irantzeko eta gezurra zabaltzeko” erabiltzerik, horrek “prezio” bat duelako: “politika hondoratzea, usteltzea eta herritarren mesfidantza eragitea politikarekiko”.
Eusko Alderdi Jeltzaleak halako jarrerarik eta jokabiderik ez duela onartuko argi utzi du Aldasorok, ezta “aro berria hasten den honetan ere”.
Jokabidea “argia eta finkoa”
Hauteskundeen ondoren, udalean ordezkaritza lortu duten gainerako alderdiekin, “eta batik bat alkatetza lortu duen koalizioarekin”, izan dituzten bileretan eta alkatea aukeratzeko egunean, EAJ-k izandako jokabidea “argia eta finkoa” izan zela jakinarazi dute. Bildu koalizioak adina zinegotzi izanda (seina bakoitzak), hautagaitza ez erretiratzea eta euren buruei bozka ematea erabaki zuten. Alkatetza lortzeko, beste zinegotzi taldeekin “inongo negoziaketarik ez izatea” ere izan zen EAJren erabakia. Baina, hala eskatu gabe, gehiengoa eskuratzen bazuten, alkatetza hartzeari uko ez egitea ere erabaki zuten hauteskundeetako emaitzak aztertuta.
Bildurekin lau bilera egin zituen EAJk Beasainen, “Bildu koalizioak deituta”. Bilera horien ondoren, inongo eskaintza proposamenik ez zutela lortu argitu du Aldasorok, “ez alkatetzaren gaian, ezta udalaren gobernagarritasuna lortzeko garaian”.
EAJren ustez beraz, argi dago udal lanaren gidaritza Bildu koalizioaren esku dagoela, eta ez beraien esku. Hala ere, Aldasoro eta gainerako taldekideak, lanerako prest agertu dira, EAJ-k Beasainerako prestatutako “hauteskunde programan aurreikusitako gaiak udaleko taldeen arteko adostasunak lortzen ahaleginduz, aurrera ateratzeko”.
Alkate izendatu zutenean, Koldo Agirrek esan zituen hitzak ere hizpide hartuta, Aldasorok esan du “ETAren indarkeriak edo eskuin muturreko indarrek eta Estatutik sustatutako politika antiterroristak, pertsona askoren bizitzan jo” duela, eta beraz, ez dutela onartzen bakoitza bere mailan, arazoaren parte denak izan direla esatea.
Hildo horretan, “Gipuzkoako udaletatik bakea eraikitzen hasteko plan bat” du EAJ-k. Berraskidetze prozesuari ekiteko, norbanakoaren eskubideak eta herri mailako talde eskubideak errespetatzea “ezinbestekoa” da Beasaingo jeltzaleen ustez, eta hori lortzeko, Bildurekin eta udaleko gainerako alderdiekin elkarlanerako aritzeko prest agertu dira.
Hauteskundeetan EAJ alderdiari botoa eman zioten 1.905 beasaindarrei eskerrak ere eman dizkiete goizeko agerraldian, beraiengan jarri duten konfidantzagatik, eta “azkeneko legealdiko lauak barne, aurreko 32 urtetan jarraian egindako kudeaketa lana eta aurkeztutako taldearen egokitasuna” baloratzeagatik eta aukeratzegatik.