Desafiorako egin duten kartela
Euskaldunak berezkoa omen du apusturako grina. Askotan ez da aitzakia handirik behar izaten. Sos batzuk, eztabaida bat edo ohorea tartean jarri ezkero, berehala berotzen da odola. Hori gertatu zitzaien Iñaki Aierbe aizkolari ataundarrari eta Iñaki Montoya harakin beasaindarrari. Eztabaida bat tarteko, ados ezin jarri eta elkarri desafioa botatzea erabaki zuten. Biek, aizkorak hartu eta proba berezia jokatuko dute igande honetan, Abaltzisketako plazan. Aizkoran ariko dira biak, bata esku bakarrarekin eta bestea biekin, ordea.
Elkar ezagutzen dute Aierbek eta Montoyak. Lanbidez igeltseroa da Aierbe, eta Montoya harakinaren lokal batean egiten ari ziren berritze lanak zirela eta, eztaida piztu zen bien artean. Batek era bateko erreforma nahi zuen, eta besteak oso bestelakoa. Kostako errepidetik barrena zetozela, eguna eztabaidan katramilatuta pasatu ordez, gaiz aldatu eta Getariako txakolindegi batean bukatu zuten, beste lagun batzuekin batera. Han, txakolin eta upel artean, berriro atera zuten gaia. Orduan ordea, prezioarekin ez ziren ados jartzen. Montoyak, erreformak utzi eta hobe lukeela berriz ere aizkoran hasi bota zion Aierberi. Hark berriz, bera bezalako batekin esku bakarra nahikoa izango lukeela erantzun zion.
Eta hala, eztabaida soil batetik sortu zen desafioa. Bi lagunek, Montoyak eta Aierbek, kanaerdiko pago enbor bana moztu beharko dute; aizkolariak ordea, esku bakarrarekin jardun beharko du. Enborra aurrena mozten duenak irabaziko du. Ez dago dirurik tartean; irabazten duenak edukiko du arrazoia, konponketen inguruan sortutako eztabaidan. Aierbek duda handirik gabe onartu zuen Montoyak botatako erronka.
Desafioa biren arteko kontua bada ere, inguruan lagun dezente batu zaizkie. Haietako batek, desafioa «gune neutralean» jokatzea proposatu zien; ez Ataunen eta ez Beasainen, Abaltzisketan, San Joan jaiak direla aprobetxatuta. Biak ados. Baina toki neutrala ez ezik, epaile inpartzial bat ere behar zuten. Norengana joko eta biek laguna duten Ataungo Rafaelene tabernako Rafaelengana jo zuten. Hark ere ez zuen dudarik egin, «ideia ederra, ideia ederra» esan omen zuen.
Entrenamendu saio gogorrak
Lagunartean eta beroaldian erronka botatzea gauza bat da, baina aizkora apustu batek, serio entrenatzea eskatzen du. Horretarako, bakoitzak erakusle edo botillero bana aukeratu zuen. Iñaki Aierbek, maisu eta eredu izan duen aita, Joxe Aierbe aizkolari beteranoa. Iñaki Montoyak berriz, bere lankide eta sozioa, Iñaki Azurmendi aizkolaria.
Gogotsu eta indarrean hasi zen Montoya, gehiegi agian, eta berehala etorri zitzaion buelta. Eskuak babaz josita eta «lehertzeko zorian» jarri zitzaizkion, eta ezinezkoa zen horrela entrenatzea. Desafioa atzeratzeko ere eskatu zuten, baina ez aurkaria, ez gainontzeko lagunak, ez zeuden ados. Amore ematekotan ere egon zen Montoya, baina aurrera jarraitu eta pilotarien mediku batengana jotzea erabaki zuen, eskuetako arazoetan adituak dira eta. Uste baino lehenago errekuperatu zen Montoya, eta prest izango da igandeko desafiorako. Iñaki Aierbek ere gogor jardun behar izan du, esku bakarrarekin entrenatzen.
Desafioa, igande eguerdian jokatuko dute, 12:30ean hasita, Abaltzisketako San Joan plazan. Horrela, auzi bat konpontzeko apustuaren bideari heldu diote. Haiek diotenez, «antzina gure arbasoek egiten zuten moduan gauzatuko da justizia, edukazioz, zintzotasunez eta ausardiaz».