Ataungo Aizkoatek elkarteko festa ospatuko du bihar
Ataungo Aizkoate kultur elkarteak bazkideen arteko festa eguna antolatu du biharko, larunbata. Arratsalde osoan ekitaldiak eta ikuskizunak izango dira, eta jaiari bukaera afariarekin emango diote, bertsolariek lagunduta. Lehenbizi, 17:00etarako, toka t...
Ataungo Aizkoate kultur elkarteak bazkideen arteko festa eguna antolatu du biharko, larunbata. Arratsalde osoan ekitaldiak eta ikuskizunak izango dira, eta jaiari bukaera afariarekin emango diote, bertsolariek lagunduta.
Lehenbizi, 17:00etarako, toka txapelketa jarri dute. 17:15erako eman behar da izena parte hartzeko. Jokoak dirauen bitartean pintxoak eta edariak zerbitzatuko dituzte, eta tokalarientzat sari «bikainak» daudela iragarri dute.
Ondoren, 18:00etan, bazkideen arteko kirol erakustaldia prestatu dute, parte har dezaten bultzatzeko. 20:00etan, argazki lehiaketako saridunen berri esan eta dagozkien sariak emango dizkiete.
Aizkoate mendia (Ataun) eta bere ingurua izan du argazki lehiaketak gai. Zortzi argazkilarik parte hartu dute, eta bakoitzak hiruna erretratu entrega zitzakeenez, sorta dotorea bildu dute. Irudi guztiekin erakusketa jarriko dute Aizkoate elkartean.
Festa borobiltzeko, gauean afaria egingo dute bazkideek.
Elkartearen urteroko jaia
Aizkoate kultur elkartea 1959an sortu zuten 21 ataundarrek. Gaur egun ehun bazkide pasatxo dira. Elkartearen eguna urtero ospatzen dute, San Pedro inguruan, orain dagoen lokala 2003ko ekainaren 29an inauguratu zutelako, garai berria irekiz. Hurrengo asteburuan Aiako jaiak direla-eta, aurreratu dute aurten biharrera.
San Martin auzoan du egoitza Aizkoate elkarteak, zinemaren atzealdean, eta han egingo dituzte biharko festa-ekitaldiak.













