Zeraingo kartzela, Gipuzkoan gelditzen den bakarra
Kartzela hitza entzuten dugunean zuzenean espazio txikiko lokal bat eta burdinezko barrak datozkigu burura. Horiek dira ezaugarririk nabarmenenak, baina batetik bestera badaude aldeak, eta zer esanik ez, historian atzera egiten badugu, egungo kartzelek eta lehengoek ez baitute antzik. Antzinako kartzelak nolakoak ziren ikusteko ordea, filmetara edota liburuetara jo behar izaten dugu normalean, osorik gutxi baitaude. Zeraingo kartzela da horietako bat, aurten 300 urte bete arren ia garai hartako itxura mantentzen du. Bisitaria udaletxearen beheko partean dagoen Ostatutik barrena sar daiteke Zeraingo kartzelaren barrura. Ez da oso handia, baina garai hartako beharrei erantzuteko adinakoa bai. Horma lodiak ditu, haritz egurrezko oholez estaliak eta zur bereko habe sendoekin. Bertan preso bat baino gehiago lotuta edukitzeko zurezko zepoa eta kate sendoak ageri dira. Erabakia 1705ean hartua 1705eko ekainaren 18an erabaki zuten udalbatzarrean Olabide baserriko orubetan udaletxea eraiki behar zela. Hitzarmen-agiriko baldintzen artean, bazen bat esaten zuena, egingo zen eraikuntza berriak abereentzat ikuiluak behar zituela izan eta horrekin batera baita kartzela, biltegia, labea, ostatua eta bozadera ere. Garai hartan ohikoa izaten zen udaletxeetan gela batzuk kartzeletarako erabiltzea. Gipuzkoako Batzar Ngusiek ere maiz hitz egin zuten probintziako herri bakoitzak bere kartzela edukitzearen beharraz. Horrela udaletxearekin batera 1711. urtean eraiki zuten Zeraingo kartzela. Eraikina bere osotasunean [...]
Kartzela hitza entzuten dugunean zuzenean espazio txikiko lokal bat eta burdinezko barrak datozkigu burura. Horiek dira ezaugarririk nabarmenenak, baina batetik bestera badaude aldeak, eta zer esanik ez, historian atzera egiten badugu, egungo kartzelek eta lehengoek ez baitute antzik. Antzinako kartzelak nolakoak ziren ikusteko ordea, filmetara edota liburuetara jo behar izaten dugu normalean, osorik gutxi baitaude. Zeraingo kartzela da horietako bat, aurten 300 urte bete arren ia garai hartako itxura mantentzen du.
Bisitaria udaletxearen beheko partean dagoen Ostatutik barrena sar daiteke Zeraingo kartzelaren barrura. Ez da oso handia, baina garai hartako beharrei erantzuteko adinakoa bai. Horma lodiak ditu, haritz egurrezko oholez estaliak eta zur bereko habe sendoekin. Bertan preso bat baino gehiago lotuta edukitzeko zurezko zepoa eta kate sendoak ageri dira.
Erabakia 1705ean hartua
1705eko ekainaren 18an erabaki zuten udalbatzarrean Olabide baserriko orubetan udaletxea eraiki behar zela. Hitzarmen-agiriko baldintzen artean, bazen bat esaten zuena, egingo zen eraikuntza berriak abereentzat ikuiluak behar zituela izan eta horrekin batera baita kartzela, biltegia, labea, ostatua eta bozadera ere.
Garai hartan ohikoa izaten zen udaletxeetan gela batzuk kartzeletarako erabiltzea. Gipuzkoako Batzar Ngusiek ere maiz hitz egin zuten probintziako herri bakoitzak bere kartzela edukitzearen beharraz. Horrela udaletxearekin batera 1711. urtean eraiki zuten Zeraingo kartzela.
Eraikina bere osotasunean Oamendiko harrobiko harriekin egin zuten, Zeraingo beste eraikin batzuk bezala, hala nola, Jauregi eta eliza. Harri horrek burdin betak ditu eta horrek bihurtzen du berezi. XVI. mendean oso preziatua zen nonbait. Oñatiko unibertsitatearen proiektuan esaterako jartzen zuen, eraikina derrigorrez Zeraingo Oamendiko harrobiko harriekin egin behar zela, eta horrelaxe egin zuten.
Garai hartan etxeak harriz eta buztinez eraikitzen zituzten. Ez zen nonbait hain zaila pareta puskatu eta kartzelatik ihes egitea eta hori saihesteko estali zituzten Zeraingo kartzelako hormak haritzezko oholez.
Bi preso mota
Zeraingo kartzelan bi preso mota egon ohi ziren. Batetik, lapurreta edo mozkorraldi baten ondorioz egun gutxiko zigorra bete behar zutenak. Horiek Zeraingo kartzelan bertan betetzen zuten beraien kondena. Bestetik, zigor gogorragoa eta luzeagoa zuten presoak, hala nola, bide-lapurrak, kontrabandistak… Zigor luzeak bete behar izaten zituzten horiek eta kondena betetzera Kantauri itsasoko galeretara eramaten zituzten. Zeraingo kartzela pasoko kartzela zen mota horretako presoentzat. Kostaldera bidean galeretara zeramatzatela gaua bertan pasatzen zuten.
1835. urtean lehen karlistada garaian, Aizpeako meategietan lan egitera ekarritako 26 preso ere egon ziren Zeraingo kartzelan. Meategietan lanik gogorrenak egin behar izaten zituzten.
Presoak edukitzeko moduak
Kartzela barruan presoak hiru modutan egoten ziren. Preso arriskutsuenak, esku-burdinen eta kateen bidez hormari lotuta edota zepoan harrapatuta, lurrean etzanda egoten ziren. Badago sarde moduko bat ere paretari lotuta zeuden presoei lepo parean jartzeko. Preso horiek ezin izaten zuten mugitu, bestela sardearen erdiko hortza eztarrian sartzeko arriskua baitzegoen. Preso ez arriskutsuak berriz, ez zituzten lotzen.
XX. mendean pixkanaka erabiltzeari utzi egin zioten eta egun Euskal Herriko zein Zeraingo historiaren altxor preziatu gisa mantentzen dute Gipuzkoan geratzen den XVIII. mendeko kartzela bakar hori, beste herri batzuetan aztarnak egon arren osorik ez baitago inon.
Kartzela 1991an eraberritu zuten, baina orokorrean orduko itxura bera du . Hori bai, argi batzuk eta gizaki itxurako panpina batzuk badaude bisitariek hobeto ikusteko eta garai hura hobeto islatzeko. Zurezko zepo originala berriz, museora eraman zuten eta kartzelan dagoena kopia bat da.
Girgiluak
Zeraingo Udalak kartzela horri lotuta, kartzelako elementu desberdinen bilduma bat dauka erosita. Bildumaren parte dira presoei hankak lotzeko erabiltzen zituzten girgiluak (grillete). Horietatik batzuk Ostatuan, kartzelaren sarreran daude ikusgai.