Ataun Aian asteburu osoa hartuko dute Santa Ixabel auzo-festak ospatzeko
Ataungo hiru auzo nagusien artean, egutegian lehendabizikoaren festak asteburu honetan ospatuko dira: santixabelak, Aian. Hiru egun hartuko dituzte, bezpera, zaindariaren festaburua eta biharamuna. Astebukaera osoa ia atsedenik hartzeko betarik gabe hornitu dute egitarauz. Haurrentzako pentsatuta jarri dute lehen jai-eguna, ostiralekoa. Larunbata zaindariaren gorespeneko ekitaldiekin hasi eta Aian horren ohikoa den kontzertu indartsu batekin bukatuko da. Igandea, berriz, parranda ondorenerako ikuskizunekin jantziko dute, nahiz eta bukaerarako plater zaporetsua utzi duten: sagardo eta sardina banaketa. Zopilotes, Indarra eta Laket Festaleku handi izateko irrikari fin eusten dio Aiak. Garai bateko Minxoriak talde mitikoaren emanaldiak, edo berrikiago Gozategiren erromeria jendetsuak izan diren oholtzara hiru musika talde gonbidatuko dituzte, larunbat gauerako: Los Zopilotes Txirriaos iruindarra, Indarra eta Laket. Kojon Prieto y los Huajalotesen ondorengoek disko berria aurkeztuko dute, taldekideen artean Eneko Dorronsoro ataundarra dela. Jan-edanak ere egunero hartuko du tokia. Etzi gauean herri afaria izango da, eta zapatuan oturuntza eskaintza bikoitza dago: herri bazkaria, eta gazte afaria. Eraztuna hatzera bezainbeste urte sasoiari jan-edanik ezkontzen bazaio, uda aldean sardina erreak eta sagardoa dira horiek. Igande arratsean banatuko dituzte, dantza lehiaketa bukatutakoan, Santa Ixabel jaiei aurtengoz agurra goitik egiteko. Dantza solte txapelketa Zilarrezko ekitaldia iaz bete ondoren, 26. ekinaldiarekin jarraituko du aurrera Aiako Dantzari Txiki txapelketak. Ohi [...]
Ataungo hiru auzo nagusien artean, egutegian lehendabizikoaren festak asteburu honetan ospatuko dira: santixabelak, Aian. Hiru egun hartuko dituzte, bezpera, zaindariaren festaburua eta biharamuna. Astebukaera osoa ia atsedenik hartzeko betarik gabe hornitu dute egitarauz.
Haurrentzako pentsatuta jarri dute lehen jai-eguna, ostiralekoa. Larunbata zaindariaren gorespeneko ekitaldiekin hasi eta Aian horren ohikoa den kontzertu indartsu batekin bukatuko da. Igandea, berriz, parranda ondorenerako ikuskizunekin jantziko dute, nahiz eta bukaerarako plater zaporetsua utzi duten: sagardo eta sardina banaketa.
Zopilotes, Indarra eta Laket
Festaleku handi izateko irrikari fin eusten dio Aiak. Garai bateko Minxoriak talde mitikoaren emanaldiak, edo berrikiago Gozategiren erromeria jendetsuak izan diren oholtzara hiru musika talde gonbidatuko dituzte, larunbat gauerako: Los Zopilotes Txirriaos iruindarra, Indarra eta Laket. Kojon Prieto y los Huajalotesen ondorengoek disko berria aurkeztuko dute, taldekideen artean Eneko Dorronsoro ataundarra dela.
Jan-edanak ere egunero hartuko du tokia. Etzi gauean herri afaria izango da, eta zapatuan oturuntza eskaintza bikoitza dago: herri bazkaria, eta gazte afaria.
Eraztuna hatzera bezainbeste urte sasoiari jan-edanik ezkontzen bazaio, uda aldean sardina erreak eta sagardoa dira horiek. Igande arratsean banatuko dituzte, dantza lehiaketa bukatutakoan, Santa Ixabel jaiei aurtengoz agurra goitik egiteko.
Dantza solte txapelketa
Zilarrezko ekitaldia iaz bete ondoren, 26. ekinaldiarekin jarraituko du aurrera Aiako Dantzari Txiki txapelketak. Ohi bezala, dantzari gaztetxoentzako hitzordua da, eta solteak jardun beharko dute.
Hogeita bosgarren urtea da aiarrak dantza lehiaketarekin hasi zirela. Efemeridea gogoratzeko, eta urterik urte haurren artean euskal dantza sustatzeko lana goresteko, maiatzeko azkeneko igandean izan zen festa berezia, hasieratik ekitaldiz ekitaldi partaide izan ziren dantzariak, asko dagoeneko helduak, elkartuta.
Igande eguerdian herriko pilotarien erakustaldiekin gozatzeko modua ere izango da. Hiru partida jokatuko dituzte, adinez behetik gora. Kimuak edo alebinak lehenbizi, gazteak edo jubenilak ondoren, eta afizionatuek borobilduko dute Aiako jaialdia.
Egitaraua
Ostirala
• 16:30. Kiki eta Koko pailazoak, eta haur jolasak. Txokolate jana.
• 21:00. Afaria.
• Ondoren. Erromeria, Santi eta Katxo trikitilariekin.
Larunbata
• 11:00. Meza.
• 12:00. Otsoak taldearen dantza saioa. Ondoren, otamena.
• 14:00. Herri bazkaria.
• 18:00. Toka txapelketa.
• 21:00. Gazte afaria (txartelak aurrez salgai, ohiko tokietan).
• 23:00. Kontzertua: Indarra, Los Zopilotes Txirriaos, Laket.
Igandea
• 12:30. Pilota partidak: kimuak (Zubizarreta-Etxeberria), gazteak (Ibai Arratibel-Zaldua) eta afizionatuak (Jon Arratibel-Goikoetxea).
• 18:00. Dantzari txikien 26. txapelketa.
• Ondoren. Sagardo eta sardina dastaketa