Egunotako beroak jotako kontuak
Barazki asko erre ditueneko kontua ahoz aho ibili da, baina datozenak aurreratua datozela ere begi bistakoa da, gaur ekarri dituzten lehen leka gorriak (5 euro kiloa) eta igitaia motakoak (6 euro). Azken hauek dira leken artean estimazio handiena dutenak, gutxiago ematen dute, baino mami hobea duteneko fama dute. Eta formak ere bereizten ditu, izenak izanaren marka du, igitaiaren itxura alegia. Leka gorria esaten zaiona, berriz, gordina gorrizka kolorekoa da, egosterakoan kolore hori galdu egiten du. Poliki poliki geroz eta ezagunagoa eta preziatuagoa da, Maria Jesus Mujika Baliarraingoak esaten duenez. Denak aire librekoak ziren. Lasatarrak oporretan «Gaur San Pedro, plazan dantzarako adina leku». Hala esan digute iritsi orduko, plaza barruan Lasaren postuak utzitako hutsunea nabarmenduz. Haren inguruan elkartu ohi da kuadrila mordoxka asteazkeneroko feriaren aitzakian, perretxiku kontuak, eguraldiaren gorabeherak eta asteko gertakizunak aipagai, hamaiketako ederrak egitera joateko topaleku izaten baita. Lasatarren oporrak ez dira oharkabean pasatzen! Gainera honen faltan perretxiku eta onddo eskaintza askoz murritzagoa zen. Udaberriko zizen denboraldia bukatu da. Hemengo gibelurdin eta onddoak ekarri dituztenak, gutxi baziren ere, zuzenean tabernariekin egin dituzte tratuak, eta Baliarraingo Edurneren mahaian zegoen gibelurdin, zizahori eta onddoz osatutako kiloa izan ezik, gainerako guztiak Basoakoak zituzten. Feriara ere bizikletan Hala ibili dira gaur momentu berean [...]
Barazki asko erre ditueneko kontua ahoz aho ibili da, baina datozenak aurreratua datozela ere begi bistakoa da, gaur ekarri dituzten lehen leka gorriak (5 euro kiloa) eta igitaia motakoak (6 euro). Azken hauek dira leken artean estimazio handiena dutenak, gutxiago ematen dute, baino mami hobea duteneko fama dute. Eta formak ere bereizten ditu, izenak izanaren marka du, igitaiaren itxura alegia.
Leka gorria esaten zaiona, berriz, gordina gorrizka kolorekoa da, egosterakoan kolore hori galdu egiten du. Poliki poliki geroz eta ezagunagoa eta preziatuagoa da, Maria Jesus Mujika Baliarraingoak esaten duenez. Denak aire librekoak ziren.
Lasatarrak oporretan
«Gaur San Pedro, plazan dantzarako adina leku». Hala esan digute iritsi orduko, plaza barruan Lasaren postuak utzitako hutsunea nabarmenduz. Haren inguruan elkartu ohi da kuadrila mordoxka asteazkeneroko feriaren aitzakian, perretxiku kontuak, eguraldiaren gorabeherak eta asteko gertakizunak aipagai, hamaiketako ederrak egitera joateko topaleku izaten baita. Lasatarren oporrak ez dira oharkabean pasatzen!
Gainera honen faltan perretxiku eta onddo eskaintza askoz murritzagoa zen. Udaberriko zizen denboraldia bukatu da. Hemengo gibelurdin eta onddoak ekarri dituztenak, gutxi baziren ere, zuzenean tabernariekin egin dituzte tratuak, eta Baliarraingo Edurneren mahaian zegoen gibelurdin, zizahori eta onddoz osatutako kiloa izan ezik, gainerako guztiak Basoakoak zituzten.
Feriara ere bizikletan
Hala ibili dira gaur momentu berean Maria Pilar Zumeta beasaindarra eta Maria Jesus Zubeldia ordiziarra, bizikletan etorriak eta feria gunean bertan bizikleta eskuan. Erosketak eramateko ondo egokituak zituzten biek ala biek, eta aho batez ea jende gehiago animatzen den zioten.