Gaur utziko dute aske Euri Albisu segurarra
Gaur utziko dute aske Euri Albisu segurarra, 10.000 euroko fidantza ordainduta. Iazko otsailaren 15ean atxilotu zuten Seguran, Ibai Beobide ustezko etakidearekin “lotura” izatea egotzita. Segurarraren senitartekoek adierazi dutenez, atzo igaro zen Albisu epailearen aurretik, eta gaur aske utziko zutela jakinarazi zien. Azkeen asteetan Leonen egon da preso Albisu, eta gaur gauean Segurura iristea espero dute.
Atxilotu ondorengo egunetan, Guardia Zibilen esku egondako inkomunikazio aldian “tortura gogorrak” jasan zituela salatu zuen Albisuk. Poltsa buruan sarri jarri ziotela, ariketa fisiko asko eginarazi zizkiotela, kolpatu egin zutela, eta mehatxuak, irainak eta umilazioak etengabeak izan zirela adierazi zion inkomunikazio aldian Ismael Moreno epaileari.