Urretxuko Arau Subsidiarioak onartu dituzte, partzialki bada ere
Irakurri Boletineko ebazpena [.pdf]
Atzoko Gipuzkoako Boletin Ofizialean eman zuten Urretxuko Arau Subsidiarioen onarpenaren berri. Arauak funtsean onartzen badituzte ere, Irimo lantokiaren gunerako proposamenak atzera bota ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lizeoari, Caminerosi eta Ormazabal etxeari dagokienez, behin betiko onarpena eten egin dute, atzera bota gabe. Irimo gunean aurreikusita zituzten babes ofizialeko etxebizitzak birkolokatzean egingo dute aurrera ere gune hauek.
Oro har, Foru Aldundiak Arauak onartu egin ditu, Irimoko, Lizeoko, Camineroseko eta Ormazabal Etxeko guneetarako izan ezik. Gainontzeko gune eta proposamenek aurrera egingo dute, hala nola, Ikastolak,
Irimoko guneari dagokionez, boletinak Garapen Iraunkorreko Departamentuaren 2011ko ekainaren 10eko txostenak jasotzen duena errepikatzen du: “Irimo 5. AII arearako proposatzen den bizitegi garapenean ez dago bermatuta arauz bizitegiek bete behar dituzten ingurumen kalitateko helburuak beteko direnik; beraz, ezin da behin betikoz onartu”
Txostenak dioenez, “Irimoko zonaldean nabarmen gainditzen dira etxebizitza eta industria eremuetarako ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak”. Helburu horiek lortzeko Zumarragako ArcelorMittal plantaren industria jarduera eten” egin beharko litzatekeela ere jasotzen du txostenak, “eta hori ez dago udal planeamenduaren baitan, baizik eta haratago”.
Txostenak dioenez ere, lurzoruaren kalitateaz hitz egiterakoan arau subsidiarioek “ez du zehazten zein den lurzoruen alterazio maila edo kutsadura, ezta zein neurri zuzentzaile behar den bertan etxebizitzak jartzeko beharrezko diren baldintzak lortzeko”. Hori horrela, txostenak dioenez, “ezin da aukeren bideragarritasun ekonomikoaren estimazio egokirik egin”.
Airearen kalitatea ere aipatzen du txostenak. hala dio puntu honetan: “Airearen kalitatearen diagnosi bezala, azterketak Zumarragako Izazpi Auzoko estazioan (EAEko Airearen Kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko Sarea) lortutako balioak dakartza. Bertan partikula (PM10) balio altuak jasotzen dira, eta oraingoz ez da onartu eskualde edo udal planik airearen kalitatea hobetzeko». “
“Etxebizitza erabilerak hartzeko kokapenen arteko egokitasunari buruzko alderatze azterketa” ere falta dela dio txostenak.
Horregatik, boletinean datorrenez, Lizeoko proposamenen behin betiko onarpena “atzeratu egin behar da. Horietako etxebizitza babestuen erreserba Irimoko eremura aldatu delako, eta, horrenbestez, ez delako betetzen 2/2006 Legeko 82. artikuluak ezartzen duen babes ofizialeko etxebizitzen estandarra”
Hala, etxebizitza babestuei dagozkien legezko eskakizunak beteko dituen soluzioren bat ematen den arte “proposamen berrien behin betiko onarpena etenda utzi behar dela” diote boletinean.
Erreakzioak
Urretxuko EAJk bere satisfakzioa agertu du arauen onarpenagatik. “Guk garatuko genituenak ez izanagatik ere, 4 urte iraun dituen prozesu honetan EAJren oinarrizko alegazioa jasotzen dute: Irimo ezin dela etxebizitzen gune bat izan”. Hala, “arauen onarpenak Ikastolakoa bezain proiektu garrantzitsuen garapena errazten” duela ere esan du EAJk.
Orain, korporazio berriak Lizeoko, Camineroseko eta ormazabal Etxeko guneak berriro definitu beharko dituztela esan du EAJk. Amaitu duenez, “aurrera egin dezaketen proiektuekin hasi gaitezke, Ikastolarenarekin bezala, eta apustu serio bat egin behar da Irimoren erregenerazioarekin aktibitate ekonomikoei dagokienez”.