Udal batzordeetan parte hartzeko izen-ematea ireki dute Legorretan
Aurreko legealdiko bideari jarraituz, Legorretako Udalak 2011-2015 agintealdian ere batzorde irekiak sortuko ditu, parte hartzeko interesa duten edozein herritarrekin osatuak. Hurrengo ostiralera arte, uztailak 15, zabalik dago izena emateko epea. Udal...
Aurreko legealdiko bideari jarraituz, Legorretako Udalak 2011-2015 agintealdian ere batzorde irekiak sortuko ditu, parte hartzeko interesa duten edozein herritarrekin osatuak. Hurrengo ostiralera arte, uztailak 15, zabalik dago izena emateko epea.
Udalak herritar guztiei egin die lan-taldeetan parte hartzeko gonbita, herriko erakundea kudeatzeko «herritar guztiek parte hartu ahal izateko bide errealak irekitzea garrantzitsua» delako.
Momentuz zazpi batzorde edo lan-talde bereizteko asmoa dute: demokrazia parte-hartzailea; ongizatea; etxebizitza eta hirigintza; ogasuna; zerbitzuak; kultura, euskara, kirola eta gazteria; eta landa eta ingurumena.
Zazpi talde horiek jarriko dituzte indarrean, eta besteren bat sortzea beharrezko ikusten bada sortzeko bidea irekita utzi dute.
Proposamenak egiteko tokia
Talde horiek «proposamenak egiteko» funtzioa izango dute, ondoren udaleko «erabaki organoetara» bideratzeko. Batzorde bakoitzak bere eskumenekoak dituen gaiak aztertuko eta diagnostikatuko ditu. «Horretarako beharrezkoak dituzten agiriak eta materialak izango dituzte», aurreratu du Udalak.
Herritar bakoitza nahi duen taldeetan sar daiteke; intereseko zaion zerrendetan izena eman behar du horretarako. Lan-taldeen koordinazioa udal zinegotziak burutuko du, eta laguntzailea ere izango du. «Taldea koordinatzeaz gain, bileren deialdiak egingo dituzte, eta lan-taldeak ondo funtziona dezan beharrezko materiala emango diete».
Izena udaletxeko idazkaritzan eman behar da, hilaren 15erako. Lehen bileran finkatuko dute taldearen funtzionamendua.