Zaldibiako Txamarretxen larunbatean egingo dute urteko festa auzotarrek
Zaldibiako Txamarretxe auzune zaharra dantzarekin lotuta dago, ezinbestean. Inguruko Kanpandegi kale-etxean jaio, eta auzoko plazatxoko Aztiriagan bizi eta hil zen Juan Inazio Iztueta idazle eta dantzari ospetsua (1767-1845). Gaur egun auzoan bueltatxo bat egitea nahikoa da zaldibiar ezagunenetarikoari dioten kultuaz eta oroimenaz jabetzeko. Oroitarri, plaka eta idatzi ugari daude Txamarretxeko etxeen hormetan. Lauzpabost etxe dira, plazatxo baten bueltan, baina historia mamitsua duena. Urteko festa larunbatean ospatuko dute bizilagunek. Arratsean hasiko dute egitaraua, herriko Iztueta dantza taldearen emanaldiarekin, nola ez. Auzoko beste dantzari iaio baten berri ere ematen du Iturritza etxeko inskripzioak: Iztuetaren jarraitzaile izan zen Jose Antonio Olano 1821ean jaiotako tokia da. Iztuetaren heriotzaren mendeurrenean udalak Iztueta Plaza izendapena eman zion Txamarretxeko zabalune bati, 1945ean jarritako beste plaka batek dioenez. 1929koak bi oroitarri daude: Eusko Ikaskuntzak Gipuzkoako dantzak liburuaren egileari gorazarre egin zionekoa, eta Olanoren jaioetetxean udalak jarritakoa. Donostiako Goizaldi elkarteak Iztuetaren jaiotzaren bigarren menduerrenean, 1967an, eskaini zion beste oroitarri bat. Artzainak eta errekarderak Zaldibiako pertsonaia ospetsuen sehaska eta museo bizi izateaz gain, auzoaren izenak ere iradokitzen du Txamarretxeren izaera: zamarra-etxe izenetik datorkio deitura Goiko Kaleren buruko etxe multzoari, antza denez garai batean zamarrak eta kapusaiak egiten zituztelako Elosegi-Enea etxean, agiri zaharrek diotenez. Artzaintzari estu lotuta dago, ez baita alferrik [...]
Zaldibiako Txamarretxe auzune zaharra dantzarekin lotuta dago, ezinbestean. Inguruko Kanpandegi kale-etxean jaio, eta auzoko plazatxoko Aztiriagan bizi eta hil zen Juan Inazio Iztueta idazle eta dantzari ospetsua (1767-1845). Gaur egun auzoan bueltatxo bat egitea nahikoa da zaldibiar ezagunenetarikoari dioten kultuaz eta oroimenaz jabetzeko. Oroitarri, plaka eta idatzi ugari daude Txamarretxeko etxeen hormetan. Lauzpabost etxe dira, plazatxo baten bueltan, baina historia mamitsua duena.
Urteko festa larunbatean ospatuko dute bizilagunek. Arratsean hasiko dute egitaraua, herriko Iztueta dantza taldearen emanaldiarekin, nola ez. Auzoko beste dantzari iaio baten berri ere ematen du Iturritza etxeko inskripzioak: Iztuetaren jarraitzaile izan zen Jose Antonio Olano 1821ean jaiotako tokia da.
Iztuetaren heriotzaren mendeurrenean udalak Iztueta Plaza izendapena eman zion Txamarretxeko zabalune bati, 1945ean jarritako beste plaka batek dioenez. 1929koak bi oroitarri daude: Eusko Ikaskuntzak Gipuzkoako dantzak liburuaren egileari gorazarre egin zionekoa, eta Olanoren jaioetetxean udalak jarritakoa. Donostiako Goizaldi elkarteak Iztuetaren jaiotzaren bigarren menduerrenean, 1967an, eskaini zion beste oroitarri bat.
Artzainak eta errekarderak
Zaldibiako pertsonaia ospetsuen sehaska eta museo bizi izateaz gain, auzoaren izenak ere iradokitzen du Txamarretxeren izaera: zamarra-etxe izenetik datorkio deitura Goiko Kaleren buruko etxe multzoari, antza denez garai batean zamarrak eta kapusaiak egiten zituztelako Elosegi-Enea etxean, agiri zaharrek diotenez. Artzaintzari estu lotuta dago, ez baita alferrik Aralar aldera azkeneko herri gunea. Duela urte batzuk omenaldia egin zieten bertako artzainei, festan, Maixa Nazabalek gogoratu duenez. «Artzain asko bizi ziren hemen. Gainera, mendira joateko artzainak hemendik abiatzen ziren, eta handik bueltan hona iristen ziren. Zamarrak eta kapak hartzen zituzten, eta itzuleran astindu».
Bestetik, errekardera lanbidea oso ohikoa zen Txamarretxen. Hornigaiak erosi, eta ferietan edo salpostuetan saltzen zituzten errekarderek.
Historiak istorio, auzotarrek prest daukate aurten ere festa. Antolatze lanetan ibili den Maixa Nazabalek argitu du orain 27 bat urte hasi zirela Txamarretxen jaia ospatzen. «Mutiko bat jaio zen, eta kanpotar batzuk tokatu ziren hemen. Berbena antolatu zuten, eta patata tortillak janez festa jarri zuten». Hurrengo urtean ez, baina geroztik Txamarretxeko auzotarrak biltzeko asmoan hutsik egin gabe ospatzen da.
EGITARAUA
Larunbata
- 19:00. Iztueta dantza taldea.
- 19:30. Toka txapelketa (izen ematea 19:00-19:30 artean).
- 19:30. Ardo eta sagardo banaketa.
- 20:30. Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariak.
- 21:00. Afaria, Arrese jatetxean.
- Ondoren. Bertsolariak, eta Agurtzane eta Jon Elustondo trikitilariekin erromeria.