«Arropa diseinatzea edozein gauzatik zerbait propioa ateratzea da, zurea»
Irati Auzmendik (Urretxu, 1989) moda diseinua ikasi du lau urtez Sabadellen (Herrialde Katalanak). Ikasketak bukatu ditu, eta amaierako proiektu gisa Mikel Laboa kantarian oinarritutako arropa bilduma sortu du. Proposamenak arrakasta izan du.
Mikel Laboan oinarritutako lan bat egin duzu…
Bai. Gaia librea da, eta hemengo inspirazioarekin zerikusia zuen zerbait hartu nahi nuen. Buruari buelta batzuk eman eta Laboaren abestiek aukera ugari ematen zituztela iruditu zitzaidan, eta bera aukeratu nuen. 15 look diseinatu behar izan ditugu, eta horietatik bost josi. Nik probak josi nituen eta tela onak, aldiz, jostunak.
Zergatik Mikel Laboa?
Duela bi urte inguru hasi nintzen gaiari bueltak ematen eta proiektu batzuetan froga egitea erabaki nuen: alde batzuetan bere alde esperimentala lantzen, beste batzuetan bere hitzek esaten zutena oinarri hartuta… Lau proiektu txiki edo, eginda nituen, eta horiek batuta hau atera zen. Bildumak Hamahiru du izena. Laboak diska guztiak zenbakiekin izendatu zituen, baina hamabitik hamalaura jauzi egin zuen, zorte txarraren zenbakia zelakoan. Bildumak hutsune hori betetzen du.
Eta nola eramaten da Mikel Laboaren abesti bat arropetara?
Guztiek berdina galdetzen didate [barrez]. Ez dakit. Gehienbat kontzeptualki islatu dut. Bere hitzak hartzen ditut, eta zer esaten duten begiratu. Txoriari asko abesten dio, eta txoriaren mugimendu librea irudikatzeko arropa oso zabalak egiten nituen, adibidez. Berokiek kaiola itxura zuten. Forma borobilduagoa dute, txoria hara joan ahal izateko, baina ez dute lotzeko modurik, kaiola beti irekita dagoela irudikatuz, txoriak ez dezan preso gelditzeko beldur hori izan. Koloreen aldetik, beti naturari eta halakoei abesten zienez, koloreek ere hori islatzen dute. Barrutik koloreak biziagoak dira: agian ez dugulako irudikatzen, baina gure sustraiak beti hor daudelako. Indar bat dutela erakutsiz.
Look-ak abestika eratu dituzu?
Ez. Laboa orokorrean hartu dut. Ehunduretan ere landu dut hori: Kaiola gantxiloarekin eginda landu dut, bordatuekin sustraiak irudikatu ditut…Kaleko arropa da. Hasieratik izan dut garbi egiten ditudan gauzak nahiko praktikoak direla. Lau urtetan karreran ez zait okurritu gauza arraroak egitea, eta ez nuen ikasturte bukaerako proiektuan gauza bitxiekin hasi nahi.
Ze harrera izan dute zure arropa bildumak eta zure lanak?
Eskolan oso harrera ona izan du bildumak. Hori azken notan ere irudikatzen da. Desfileetarako hartu izanak ere gustatu egin dela esan nahi du. Arropa sinplea da, baina nik nahi dudana transmititzen duela uste dut, eta gaiaz ulertzen duen eta ez duen jendeak gustatu zaiola esan dit… [umorez]. Ulertzen duenak alde teknikoari begiratzen dio, baina lagunei erakustean, polita dela esaten didate, eta jantziko luketela.
Zein desfiletarako hartu zintuzten?
Lehena duela hiru aste, azken proiektuko desfilea izan da. Graduatu garen 25 pertsonek aurkeztu genuen arropa desfile honetan. Beste desfile bat, FAT plataformarena izan da. Diseinatzaile berriei laguntzeko plataforma bat da, eta eskola bakoitzetik batzuk aukeratu gaituzte. Gure eskolatik hiru aukeratu dituzte, eta horien artean nire bilduma dago. Saririk ez dut lortu, baina horra iristea nahikoa sari da jada.
Nolako esperientzia izan da desfileena zuretzako?
Oso ona. Mundu honekin harremanetan hasteko balio du. Orain arteko desfile guztietan, modelo gisa gure lagunak ibili dira, baita makilatzen ere. Orain, mundu guztiko modeloekin, zure inguruan izen handiko jendea ikusten hasten zara. Errespetua ematen dizu, baina azkenean korrika eta presaka zabiltza.
Modelo profesionalekin egin duzu lan beraz…
Hiru modelorekin egin dut lan. Bat New Yorkekoa zen, beste bat Etiopiakoa eta hirugarrena Holandakoa. Mundu honetan ibilitakoak dira. Guk ez ditugu, ordea, desfileak ikusten. Atzean gaude: jantzi, kendu, jantzi… eta guztia antolatzen. Gero bideoak ikusi beharko ditugu.
Zaila da modaren mundua?
Bai, oso zaila da. Orain Massimo Duttirekin kolaborazio bat egiten ibili gara, eta hemen ere aukeratutako bat izan naiz, baina elkarrizketetan lautik bi hartu zituzten, eta bidean gelditu naiz. Hala ere, mundu honetan lagunak izateak askorako balio duela ikusi dut, abizenak… Euskal Herri mailan Bartzelonan baino aukera gutxiago ikusten ditut, baina badaude. Bizkaia aldean badira txapelketa batzuk, baina Gipuzkoan ez. Hasiberrientzako aukera gutxi dago. Orain, Balentziaga museoa badirudi Gipuzkoa aldean moda kontuak piztu nahian dabilela.
Behin ikasketak amaituta, nola hasten da pertsona bat modaren munduan bere ibilbidea egiten?
Apur bat galduta nago. Ez dakit oso ondo zertan hasi. Ingelesa beharrezkoa dela ikusi dut, eta orain hiru hilabetez edo, kanpora joateko asmotan nago, ikastera.
Zer da diseinatzea zuretzako?
Uf, betiko galdera da hori. Ba edozein gauzatik zerbait propioa ateratzea, zurea. Inspirazio gisa Laboaren abesti bat hartu dudan bezala, kaletik ateratako argazki bat ere har dezakezu, eta hortik, zeozer sortzeko gaitasun hori. Zeozer erabilgarrira, edo arropara eramateko prozesu hori.
Laguntza ere izan duzu…
Bai, nire bizilagun Deliari eta Pilarri eskerrak eman behar dizkiet; baita Andoni Beristaini, argazkilari gisa aritzeagatik, eta Ane Gerrari, modelo lanak egin dituelako.