Armada osatzerako joan beharra
Goierritar gehien-gehienak Eusko Gudarostearekin joan ziren gerrara lehen unean. Nafarroatik karlista talde bat ere sartu zen eskualdera, ‘Barandalla partida’. Anaien arteko guda’ deitu izan da 1936ko gerra. Herri bereko bizilagunak, askotan etxe bereko senideak, bi aldeetan aurkari eta arerio izan ziren. Lehen unean, hala ere, goierritar gehienak Errepublikaren aldeko tropetan sartu ziren, eta okupazioa Nafarroa aldetik sartutako errekete sailek burutu zuten. Ondoren, Euskal Herrian gerra frankistek irabazi zutenean, eta 1937ko Santoñako errendizioaren ondotik batez ere, gudari ibilitako asko Francoren aldeko gudarosteetan aritzera eraman zituzten, Miranda Ebroko kontzentrazio eremutik igaro ostean. Eusko Gudarostea 1936ko urrian eratu zen. Ordurako Goierri faxisten esku zegoen. Euskal Estatutua onartzea, Eusko Jaurlaritza eratzea eta Errepublikaren Iparreko Armadaren zati izango zen Euskal Armada gorpuztea bat etorri ziren. 1930eko hamarkadako eskakizun politiko nagusia autonomia estatutua lortzea izan zen Hego Euskal Herrian. Gerra piztuta eta frankisten erasoaldiak estatu guztira zabalduta zeudenean onartu zuen Azañaren gobernuak. Jose Antonio Agirrek lehendakari kargua hartu, eta lehen gobernua gerrari aurre egiteko osatu behar izan zuen. Joseba Rezola ordiziar jeltzalea, adibidez, Defentsa Saileko gerra idazkari izan zen. Ordurako armetara jo zuten gudari boluntarioekin eta 18-45 urteko gizonezko guztiei dei eginda osatu zuten Euskal Armada, 600-700na laguneko bataloitan. Goierritarrak Bizkai aldean Euskal Armada osatzerako errepublikazaleen [...]
Goierritar gehien-gehienak Eusko Gudarostearekin joan ziren gerrara lehen unean. Nafarroatik karlista talde bat ere sartu zen eskualdera, ‘Barandalla partida’. Anaien arteko guda’ deitu izan da 1936ko gerra. Herri bereko bizilagunak, askotan etxe bereko senideak, bi aldeetan aurkari eta arerio izan ziren. Lehen unean, hala ere, goierritar gehienak Errepublikaren aldeko tropetan sartu ziren, eta okupazioa Nafarroa aldetik sartutako errekete sailek burutu zuten. Ondoren, Euskal Herrian gerra frankistek irabazi zutenean, eta 1937ko Santoñako errendizioaren ondotik batez ere, gudari ibilitako asko Francoren aldeko gudarosteetan aritzera eraman zituzten, Miranda Ebroko kontzentrazio eremutik igaro ostean.
Eusko Gudarostea 1936ko urrian eratu zen. Ordurako Goierri faxisten esku zegoen. Euskal Estatutua onartzea, Eusko Jaurlaritza eratzea eta Errepublikaren Iparreko Armadaren zati izango zen Euskal Armada gorpuztea bat etorri ziren. 1930eko hamarkadako eskakizun politiko nagusia autonomia estatutua lortzea izan zen Hego Euskal Herrian. Gerra piztuta eta frankisten erasoaldiak estatu guztira zabalduta zeudenean onartu zuen Azañaren gobernuak.
Jose Antonio Agirrek lehendakari kargua hartu, eta lehen gobernua gerrari aurre egiteko osatu behar izan zuen. Joseba Rezola ordiziar jeltzalea, adibidez, Defentsa Saileko gerra idazkari izan zen. Ordurako armetara jo zuten gudari boluntarioekin eta 18-45 urteko gizonezko guztiei dei eginda osatu zuten Euskal Armada, 600-700na laguneko bataloitan.
Goierritarrak Bizkai aldean
Euskal Armada osatzerako errepublikazaleen indarrak Gipuzkoa eta Bizkaia arteko frontera bultzatuta zituzten frankistek, eta Gipuzkoa osoa beren esku zuten. 1936-1937ko neguan egonkor geratu zen frente-lerroa. Kalamua, Intxorta eta Bizkargi mendietako borrokaldietan goierritar asko hil zen.
Legutioko batailan ere jardun zuten, Euskal Armadak egindako eraso ekintza bakarrenetakoan. Gasteiz hartzeko saiakerak huts egin eta gudarien tropetan erasan handiak utzi ondoren, defentsa antolatzeari eman zion arreta guztia Eusko Jaurlaritzak, Bilbo babesteari hain zuzen.
Barandalla partida Goierrin
Faxistak armetan altxatu eta gerra lehertu zenean, Nafarroan antolatu zuten berehala erasorako armada frankistek. Mola jenerala, altxamenduaren garuna, Iruñean zegoen destinatuta orduan, eta segituan piztu zen «Errepublika birmoldatzeko gurutzada» haren aldeko sugarra, tradizionalismoak eta karlismoak Nafarroan zeukaten sustraia baliatuz.
Etxarri Aranatzen gorpuztu zuten karlistek boluntario sailetako bat, Partida Barandalla edo Sakanakoa deitu izan zaiona. Benedicto Barandalla karlista etxarriarrak 170 bat gizoneko taldea bildu zuen, eta Gipuzkoarantz jarri zuten berehala begia. Goierrira sartu, eta ekialdea egun gutxitan mendean hartu ostean, Tolosa hartzeko borrokaldietan ibili ziren. Gero Andoain alderantz jo zuten Barandalla Partidakoek.
«Talde bitxia zen. XIX. mendeko gudaldi karlistetan bezala hasi ziren gerran, gerrilla eran, eta nahiko autonomo. Lehen egunetarako elikagaiak, behiak, oilaskoak-eta, beraiekin ekarri zituzten. Hilabete eta erdi inguru ibili ziren Goierrin. Gero, Francoren armadak beren lerroetan sartzera behartu zituen, edo etxera joateko agindu», dio Mikel Aizpuru historialariak.
Karlismoaren printzipioetatik abiatuta, Gonzalez Unzalu zutabea osatzera pasatu ziren. Oriako frentean jardun zuten sakanar karlistek. Beasainen, ordea, erasoaldi batean kolpe gogorra eman zieten gudariek eta errepublikazaleek. Barandalla Partidako 17 soldadu gerra-gatibu hartu zituzten. Donostiako Ondarretako kartzelan espetxeratu eta heriotzera zigortu zituzten. Denak salbatu ziren, ordea, kartzelako arduradunaren iloba zelako gatibuetako bat. Espetxeko ganbaran ezkutarazi zituen, eta haien heriotza zigorra betetzeko itxura egin zuen, beste 17 fusilatuta.
Donostia frankisten esku erori aurretik, Bilboko Larrinagako kartzelara aldatu zituzten Ondarretako presoak. «Hara zer sorpresa hartu zuten gainontzeko presoek, ganbaratik 17 karlista haiek bat-batean azaldu zirenean», dio erreketeen gerra-kontakizun batek. Bilbon jada presondegian gainontzekoekin sartu zituzten. Gerraren atzaparra Bilbora iritsi zenean eta faxistek presondegia «askatu» aurretik, gudari errepublikazaleak presoen kontra mendeku-ekintza egitera joan zirenean aurre egin zieten preso batzuek. Lau gatibu hil ziren, tartean Barandalla Partidako soldadu izandako bat, Ondarretako kartzelako zuzendariaren iloba, justu.
DATUAK
EUSKAL ARMADA
- Sailak. Eusko Gudarostea eta Gorputzak.
- Bataloiak. 80, ideologiaren arabera osatuak.
- Armada erregularraren erregimentuak. 12.
- Ingeniari-zulatzaileen bataloiak. 17.
- Soldaduak. 40.000. 18-45 urte arteko gizonezko guztiak deitu zituen Jaurlaritzak.
- Bataloiaren osaera. Buruzagitza: komandantea, intendentea eta bi brigada. Gudari saila: 118na soldaduko lau konpainia. 58 soldaduko metrailadore konpainia, dinamitatzaile saila, lubakigile saila, bitartekari saila, 15 lagun zerbitzuko laguntzaile.
ITSAS ARMADA
- Bou armatuak. 9. Araba, Bizkaya, Gipuzkoa, Nabarra, Donostia, Goizeko Izarra, Iparreko Izarra, Gasteiz, Iruña.
- Mina dragatzaileak. 27.
- Txalupa motordunak. 6.
- Ontzi laguntzaileak. 4.
- Iotak. 2.
- Txalupa lasterrak. 2.
- Marinelak. 1.000.