Urbitarte hasi da bertako sagarrarekin egindako labeldun sagardoa saltzen
Euskal Herriko sagarrarekin bakarrik egindako eta Kalitatea Fundazioaren irizpideetara ekoitzita, Eusko Labeldun sagardoa dagoeneko merkatuan da. Urtearen hasieran aurkeztu zuten kalitate ziurtagiri eta bertakotasun agiriarekin sagardoa ere egingo dela, eta produktua eros daiteke dagoeneko. Goierrin Ataungo Urbitarte sagardotegia bakarrik dago, oraingoz, Eusko Labelean. Ekainaren azkenean botilatu zuten Urbitarten aurreneko gisa horretako upela, eta 9.000 botila atera dituzte. Denera 17.000 litro inguru dituzte, bi barrikatan, kalitate irizpide zehaztuen arabera ekoitzita, 20.000 bat botila. Sagardo berezituak ekarri duen mailarekin «oso gustura» dago ekoizlea. «Barrikan dagoenak oraindik goxo puntu bat du, baina edateko onenean dago. Probatu dutenek ere hala esan dute», dio Urbitarte sagardotegiko nagusi Demetrio Terradillosek. Sagardo arrunta baino «garestixeagoa» den arren, erosle sail bat gehixeago ordaintzeko prest dagoela esan du Terradillosek, «bertakoaren bermea duelako». Beste sagardoarekiko alde nagusia oinarrizko materiaren eta sagastien zaintzan dago. Kalitatearen bermea fundazioak ematea ere garrantzitsutzat du. Abadiñon (Bizkaia) kudeatzen dute. Lehengaia bertakoa lortu nahi Bertako sagarrarekin egina izan behar du Eusko Labela edukitzeko. «Aukera izanez gero bertako sagarrarekin egiten dut lan. Beti, bertakoa denean, produktua ikusi eta gehiago kontrolatzen da, hasieratik bukaerara». Sagastizaleekin, bestetik, sagar motak ugaritzeko, hobetzeko eta lehengaia bermatzeko aukera ematen du zuzeneko tratuak. «Sagastizaleari erakutsi behar diozu sagarra nola ekarri behar duen, zer [...]
Euskal Herriko sagarrarekin bakarrik egindako eta Kalitatea Fundazioaren irizpideetara ekoitzita, Eusko Labeldun sagardoa dagoeneko merkatuan da. Urtearen hasieran aurkeztu zuten kalitate ziurtagiri eta bertakotasun agiriarekin sagardoa ere egingo dela, eta produktua eros daiteke dagoeneko. Goierrin Ataungo Urbitarte sagardotegia bakarrik dago, oraingoz, Eusko Labelean.
Ekainaren azkenean botilatu zuten Urbitarten aurreneko gisa horretako upela, eta 9.000 botila atera dituzte. Denera 17.000 litro inguru dituzte, bi barrikatan, kalitate irizpide zehaztuen arabera ekoitzita, 20.000 bat botila.
Sagardo berezituak ekarri duen mailarekin «oso gustura» dago ekoizlea. «Barrikan dagoenak oraindik goxo puntu bat du, baina edateko onenean dago. Probatu dutenek ere hala esan dute», dio Urbitarte sagardotegiko nagusi Demetrio Terradillosek.
Sagardo arrunta baino «garestixeagoa» den arren, erosle sail bat gehixeago ordaintzeko prest dagoela esan du Terradillosek, «bertakoaren bermea duelako». Beste sagardoarekiko alde nagusia oinarrizko materiaren eta sagastien zaintzan dago. Kalitatearen bermea fundazioak ematea ere garrantzitsutzat du. Abadiñon (Bizkaia) kudeatzen dute.
Lehengaia bertakoa lortu nahi
Bertako sagarrarekin egina izan behar du Eusko Labela edukitzeko. «Aukera izanez gero bertako sagarrarekin egiten dut lan. Beti, bertakoa denean, produktua ikusi eta gehiago kontrolatzen da, hasieratik bukaerara». Sagastizaleekin, bestetik, sagar motak ugaritzeko, hobetzeko eta lehengaia bermatzeko aukera ematen du zuzeneko tratuak. «Sagastizaleari erakutsi behar diozu sagarra nola ekarri behar duen, zer modutan bilduta, noiz bildua ere oso garrantzitsua da».
Sagastien zaintzan orain hamar urtetik ona «asko» aurreratu da, eta uzta urtero ziurtatzeko lan handia egin da. «Batere zainduko balitz, sagarra kalitatekoa eta asko izango litzateke». Garai batean kritikatzen zidaten Goierriko sagarrarekin ez zegoela sagardo onik egiterik. Gaur egun igualtsua lortu dugu. Etorkizuna hemen daukagu, denok».
Urbitarteko sagardoa estatu osoan dago merkatuan, batez ere Pirinioetan, Katalunian eta hegoaldean. Goierrin, denda txikietan eta okindegietan eros liteke.