Iparragirreren musika eta baloreak zabalduko ditu igandeko kantu saioak
Iparragirreren heriotzaren urteurrena kantatuz ospatuko dute igandean Urretxun eta Zumarragan. Aurten 130 urte bete dira konpositore urretxuarra Goierriko Santa Lutzi bailaran hil zenetik, eta Zu Kantari kantu taldeak omenaldia egingo dio, berak hobekien ezagutzen zuen forman.
Iparragirre Kantuz izena eman diote egunari eta Euskal Herriko kantu talde ugari batuko dira ekimenean. Besteak beste Ezkio-Itsasoko, Gabiriako, Idiazabalgo, Alegiko, Antzuolako, Baionako, Bilboko, Donostiako, Errenteriako, Gasteizeko, Gernikako, Hendaiako, Iruñeako eta Tolosako kantuzaleak gonbidatu dituzte igandeko ospakizunera, eta askok jada baieztatu dute presentzia.
Aipatutakoez gain, etorkinez osatutako talde batek ere hartuko du parte kantu egitasmoan. Iparragirreren emigratzaile izaera gogora ekarri nahi dute honekin. Talde honek Kantari euskalduna edo Gazte gaztetatikan herritik kanpora bezalako abestiak kantatuko ditu eta jatorri anitzetako pertsonek osatzen dute.
Zu Kantari taldeko kide den Juan Luis Aranbururen hitzetan hiru helburu beteko ditu egitasmoak. Bata, aurten Iparragirre hil zela 130 urte betetzen direla baliatuz «bere baloreak eta bere musika ezagutara ematea». Aranburuk dioenez, «aldarrikapena, herrimina, euskararen aldeko mezua… Kantuaren bitartez herritarrengana iritsi zen, eta hainbeste indarrez iritsi, kanpora bidali zutela».
Zu Kantari taldea «sendotze bidean» beste taldeekin harremanetan jartzeko ere balioko du egunak, eta baita «Euskal Kantuzale Elkartea 2011 urtean osatzen ari den Euskal Herriko kantu taldeen sarea koordinatzen eta sendotzen jarraitzeko» ere.
Goizetik iluntzera
Egitaraua 11:00etan hasiko dute, Areizaga-Kalebarren enparantzan. Kantu taldeei harrera egingo diete, eta 12:00etan hasiko dira kantuan Urretxuko eta Zumarragako kaleetan. Antolatzaileek 300 lagun inguruko taldea osatuko dela aurreikusi dute.
13:00etan egingo dute lehen geldialdia. Iparragirreri omenaldi bat egingo diote ordu horretan, abeslaria jaio zen etxebizitzaren atarian. Iparragirre irudikatzen duen erraldoiari aurreskua dantzatuko diote eta konpositore urretxuarraren abestiak kantatuko dizkiote. 13:30ean, Xenpelarrek Iparragirreri bota zion desafioa irudikatuko dute Urretxuko eta Zumarragako bertso eskolako kideek. Iparragirreren jaiotetxeko balkoitik parekora egingo dute bertsotan.
14:00etan bazkaria izango da Zumarragako Euskadi enparantzan. 17:00etan jarraituko du festak, Areizaga-Kalebarren plazan egingo duten erromeriarekin. Egunari amaiera 19:00etan emango diote, kantu taldeak agurtuz.
Iparragirreren abestiak jasotzen dituzten kantu liburuxkak eskuratzeko aukera ere eskainiko dute igandean. Bere kantuen hitzez eta partiturez gain, bere lanaz eta bizitzaz ere informazioa eskainiko du liburuxkak. Gerora turismo bulegoan erosteko aukera ere egongo da.
Bazkarirako epea gaur arte
Gaur itxiko dute igandeko bazkarian izena emateko epea. Entsaladak, oilasko erdiak, postreak eta kafeak osatuko dute menua eta pertsonako 17 euro kostako da. Izena eman nahi dutenek zukantari@gmail.com helbidera email bat igorri beharko dute edota 669546357 telefonora hots egin.
Xenpelarren desafioa irudikatuko dute igandean bertsotan
Igandean Xenpelarrek Iparragirreri botatako desafioa irudikatuko dute Uerretxun. Iparragirre eskoladun musikaria zen, eta bapateko bertsolariak, aldiz, baserrietatik zetozen. Xenpelarren bertsoek erakusten dute hauek zer pentsatzen zuten urretxuarraz. Lehen bertsoa modu honetan amaitzen du: «(…)Ni ez nazu ibiltzen/ kantuz dirua biltzen/ komeriante moduan/ Debalde festa preparatzen det/ gogua dedan orduan». Honela amaitzen da bigarrena: «Atoz gure kalera/baserritar legera/musika hoiek utzita/Errenterian bizi naiz eta/egin zaidazu bisita». Errenterian ez, baina Urretxun elkartuko dituzte igandean bi kantariak.