Beasainmendin auzoko festak ospatuko dituzte asteburuan
Azken hamarkadetan egin ohi duten bezala, iraileko lehen asteburuan ospatuko dituzte aurten ere auzoko jaiak Beasainmendin. Festak larunbatean hasiko badira ere, igandea izango da jai egun nagusia. Egitarauan ez dute aldaketarik egin azken urte hauetan, eta aurten ere ohiko ekitaldiekin egingo dute festa. Auzotarrez gain, jende gehien erakarriko duen ekitaldia Usurbeko Igoera lasterketa izango da. Igande goizean izango da proba aurten ere, Beasain erdiguneko Andre Maria Zeruratuaren eliza paretik irten eta Agortaraino. Ibilbide guztia Erauskin kaletik barrena izango da. Guztira, parte hartzaileek, 4,7 kilometro eta 446 metroko aldea duen ibilbidea egin beharko dute. Lasterketa 11:30ean hasiko da, eta bertan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da. Izen ematea egunean bertan izango da, irteera puntuan, 10:00etatik aurrera. Korrikalari bakoitzak hamar euro ordaindu beharko du. Lasterketako antolatzaileek egindako kalkuluen arabera, korrikalari azkarrenak batez beste 22 minutu beharko ditu Agortara iristeko. Lehenengo helmugaratzen diren hiru gizonezkoek eta emakumezkoek saria jasoko dute. Baita lehen gizonezko herritarrak eta emakumezko herritarrak ere. Gainerako parte hartzaile guztiek kamixeta jasoko dute opari. Igandean helmuga zeharkatzen duen lehen korrikalariak 2005ean Joan Mari Garinek jarritako errekorra gainditzen badu, 80 euroko saria ere jasoko du. Garinek 21 minutu eta 24 segundo behar izan zituen proba amaitzeko, eta ordutik inork ez [...]
Azken hamarkadetan egin ohi duten bezala, iraileko lehen asteburuan ospatuko dituzte aurten ere auzoko jaiak Beasainmendin. Festak larunbatean hasiko badira ere, igandea izango da jai egun nagusia. Egitarauan ez dute aldaketarik egin azken urte hauetan, eta aurten ere ohiko ekitaldiekin egingo dute festa.
Auzotarrez gain, jende gehien erakarriko duen ekitaldia Usurbeko Igoera lasterketa izango da. Igande goizean izango da proba aurten ere, Beasain erdiguneko Andre Maria Zeruratuaren eliza paretik irten eta Agortaraino. Ibilbide guztia Erauskin kaletik barrena izango da. Guztira, parte hartzaileek, 4,7 kilometro eta 446 metroko aldea duen ibilbidea egin beharko dute. Lasterketa 11:30ean hasiko da, eta bertan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da. Izen ematea egunean bertan izango da, irteera puntuan, 10:00etatik aurrera. Korrikalari bakoitzak hamar euro ordaindu beharko du.
Lasterketako antolatzaileek egindako kalkuluen arabera, korrikalari azkarrenak batez beste 22 minutu beharko ditu Agortara iristeko. Lehenengo helmugaratzen diren hiru gizonezkoek eta emakumezkoek saria jasoko dute. Baita lehen gizonezko herritarrak eta emakumezko herritarrak ere. Gainerako parte hartzaile guztiek kamixeta jasoko dute opari. Igandean helmuga zeharkatzen duen lehen korrikalariak 2005ean Joan Mari Garinek jarritako errekorra gainditzen badu, 80 euroko saria ere jasoko du. Garinek 21 minutu eta 24 segundo behar izan zituen proba amaitzeko, eta ordutik inork ez du marka ondu. Iaz azkarrena Oier Ariznabarreta durangarra izan zen, 21 minutu eta 51 segundoko denborarekin.
Joxe Goitia da aurtengo omendua
Beasainmendiko jaiak ohituretan oinarritzen dira, eta urtero bezala, aurten ere auzoko helduenari omenaldia egingo diote. Murugoena baserrian jaio eta bizi den Joxe Goitiari egingo diote omenaldia igande eguerdian. Goitiak 81 urte ditu, zazpi senidetatik bigarrena da, eta abizenarekin egindako egurrezko armarria jasoko du opari. Bertsolariek hainbat bertso ere abestuko dizkiote.
Festak prestatu ahal izateko dirua biltzeko errifak ere saltzen ari dira auzotarrak, eta zenbaki saritua igandean bertan jakinaraziko dute. Herri bazkarira joan ahal izateko txartelak aurrez erosi behar dira, beti bezala Arrano elkartean (943 88 74 47) edo Iñaki harategian (943 88 27 47).
EGITARAUA:
- LARUNBATA:
– 21:00. Herri afaria. Ondoren auzoko mus txapelketa.
- IGANDEA:
– 08:00. Suziri jaurtiketa.
– 11:00. Herri meza trikitilari eta bertsolariekin batera.
– 11:30. Herri krosa.
– 11:45. Aizkorri Mendizale Elkartekoei ongi etorria.
– 12:00. Laja eta Mikel trikitilarien saioa. Ondoren Mikel Mendizabal eta Andoni Egaña bertsolarien saioa.
– 13:00. Joxe Goitiari omenaldia. Ondoren aurreskua eta lore eskaintza Jokinen oroimenean.
– 13:30. Iñaki Azurmendi eta Floren Nazabal aizkoran.
– 14:30. Bazkari herrikoia.
– 17:00. Haurrentzako jolasak.
– 18:30. Erromeria Laja eta Mikel trikitilariekin.