‘Idiazabal erara’ sukaldatzeko saioa antolatu dute Euskal Jaien barruan
Ordiziako Euskal Jaietako egitarauaren barruan, sukaldaritza eta Idiazabal gazta uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute. Astelehenean, Iñigo Lavado sukaldaria eta Mikel Zeberio gastronomia aditua etorriko dira D’Elikatuz zentrora, parte hartu n...
Ordiziako Euskal Jaietako egitarauaren barruan, sukaldaritza eta Idiazabal gazta uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute. Astelehenean, Iñigo Lavado sukaldaria eta Mikel Zeberio gastronomia aditua etorriko dira D’Elikatuz zentrora, parte hartu nahi dutenei Idiazabal erara sukaldatzen erakuskeko.
Saio horretan parte hartuko duten bi adituek, badute lotura Ordiziarekin. Iñigo Lavado sukaldariak, Irungo Ficoba jatetxea zuzentzen du, eta bera izan zen iaz, Idiazabal gazta berriari ongietorria egin ziona, Ordiziako Euskal Jaietan. Bere esperientziatik abiatuta, Idiazabal Gaztak sukaldean eskaintzen dituen aukera ezberdinak azalduko ditu.
Lavadorekin batera, Mikel Zeberio gastronomia kazetari eta aditu ataundarra ere etorriko da. Artzain gaztaren eta latxa ardiaren defendatzaile sutsua da Zeberio, eta urteak daramatza Ordiziako gazta lehiaketan epaimahaikide lanak egiten.
Izena aurrez eman behar da
Saioa astelehen arratsaldeko seietan izango da, D’Elikatuz zentroan. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, 943 88 22 90 telefono zenbakira deituta. Plaza kopurua mugatua denez gero, izena lehen bailehen emateko deia egin dute antolatzaileek.