Igandean Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin. Ardiak aitzakiatzat hartuta, jai giroa goizeko 10:00etatik zabalduko da Euskal Herria plazan, postuak irekitzearekin batera.
Ardiek eta gaztak bereganatuko dituzte goizeko ekintzak. Gipuzkoako Ardi Gaztaren 27. Lehiaketa eta Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako 21. Lehiaketa dira goizeko zita garrantzitsuenak. Hala ere, egitaraua gaztetxoen gazta lehiaketak, ardi mozte erakustaldiak, gazta, sagardo eta ardi okel dastaketek eta omenaldiek ere osatuko dute. Urtero bezala, Gipuzkoako lau aiton-amona artzain eta Ameriketan artzain aritutako beste 4 artzain omenduko dituzte Gipuzkoako Artzain Egunean. Aurten baita Eduardo Urarte albaitaria eta Juan Joxe Aranguren artzaina ere. Urarteri artzantzaren alde eginiko lana aitortuko diote eta Arangurenek ELE elkarteko Artzain Eredugarria saria jasoko du.
Euskal Herria plazan denetariko postuak ere egongo dira. Egur eta harri tailak, goarnizioak, hari lanak, nekazal tresnak, larruzko lanak, bitxiak, saskiak, eskuareak edota zeramika eta egur lanak jarriko dituzte plazako postuetan ikusgai eta erosgai.Jubilatuen egoitzan egingo den bazkarirako txartelak ere salduko dituzte azokan.
Arratsaldean azkenik, 43. Artzain Txakurren Txapelketa egingo dute Urtatzako urtegira bideko zelaietan. Zazpi parte hartzaile izango ditu aurten txapelketak, horien artean Aitor Tato ataundarra eta Argi txakurra.
Ikatzaren argazki rallya
Egun honen bueltan Ikatza argazkilari elkarteak argazki rallya ere antolatu ohi du. Igandean bertan 9:00etatik 10:30era eman ahalko da lehiaketan izena, kultur etxearen atzealdean elkarteak duen egoitzan. Helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta 16 urtetik beherakoentzako prezioa aldiz, euro batekoa izango da. Nahi diren argazki guztiak atera ahalko dira, baina entregatzerako orduan 40 argazki soilik eraman beharko dira txartelean. 13:00etatik 14:00etara deskargatu beharko dira irudiak elkartearen egoitzan. Hauetatik 6 argazkiko bilduma aukeratu beharko dute parte hartzaileek eta emailez eman beharko da aukeratutako irudien berri.
Latxa-poteoa ostiralean
Artzain egunari lotuta, ostiral arratsaldean Latxa-poteoa egingo dute Legazpin. Hiru gunetan artzainen lanbidea eta euren produktuak hobeto ezagutzeko aukera eskainiko dute. Musikaz alaituta, produktuen dastaketa ere egingo dute. 19:30ean jarri dute hitzordua, udaletxe atzeko plazan.
Artzainentzako «egun handia» Legazpin
Artzainentzako «Egun Handia» izango da igandean Legazpin. Juan Joxe Aranguren eta Pedro Gabiria artzainek, biek ala biek, hitz horiek erabili dituzte Gipuzkoako Artzain Eguna definitzeko.
Biak ere ardiekin artzain aritzen dira, eta gazta ekoizten dute. Arangurenek Erreixabal baserrian eta Gabiriak, berriz, Makatzan. Gazte hasi ziren biak artzain. Gabiriak soldaduskatik itzulita hartu zuen artzain lana serio. Etxean betidanik ardiak eta behiak izan zituzten, eta soldaduskatik itzulita, «batera edo bestera» egiteko erabakia hartu zuen. «Terrenoak aldapatsuak direla eta behientzako egokiak ez direla» ikusita, artaldearen alde egin zuen. Gazta egiten hasi ziren, eta gerora produktu sorta zabadu zuten, ogia, menbrilloa edota madalenak ere ekoiztuz.
Arangurenek ere duela 32 urte ekin zion ardiekin lan egiteari. Lehenago ere ibilia zen, baina behiak kendu, eta ardien esnea saltzen hasi ziren, mamiak egiteko. Gerora gazta egiten hasi ziren eta 22 urte daramatzate horretan. «Beti gustatu izan zait» dio.
Igandean aspaldian ikusi gabeko lagunekin elkartuko dira, «inpresioak elkarri kontatzeko» dio Gabiriak. «Gipuzkoako artzainak elkar ikusteko eguna da. Nahiz eta beti elkarri muturka egon, egun horretan gauzak ahaztu eta hitz egiten egoten gara» gehitzen du Arangurenek.
Euren produktuak saltzeko erakusleiho aparta ere bada Legazpiko Artzain Eguna. «Egun ona da produktuak saltzeko» diote biek. Erakusketarako ardiak ere eramaten dituzte, eta hemen, herritarrei ardi horiek ekoiztutako esne litroak ezagutarazten dizkiete.
Arangurenentzako aurtengoa urte berezia izango da gainera, ELE elkartearen Artzain Eredugarriaren txapela jasoko baitu, 32 urtetako lanagatik. «Artzain batentzako haundiena da hori. 30 urte dira ELEn lanean, 24 urtez Artzain Eguneko batzordean… eta lana ondo egin dugula ikustea sari potoloa da» dio pozik.
Artzain mundua ere krisian
Artzain mundua, ordea, ez dago pozik egoteko moduan. Bai Arangurenek eta bai Gabiriak hori azpimarratu dute. «Artzaia oso triste dago» dio Gabiriak. «Sektoreko produktuek ez dute baliorik. Bildotsa duela 30 urtetako prezioan saltzen ari gara». Arangurenek ere ildo beretik jotzen du. «Esnea gutxi ordaintzen da eta arkumeei begira ere ez dago ibiltzerik». Orain arte gaztaren salmentak eusten zien irabaziei, baina hemen ere krisia somatzen hasi dira. «Oso ondo saldu den urteak egon dira, baina krisi honekin kosta egiten da saltzea, baita prezioak jaitsita ere». Arangurenek dioenez, «ez dago gazta saltzeko lehengo harrokeria hori, lehen urte hasierarako gazta salduta egoten ginen artzai asko». Biek ere pentsuaren prezioaren igoera aipatzen dute. «Horrek eman dio ostikadarik handiena» dio Arangruenek. «Urtetik urtera prezioa gorantz doa, exageratuki. Pentsuak ordaindu ezinda dago artzaia» gehitzen du Gabiriak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.