Antzizar Igeriketa Sari Herrikoia egingo dute bihar goizean
Igartza Igeriketa Taldeak antolatuta, XXIV. Antzizar Igeriketa Sari Herrikoia, eta Leire Contrerasen omenezko hamargarrena jokatuko da bihar Antzizar kiroldegian. Goizeko 10:30ean hasiko da festa giroko txapelketa, antolatzaileen arabera, «sariketa bat baino gehiago festa bat» izango baita. Igartza elkarteko Gorka San Sebastianek azaldu duenez, «herriko eta inguruko gazteen eta helduen artean igeriketa bultzatzea da helburua», eta horrek emango dio beste urte batez festa itxura biharko txapelketari. Azken urteetan bezala, bihar ere Legazpiko, Ordiziako eta Usurbilgo (Gipuzkoa) igeriketa taldeetako igerilariak Beasaingoekin batera ariko dira, Igartza taldeak gonbidatuta. Hala ere, txapelketa irekia dela azpimarratu du San Sebastianek, eta nahi duten igerilari guztiek parte hartu dezaketela. Iaz 150 parte hartzailek eman zuten izena, eta aurten dagoeneko 120 igerilaritik gora daude apuntatuta. San Sebastianen arabera, aurten ere iazko kopurua berdintzera iritsiko dira. Oraindik izena eman ez dutenek, gaur eta bihar dute aukera. Gaur arratsaldean Antzizar kiroldegian egongo dira Igartza taldekoak, eta bihar 10:00ak arte ere eman ahalko da izena. Haurrek, gazteek eta helduek parte hartu dezakete sariketan. Bihar egingo duten festarekin, aurreko denboraldian igerilariek egindako «lan biakina» agerian utzi nahi dute antolatzaileek, eta «aurtengo denboraldiari hasiera on bat eman». Txapelketatik festara saltoa Hogeita lau urte hauetan ez du etenik izan Antzizar Igeriketa Sari Herrikoiak. Ezta [...]
Igartza Igeriketa Taldeak antolatuta, XXIV. Antzizar Igeriketa Sari Herrikoia, eta Leire Contrerasen omenezko hamargarrena jokatuko da bihar Antzizar kiroldegian. Goizeko 10:30ean hasiko da festa giroko txapelketa, antolatzaileen arabera, «sariketa bat baino gehiago festa bat» izango baita. Igartza elkarteko Gorka San Sebastianek azaldu duenez, «herriko eta inguruko gazteen eta helduen artean igeriketa bultzatzea da helburua», eta horrek emango dio beste urte batez festa itxura biharko txapelketari.
Azken urteetan bezala, bihar ere Legazpiko, Ordiziako eta Usurbilgo (Gipuzkoa) igeriketa taldeetako igerilariak Beasaingoekin batera ariko dira, Igartza taldeak gonbidatuta. Hala ere, txapelketa irekia dela azpimarratu du San Sebastianek, eta nahi duten igerilari guztiek parte hartu dezaketela. Iaz 150 parte hartzailek eman zuten izena, eta aurten dagoeneko 120 igerilaritik gora daude apuntatuta.
San Sebastianen arabera, aurten ere iazko kopurua berdintzera iritsiko dira. Oraindik izena eman ez dutenek, gaur eta bihar dute aukera. Gaur arratsaldean Antzizar kiroldegian egongo dira Igartza taldekoak, eta bihar 10:00ak arte ere eman ahalko da izena. Haurrek, gazteek eta helduek parte hartu dezakete sariketan.
Bihar egingo duten festarekin, aurreko denboraldian igerilariek egindako «lan biakina» agerian utzi nahi dute antolatzaileek, eta «aurtengo denboraldiari hasiera on bat eman».
Txapelketatik festara saltoa
Hogeita lau urte hauetan ez du etenik izan Antzizar Igeriketa Sari Herrikoiak. Ezta igerileku berria egiteko lanek iraun zuten bitartean ere. «Hiru urtetan jarraian Idiazabalen egin genuen sariketa, lanak zirela eta Beasainen ez baitzegoen igerilekurik», azaldu du San Sebastianek.
Sariketa antolatzen hasi ziren lehen urtetan, txapelketak izaera zorrotza zuela ere gaineratu du idazkariak, baina azken hamar urte hauetan helburuak aldatu eta festa itxura hartu duela: «Lehiaketa ondo pasatzeko egun bat izan behar zela uste genuen, eta horregatik aldatu genuen dinamika».
Filosofia berriarekin, Beasaingo taldearen antzeko klubak gonbidatzen hasi ziren, lehiaketara maila altuko igerilariak etortzen baitziren, «etxekoak ia aukerarik gabe utziz». Beraz, errendimenduzko mailan aritzen diren taldeak gonbidatu ordez, parte-hartze mailan aritzen direnak gonbidatzen dituzte ordutik beasaindarrek, «igerilari denek antzeko maila izan dezaten».
Sariketari festa tankera emanda, haurrak eta gaztetxoak ere gusturago aritzen direla gaineratu du San Sebastianek, eta hala, igeriketaren mundua ezagutzera gerturatzeko aukera gehiago dutela. «Haurrek igeriketaz eta kirolaz gozatzea nahi dugu, eta berdin dio aurrena edo azkena egin, bihar parte hartuko duten haur eta gazte guztiek jasoko baitute oparia». Herriko merkatari eta enpresek emandako laguntzei esker, domina eta ogitarteko bana banatuko dizkiete igerilariei.
Maila eta proba ezberdinak
Biharko sariketan, maila eta proba motaren arabera banatuko dituzte igerilariak. Benjaminak, kimuak eta haurrak ariko dira lehen txandetan lehian, neskak eta mutilak bereizita eta igerilari bakoitza norberak aukeratutako estiloan: tximeletan, bizkarrez, krol estiloan… Benjaminek 50 metroko distantzia egin beharko dute igerian, eta gainerako guztiek ehun metro.
Txapelketaren amaieran igerilari guztiek, tartean gurasoek ere bai, Australiana estiloan lehiatzeko aukera izango dute, igerilari bakoitza bere mailan. Denek batera salto egingo dute uretara, eta hamar metro egiteko denbora gehien behar duten igerilariak kanporatzen joango dira itzuli bakoitzean. Azken hamarretan banaka kanporatuko dituzte igerilariak, eta uretan denbora gehien irauten duen igerilariak irabaziko du proba.
Arratsaldeko 13:00ak aldera banatuko dizkiete igerilariei dominak eta ogitarteakoak, eta Leire Contrerasen senitartekoei lore sorta ere emango diete.
Igartza Igeriketa Elkarteak mende laurden darama igeri egiten erakusten
Antzizar Igeriketa Taldea izatetik Igartza Igeriketa Taldea izatera igaro ziren orain lau urte. Izena aldatzeak ordea, ez zuen taldearen filosofian eraginik izan, eta dagoeneko, 25 urte daramatza Beasaingo igeriketa elkarteak herritarrei eta inguruko hainbat herritako haurrei igeri egiten erakusten. Izena aldatzearekin batera, entrenatzaile berriak ere iritsi ziren Beasaina: Iñaki Moiua eta Juantxo Amondarain.
Biak hala biak ere, «esperientzia handikoak eta eskualdean oso ezagunak» direla argitu du Igartza taldeko Gorka San Sebastianek. Bi entrenatzaile berriekin, taldean hainbat aldaketa emateko proiektua jarri zuten martxan, eta azken hiru urtetan, 50 igerilari izatetik 135 izatera igaro dira.
Taldea zein mailatan zegoen eta zer egitera iritsi zitekeen aztertu dute lau urte hauetan Moiuak eta Amondarainek, eta datozen urtetan, errendimenduzko lehiaketetan parte hartzen hasteko moduko taldea osatzeko gai izango direla aurreratu du San Sebastianek: «Kopuruak ez ezik, igerilarien mailak ere asko egin du gora». Aurreko denboraldian neguko eta udako Gipuzkoako txapeldunak izan dira.
Ospakizunak datorren urtean
Igartza taldeak aurten betetzen baditu ere 25 urte, datorren urtera arte ez dute ospatuko, orduan beteko baitu baita mende laurden Antzizar Igeriketa Sari Herrikoiak. Bi urtemugak batera ospatzeko lan egingo du elkarteko zuzendaritzak.