Zopilotes Txirriaos: Iruñetik Goierrira, Mexikotik pasatuz
Udako musika sentsazioetako bat Zopilotes Txirriaos talde iruindarra izan da Goierrin. Mexikar korridoak eta rantxerak dituzte kantagai, nafar ukituz. Parranda giroa kutsatzen dute oholtzatik. Taldean Eneko Dorronsoro (San Gregorio, Ataun, 1980) dabil, trikiarekin. Kojon Prieto y los Huajalotesen eta Impekablesen ondorengoek jarraitzen dute. Bihar, larunbata, uda honetan hirugarren aldiz Goierrin joko dute, Ataun San Gregorion. ELKARRIZKETA OSOA Eneko Dorronsoro: “Zopilotesen lehen helburua ondo pasatzea da; hori aldatzen den momentuan bukatuko da taldearen ibilbidea” Uda zer moduz joan zaizue? Oso ondo doa, gibelak ez du berdina esango baina… Oraindik uda luzatzen ari zaigu, beraz, bukatutakoan erantzun behar. Goierrin aukera izan da Zopilotes Txirriaos zuzenean entzuteko. Nolako kontzertuak izan dira? Bai. Aurten, Gabirian eta Ataun Aian izan gara, iaz Zumarragan eta Ataun San Martinen. Kontzertuetan denetik egon da. Esan behar dut, Nafarraldean ohituta, giro hotzagoa egiten zaigula inguru hauetan, jendea begira gelditzen baita. Baina badaude salbuespenak. Bihar San Gregorion joko duzue, festetan. Bertakoa izanda, berezia? Bai. Nik uste larunbatekoarekin [bihar] Ataungo emanaldien kupoa bete dugula denboraldi baterako. Ez da ona toki berean horrenbeste jotzea, baina beste bi auzoetan izan eta nirean jo gabe geldituta, arriskuan ikusten nuen neure burua [barrez]. ‘Nafar-mex’ bezala definitzen duzue zuen estiloa. Nolakoa da? Nafar-mex definizioa bakoitzak [...]
Udako musika sentsazioetako bat Zopilotes Txirriaos talde iruindarra izan da Goierrin. Mexikar korridoak eta rantxerak dituzte kantagai, nafar ukituz. Parranda giroa kutsatzen dute oholtzatik. Taldean Eneko Dorronsoro (San Gregorio, Ataun, 1980) dabil, trikiarekin. Kojon Prieto y los Huajalotesen eta Impekablesen ondorengoek jarraitzen dute. Bihar, larunbata, uda honetan hirugarren aldiz Goierrin joko dute, Ataun San Gregorion.
ELKARRIZKETA OSOA
Eneko Dorronsoro: “Zopilotesen lehen helburua ondo pasatzea da; hori aldatzen den momentuan bukatuko da taldearen ibilbidea”
Uda zer moduz joan zaizue?
Oso ondo doa, gibelak ez du berdina esango baina… Oraindik uda luzatzen ari zaigu, beraz, bukatutakoan erantzun behar.
Goierrin aukera izan da Zopilotes Txirriaos zuzenean entzuteko. Nolako kontzertuak izan dira?
Bai. Aurten, Gabirian eta Ataun Aian izan gara, iaz Zumarragan eta Ataun San Martinen. Kontzertuetan denetik egon da. Esan behar dut, Nafarraldean ohituta, giro hotzagoa egiten zaigula inguru hauetan, jendea begira gelditzen baita. Baina badaude salbuespenak.
Bihar San Gregorion joko duzue, festetan. Bertakoa izanda, berezia?
Bai. Nik uste larunbatekoarekin [bihar] Ataungo emanaldien kupoa bete dugula denboraldi baterako. Ez da ona toki berean horrenbeste jotzea, baina beste bi auzoetan izan eta nirean jo gabe geldituta, arriskuan ikusten nuen neure burua [barrez].
‘Nafar-mex’ bezala definitzen duzue zuen estiloa. Nolakoa da?
Nafar-mex definizioa bakoitzak bere erara erabiltzen du. Nik, nire ezjakintasunean, musika eta korrido mexikarrak eredu hartuta, nafar puntua emanez ateratzen zaigun mezklari deituko nioke.
Zopilotes entzunda, bi gauzak behintzat deitzen dute arreta berehala. Bat: rantxerek, musika mexikarrak, oraindik badutela tiradizoa. Garai zaharrak itzuli dira?
Nik ezetz esango nuke. Beti egon da musika horrekiko zaletasuna. Gazteak, orokorrean, ez du etxean musika hau entzuten, baina parranda giroan erraz sartzen den erritmoa da.
Kontzertuetan adinean aurreratutako asko izaten da, baita gazteak ere. Belaunaldien lotura zarete?
Ez dakit lotura izan litekeen, baina bai ikusi dugula oholtzatik behin baino gehiagotan adin, gustu eta ideologia ezberdineko jendea elkarri bizkarretik heldu eta dantzan jo eta su. Hori zortea da guretzat, gaur egun oso toki gutxitan ikusten baita, kontzertuetatik kanpora ere.
Beste arreta gaia: oholtzan musikariek oso ondo pasatzen duzuela.
Talde honek ni eta besteren bat sartu aurretik beste izen batekin egin zituen lehen urratsak. Kontatu didatenez, zurrumurru batetik etorri zen. Kontzertu baten kartelean ikusi ziren, entsegu bat egin eta lehen emanaldia egin zuten, zerbait esateagatik. Hortik aurrera deika hasi zitzaizkien herrietatik; ez musika kalitateagatik, baizik herrietan, bai kontzertuan, bai aurretik, giroa berotzen zutelako. Urte batzuk pasa badira ere, lehen helburua oraindik berdina da: ondo pasatzea. Hori aldatzen den momentuan bukatuko da taldearen ibilbidea.
Musikariak ibilbide luzekoak zarete, Kojon Prieto y los Huajalotes eta Impekables euskal talde mitikoetan ibiliak. Oraindik erretiratzeko asmorik ez dute beteranoenek?
Beteranoetan beteranoena Montxo dugu, eta nekez ordezkatu lezake inork bere hutsunea. Espero dut proiektu hau bukatu arte bertan egotea. Bestalde “beterano” deitzen diezun Impekables taldearen sortzaileak, koadrila bat dela esango nuke, beraz, horiek erretiratzen diren momentuan, gu ere beraiekin joango gara Benidormera.
Zopilotes izenpean, lehen diskoa ekainean atera zenuten: Hijos de la txingada. Maketak 5.000 deskarga baino gehiago izan zituen. Gustukoa du jendeak zuen talde zirikatzailea, ezta?
Egia esan harrituta gaude jendearen erantzunarekin. Diskoa salmentan jarri baino hilabete lehenago jarri genuen webetik dohainik deskargatu ahal izateko. Gure sorpresarako, lehen kontzertuetan jende gaztea abestiak kantatzen ikusten genuen. Batzuek gure abeslariak baino hobeto zekizkiten letrak. Interneten ongi moldatzen ez diren helduxeagoak kontzertu bukaeran gure atzetik ikusten genituen, diskoa erosteko. Azkenean nahi genuena lortzen ari gara. Jendeak abestiak ezagutzeko egin dugu diskoa.
Aurretik, Impekables bezala bi lan bazenituzten. Zergatik Zopiloteserako aldaketa gero?
Impekables taldeko bi kidek utzi egin zuten, Iñigo Aspurz akordeoilariak eta Luis Iturralde gitarrak, hain zuzen. Haien hutsuneak betetzeko beste bi lagun sartu ginen. Oso lagun ditugun bi kide horien errespetuz izena aldatzea erabaki genuen, nahiz eta jakin ez dela gomendagarria funtzionatzen duen gauza bati izena aldatzea. Halako burugogorrak gara!
Nola iritsi zinen taldera?
Oso erraza izan zen. Xabi Arakamarekin lanetik bueltan kotxean gindoazela Montxok deitu zion, ea trikitilariren bat ezagutzen zuen halako proiektu baterako. Niri telefonoa pasa, eta lehen zita egina. Hortik aurrera, entseatzen hasi eta hilabetera eman genuen lehen kontzertua, Seguran. Sekulako desastrea izan bazen ere aurrera jarraitu genuen; urte eta erdiren ondoren, bagoaz pixkanaka tonua hartzen.
Musikarekin beste harremanik ere baduzu; irakasle, adibidez.
Bai. Honetan ere nahiko berria naiz. Krisi famatu honek bultzatu ninduen pauso hori ematera. Bi urteren ondoren, esan behar dut, pertsonalki ondo etorri zaidala krisia, zenbait enpresariori bezala.