
Gaur iluntzean hasi da Antioko XXVIII. Musikaldia, Ara Makilian eta Fernando Egozcue Quintet taldearekin. Emanaldia hasi baino orduerdi lehenagorako ia-ia beteta zegoen ermita biolin-jotzailearen kontzertua ikusteko, entzuteko eta gozatzeko. Eta, espero bezala, musikaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, ia ordu eta erdi inguruz.
Aurkezpena egin eta taldekideak oholtza gainera igo bezain laister hasi dira entzuleak, ia euren lekuetatik mugitu ere egin gabe, biolinaren doinuez gozatzen. Erritmo geldoak eta azkarrak tartekatuz eskaini dute lehen abestia, eta lehen txalo zaparrada ere bikaina izan da. Umorerako tarterik ere izan da, abestien arteko tarteak txantxak egiteko erabili baititu Malikianek. Guztira hamalau abesti jo dituzte.
Beste lau emanaldi
Datorren larunbatean izango da musikaldiko hurrengo kontzertua. Sevillako (Andaluzia) Solistas de la Orquesta Barroca taldekoak izango dira Antioko ermitan, eta irailaren 17an Elena Sancho sopranoa, Jean-Yves Cornet pianoan lagun duela. Antioko azken emanaldia, irailaren 24an izango da. Orduan Concerto Donostiarra taldea etorriko da Zumarragara, eta Gotzon Arrizabalagaren zuzendaritzapean arituko dira.
Musikaldiko azken emanaldia, ordea, urriaren batean izango da, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan. Bertan Elena Barbe sopranoa ariko da kantuan, eta pianoan Gerardo Rifon.