Errementari etxea berritzeko aukeratu dituzten proiektuak azalduko dizkiete herritarrei
Errementari etxea berritzeko helburuarekin, epaimahiak aukeratu dituen bost proiektuak herritarrei azalduko dizkiete etzi udaletxean, 10:30etik aurrera. Ondoren herritarrek bozka emateko aukera izango dute. Aurreko legealdian Zeraingo Udalak Landa Gipuzkoa 32 herri txikietarako garapen programatik Errementari etxea erosteko eta bertako proiektua egiteko 180 mila euroko diru laguntza jaso zuen. Udalak aspalditik zuen eraikin hori bereganatzeko asmoa, besteak beste, Errementari etxearen jarraian dagoen eraikina, Serorategi etxea, Udalaren esku dagoelako duela bederatzi urtetik, eta biak batuta aukera ugari zabaltzen zaizkiolako Udalari. Herriko udaletxea eta beste hainbat zerbitzu, bertan kokatu nahi dituzte. Errementarin eta Serorategin zein zerbitzu joango diren erabakitzeko zenbait herri bilera egin zituzten, eta hauek dira Zeraingo herriak aukeratutako zerbitzuak: udaletxea, Zerain Dezagun Fundazioaren bulegoak, mediku zerbitzua, turismo bulegoa eta denda, erabilera anitzeko gela handi bat eta beste txiki batzuk, Liztormendi elkartea, liburutegia eta ludoteka, udal biltegia eta komun publikoak. Ideien lehiaketa Behin gune horretan emango diren zerbitzuak aukeratuta, proiektua zeini esleitu erabakitzeko ideien lehiaketa jarri zuten abian. Uztailaren erdi aldean deitu zuen Etorlurrek lehiaketa. Arkitektoei herriak izendatutako zerbitzuak Errementari eta Serorategi eraikinetan kokatzea, eta proiektua aurkeztea eskatzen zitzaien. Zituzten zalantzak argitu asmoz, galderak egiteko aukera izan zuten lehen egunetan parte hartzaileek. Bi eraikinak barrutik ikusteko bisita eguna ere egin zuten uztailaren [...]
Errementari etxea berritzeko helburuarekin, epaimahiak aukeratu dituen bost proiektuak herritarrei azalduko dizkiete etzi udaletxean, 10:30etik aurrera. Ondoren herritarrek bozka emateko aukera izango dute.
Aurreko legealdian Zeraingo Udalak Landa Gipuzkoa 32 herri txikietarako garapen programatik Errementari etxea erosteko eta bertako proiektua egiteko 180 mila euroko diru laguntza jaso zuen. Udalak aspalditik zuen eraikin hori bereganatzeko asmoa, besteak beste, Errementari etxearen jarraian dagoen eraikina, Serorategi etxea, Udalaren esku dagoelako duela bederatzi urtetik, eta biak batuta aukera ugari zabaltzen zaizkiolako Udalari. Herriko udaletxea eta beste hainbat zerbitzu, bertan kokatu nahi dituzte.
Errementarin eta Serorategin zein zerbitzu joango diren erabakitzeko zenbait herri bilera egin zituzten, eta hauek dira Zeraingo herriak aukeratutako zerbitzuak: udaletxea, Zerain Dezagun Fundazioaren bulegoak, mediku zerbitzua, turismo bulegoa eta denda, erabilera anitzeko gela handi bat eta beste txiki batzuk, Liztormendi elkartea, liburutegia eta ludoteka, udal biltegia eta komun publikoak.
Ideien lehiaketa
Behin gune horretan emango diren zerbitzuak aukeratuta, proiektua zeini esleitu erabakitzeko ideien lehiaketa jarri zuten abian. Uztailaren erdi aldean deitu zuen Etorlurrek lehiaketa. Arkitektoei herriak izendatutako zerbitzuak Errementari eta Serorategi eraikinetan kokatzea, eta proiektua aurkeztea eskatzen zitzaien.
Zituzten zalantzak argitu asmoz, galderak egiteko aukera izan zuten lehen egunetan parte hartzaileek. Bi eraikinak barrutik ikusteko bisita eguna ere egin zuten uztailaren 26an, asteartean. 40 egun izan zituzten arkitektoek beraien ideia garatzeko.
Guztira 43 proiektu
43 proiektu aurkeztu zituzten guztira, eta epaimahai tekniko bat izendatu zuten horiek aztertzeko. Epaimahaia Etorlurreko bi arkitektok, kudeatzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondareko arkitektoak, Zeraingo Udaleko bi ordezkarik, Zerain Dezagun Fundazioko ordezkari batek eta Zeraingo Udalak izendatutako arkitekto batek osatu dute. Proiektu guztiak teknikoki aztertu ondoren, bost proiektu aukeratu zituen epaimahaiak.
Jose Manuel Oria Zeraingo alkateak eta Aitziber Makazaga zinegotziak jakitera eman dutenez, epaimahaiko kide bakoitzak bozka bat du eta herriak beste bat. Herritarrek, ordea, une honetan ez dakizkite bost proiektuen xehetasunak, eta bozka eman aurretik azaldu egingo dizkiete proiektuen nondik norakoak. Zeraingo Udalak aukeratutako arkitektoak emango ditu azalpenak, etzi. Batzarra herritarrei zuzendutakoa izango da soilik.
Herritarren botoa
Proiektuak aurkeztu eta gero, 18 urtetik gorako zeraindarrek botoa emateko aukera izango dute. 1etik 5era bitarteko puntuazioa banatu beharko diete proiektuei. Gehien gustatu zaionari bost puntu eman beharko dizkio bakoitzak, eta gutxien gustatzen zaionari puntu bat.
Proiektuak azaltzeko bileraren ondoren jada eman ahal izango du botoa, horrela nahi duenak. Pentsatzeko denbora hartu nahi duenak berriz, aste bateko epea izango du botoa emateko. Bilerara joateko aukerarik izan ez duenak, proiektuak udaletxean ikusi ahal izango ditu hurrengo egunetan, eta aste beteko epean eman beharko dute botoa herritar horiek ere.
Herriaren botoak eta epaimahaikideen botoak kontutan hartuta aukeratuko dute irabazlea. Berak izango du proiektua erredaktatzeko aukera. Horrez gain, 50.000 euro jasoko ditu. Bigarren proiekturik onena egin duen arkitektoak 2.000 euroko saria etxeratuko du eta hirugarrenak 1.000 euroko saria.
Landa Gipuzkoa 32 programaren kudeaketa guztia Etorlurrek egin duenez, berak publikatuko du lehiaketaren emaitza, sariak berak emando ditu, eta proiektuaren esleipena ere Etorlurrek berak egingo du.