Erre edo ez, hori da gakoa
Sasieta zabortegia San Markos zabortegia itxi zutenetik, Donostialdeko zaborrak Gipuzkoako beste hiru zabortegitara bideratzen dituzte: Beasaingo Sasieta, Azpeitiako Lapatx eta Zarautzko Urteta zabortegietara. Gipuzkoan bildutako zaborren beste zati bat, berriz, Bizkaira eramaten da. Zubietako (Gipuzkoa) errauste planta eraiki arte, zaborren banaketa hala egitea erabaki zuten 2007an Gipuzkoako Foru Aldundian. Maiatzeko hauteskundeen ondoren, ordea, Bilduk erraustegiaren inguruko moratoria eskaerarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du berriz ere, eta Gipuzkoako zaborra nola kudeatu behar den erabakitzeko dauden desadostasunak agerian geratu dira. Zaborra erre egin behar den edo ez erabakitzea da eztabaidaren oinarria. Aurreko astean EAJko lau ordezkarik agerraldia egin zuten Donostian, eta gaiaren inguruan 2007an Foru Aldundian «aho batez» onartu zuten araua «betetzeko» eskatu zuten. Donostiako prentsaurrekoan izan zen Aitor Aldasoro Beasaingo zinegotzia. Aldasorok azaldu zuenez, «gaur egun, hartutako akordioak ezarritakoaren arabera, Sasieta zabortegiak 90.000 tona zabor jasotzen ditu, eta horietatik 18.000 baino ez dira Goierriko Udal Elkarteko 22 herriek sortutakoak». Erritmo horretan jarraituz gero, eta iazko datuak kontuan hartuta, «2013an Beasaingo zabortegia itxi» egin beharko dela gogoratu zuen. «Beste herrietako hondakinik jaso gabe, 2022ra arte luzatu ahal izango litzateke zabortegiaren bizitza». Azken lau urteetan hiru herrietan «erantzukizunez eta elkartasunez» jokatu dutela diote EAJko ordezkariek, «akordio eta konpromiso baten barruan». Hala, Zubietako [...]
San Markos zabortegia itxi zutenetik, Donostialdeko zaborrak Gipuzkoako beste hiru zabortegitara bideratzen dituzte: Beasaingo Sasieta, Azpeitiako Lapatx eta Zarautzko Urteta zabortegietara. Gipuzkoan bildutako zaborren beste zati bat, berriz, Bizkaira eramaten da. Zubietako (Gipuzkoa) errauste planta eraiki arte, zaborren banaketa hala egitea erabaki zuten 2007an Gipuzkoako Foru Aldundian. Maiatzeko hauteskundeen ondoren, ordea, Bilduk erraustegiaren inguruko moratoria eskaerarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du berriz ere, eta Gipuzkoako zaborra nola kudeatu behar den erabakitzeko dauden desadostasunak agerian geratu dira. Zaborra erre egin behar den edo ez erabakitzea da eztabaidaren oinarria.
Aurreko astean EAJko lau ordezkarik agerraldia egin zuten Donostian, eta gaiaren inguruan 2007an Foru Aldundian «aho batez» onartu zuten araua «betetzeko» eskatu zuten. Donostiako prentsaurrekoan izan zen Aitor Aldasoro Beasaingo zinegotzia. Aldasorok azaldu zuenez, «gaur egun, hartutako akordioak ezarritakoaren arabera, Sasieta zabortegiak 90.000 tona zabor jasotzen ditu, eta horietatik 18.000 baino ez dira Goierriko Udal Elkarteko 22 herriek sortutakoak». Erritmo horretan jarraituz gero, eta iazko datuak kontuan hartuta, «2013an Beasaingo zabortegia itxi» egin beharko dela gogoratu zuen. «Beste herrietako hondakinik jaso gabe, 2022ra arte luzatu ahal izango litzateke zabortegiaren bizitza».
Azken lau urteetan hiru herrietan «erantzukizunez eta elkartasunez» jokatu dutela diote EAJko ordezkariek, «akordio eta konpromiso baten barruan». Hala, Zubietako errauste plantaren inguruan Bilduk eskatutako moratoriak aurrera egiten badu, Sasietak jasotzen dituen kanpoko zaborrekin zer gertatuko den galdetu zuen Aldasorok: «Aurrerantzean ere jasoko al ditugu?». Horregatik, gai honen inguruan Bilduk zein proposamen duen jakin nahi dute jeltzaleek.
Beasaingo ordezkariarekin batera izan ziren Donostian Azpeitia eta Zarauzkoak ere, eta hiru herrietan mozioak aurkeztuko dituztela iragarri zuten, «herriotako zabortegiak ixteko eta aurreikusita dauden egiturak eraikitzeko exijituz». Beasainen datorren ostegunean, urriaren 6an, egingo duten osoko bilkuran landuko dute gaia.
Beasaingo Udal gobernua, Bilduk eta Aralarrek osatuta, hainbat bilera egiten ari da egun hauetan gaiaren inguruan, datorren asteko udalbatzari begira zein pauso eman erabakitzeko. Bilera txanda amaitu arte ez dutela adierazpenik egingo jakinarazi dute. Bitartean, ordea, Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak aurreratu du Foru Aldundiak ez duela errauste plantaren ideiarekin aurrera egingo. Ez gaur egun planteatuta dagoen bezala, behintzat. Izan ere, orain arte erraustegiaren inguruan egin duten planteamenduak «ez du zentzurik» koalizioarentzat.
Eztabaidatzearen alde
Errauste planta atzeratzea eta gaiaren inguruan eztabaidatzea proposatu du Bilduk. Eztabaida Gipuzkoako Foru Aldunditik mankomunitateetara eta udaletara zabaldu behar da, Alduntzinen arabera. Goierriko kasuan, ordea, oraindik osatzeko dago Sasieta Mankomunitateko zuzendaritza berria. Datozen asteetan dago aurreikusita osaketa egitea.
Mankomunitate bakoitzak hartu beharko du gaiaren inguruko erabakia, baina Foru Aldunditik adierazi dute orain arte zehaztutako plana «eguneratu» egin behar dela. Alduntzinek emandako datuen arabera, aurreko legealdian erabakia hartu zenean baino %16 hondakin gutxiago sortzen da gaur egun Gipuzkoan, eta zaborra biltzeko martxan jarritako sistema ezberdinei esker, hondakinen %80 gaika bildu eta sailkatu daiteke.
Hondakinen gainerakoa jasotzeko azpiegiturak beharko direla aitortu du diputatuak, «baina biltzeko moduak aztertu egin beharko dira, eta behar diren azpiegiturak eraiki», argitu du. Errauste planta txikiago bat egiteko ideia erabat baztertu du Alduntzinek.
PSE-EEk ere eman du iritzia, eta esan du erraustegia egiteko lurretan egin diren lanak bertan behera uzten badira, galera ekonomiko handiak ekarriko dizkiola Gipuzkoari. Lanak gelditzeak 14 milioi euroko kostua izango du PSE-EEren arabera.
Goierrin, hondakinak biltzeko edukiontzi marroiaren aldeko apustua egin dute herririk gehienetan. Baina udal bakoitzak du zaborra biltzeko zein sistema erabili aukeratzeko eskumena, eta Itsasondon, esaterako, zutoinetan oinarritutako sistema erabiltzen dute. Familia bakoitzak errefusa biltzeko kubo bat du, eta astelehen arratsaldetan kubo hori bakoitzat dagokion zutoinean utzi behar du, Sasietako langileek kuboak hustu ahal izateko.
San Markos itxita
Errauste plantaren inguruan zein erabaki hartuko duen ez du argitu Foru Aldundiak, baina Alduntzinek argi utzi du San Markoseko zabortegia ez dutela berriz ere martxan jarriko. Donostialdeko zaborrak, beraz, Gipuzkoako gainontzeko hiru zabortegietara bideratzen jarraituko dute momentuz. Hala ere, Sasietako, Lapatxeko eta Urtetako zabortegiak adostutako urtean ixteko konpromisoa hartu dute. Aldaketarik ezean, beraz, 2013an itxiko dute Sasietako zabortegia.