Ampo Ordiziak El Salvador hartuko du bihar Altamiran
Eguna ez da ohikoa, ezta ordua ere. Ampo Ordiziak bihar arratsaldean jokatuko du denboraldiko hirugarren partida, Cetransa El Salvador talde sendoaren kontra. Aurreneko partida irabazi egin zuten, baina itxura onik eman gabe. Bigarrenean berriz, taldea...
Eguna ez da ohikoa, ezta ordua ere. Ampo Ordiziak bihar arratsaldean jokatuko du denboraldiko hirugarren partida, Cetransa El Salvador talde sendoaren kontra. Aurreneko partida irabazi egin zuten, baina itxura onik eman gabe. Bigarrenean berriz, taldea hobeto aritu zen, galdu egin bazuten ere. Biharko partida «aurreko bietako onena batzeko aukera» dela dio taldeak.
Aurreko bi partidetako hutsuneak, taldean izan diren aldaketei egotzi dizkiete klubeko arduradunei. Talde teknikoak ezarri dueen jokorako lerro berriak, postu aldaketek eta taldera etorritako jokalari berriek, «adaptazio epe bat eskatzen dute». Eta horren guztiaren helburua, «talde sendo eta dinamikoagoa» sortzea da.
El Salvador: handietako bat
Ohorezko mailako talderik sendoenetako bat da El Salvador, eta Ampo Ordiziakoen ustez, «aurrealde indartsua du, behar bada ligako onena». Horri, ordiziarrek dituzten bajak gehitu behar zaizkie; Toby Freeman lesionatuta dago, eta Tom Parkerrek ere Santboianaren kontrako partidan min hartu zuen.
Hori guztia kontuan hartuta, aurkariarekiko arreta eta begirune osoz, baina partida irabazteko asmotan aterako dira zelaira Ampo Ordiziako mutilak, eta zaleen babesa espero dute erronka horri aurre egiteko. Partida 17:00etan izango da, Altamiran.
Bestalde, senior C taldeak, Gernikan jokatuko du bihar eguerdian. Errugbi eskolako ikasleak berriz, ikastetxeen arteko torneoa jokatzen hasiko dira; aurrenekoa bihar izango da, 09:00etan.