Ataun, zonbien hiriburu ‘Ataun of the dead’ film laburrean
Gaur iluntzean egingo dute, Hernanin, ‘Ataun of the dead’ filmaren estreinaldia, 20:00etan eta 21:00etan, Biteri kultur etxean. Ataunen girotuta dago zonbien istorioa, pertsonaia eta osagai goierritarrak barruan sartutako historia surrealis...
Gaur iluntzean egingo dute, Hernanin, ‘Ataun of the dead’ filmaren estreinaldia, 20:00etan eta 21:00etan, Biteri kultur etxean. Ataunen girotuta dago zonbien istorioa, pertsonaia eta osagai goierritarrak barruan sartutako historia surrealista. Hogei minutuko iraupenarekin, Xabier Padinek eta Beñat Iturriotzek XIX., XX. eta XXI. mendeetako gaiak lotu dituzte.
Ataunen, Jentilbaratzako indusketa arkeologikoan lanean ari zirela bururatu zitzaien film laburra egitea, Padin eta Iturriotz arkeologoak baitira lanbidez. ‘Dawn of the Dead’ filmaren hoskidetasuna eta gaia uztartuta, ataundar biztanleak zonbi bihurtu eta Patxi Lopez lehendakariaren aurka matxinatuko dira. Tomas Zumalakarregi jeneral karlista ormaiztegiarra eta Idiazabal Gazta dira beste bi ardatz. Bi zientzialari karlista Zumalakarregi berpizten saiatuko dira, abertzalea ez den lehen lehendakaria kargura iristen denean. Idiazabal gaztak kutsatuko ditu ataundar guztiak, zonbi bihurtzeraino. Zuzendarien lagunak dira aktore eta figurante.
Egileen arabera trilogia baten lehenbiziko atala da ‘Ataun of the dead’. Bigarrenean Agirre lehendakaria banpiro bihurtuko dute, eta hirugarrenean Antso Nagusia errege nafarra momia. Goierrirekiko loturarik izango ote duten ez dute argitu, oraingoz.