Majori kiroldegiko langileei 90.000 euroko mailegua emango die Ordiziako Udalak
Ordiziako Majori kiroldegia kudeatzen zuen Igeriketa Lantzen SL enpresa hartzekodunen lehiaketan sartua dagoela ikusita, eta kontuan izanda kiroldegiko langileek azken hiru hilabeteetako soldata ez dutela kobratu, Ordiziako Udalak 90.000 euroko mailegua emango die kiroldegiko langileei. Hala erabaki zuen atzo iluntzean Udalbatzak aho batez. Bilduko zazpi ordezkarik, EAJko bostek eta PSE-EE bakarrak osatzen dute ekainean sortu zen Udalbatza. Interesik gabeko mailegua izango da, eta diru hori banatzerako garaian orain arteko ordainsariak hartuko dituzte kontuan. Kiroldegian soldata handiena zuen langileari 3.000 euro emango dizkiete, eta hortik aurrera propontzioan emango diete mailegua. 3.000 euro jasoko dituen langile horrek 150 euro itzuli beharko dizkio hilean udalari, eta gainontzekoek gutxiago, jaso duten diruaren proportzioaren arabera. 2012. urteko urtarrilaren 1etik aurrera hasi daitezke dirua itzultzen. Langileek nahi dutenean amortizatu ahal izango dute aipatutako mailegua. Igor Eguren alkatearen arabera, udalaren nahia kiroldegiak zerbitzua ematen jarraitzea da, eta horretarako beharrezkoa ikusi dute mailegu hori ematea. “Egoera legeztatzen den bitartean kiroldegiko langileak bertan jarraitzea beharrezkoa da, eta beraiei eragiten dien egoera konpontzea ere bai”. Oposiziko alderdietako bozeramaileek, Jose Migel Santamariak (EAJ) eta Iñaki Dubreuilek (PSE-EE) bidezkoa ikusi zuten egindako proposamena, eta horregatik erabaki zuten baiezko botoa ematea. Udalak eta Igeriketa Lantzen enpresak zuten kontratua bihar, urriak 1, bukatuko da, [...]
Ordiziako Majori kiroldegia kudeatzen zuen Igeriketa Lantzen SL enpresa hartzekodunen lehiaketan sartua dagoela ikusita, eta kontuan izanda kiroldegiko langileek azken hiru hilabeteetako soldata ez dutela kobratu, Ordiziako Udalak 90.000 euroko mailegua emango die kiroldegiko langileei. Hala erabaki zuen atzo iluntzean Udalbatzak aho batez. Bilduko zazpi ordezkarik, EAJko bostek eta PSE-EE bakarrak osatzen dute ekainean sortu zen Udalbatza.
Interesik gabeko mailegua izango da, eta diru hori banatzerako garaian orain arteko ordainsariak hartuko dituzte kontuan. Kiroldegian soldata handiena zuen langileari 3.000 euro emango dizkiete, eta hortik aurrera propontzioan emango diete mailegua. 3.000 euro jasoko dituen langile horrek 150 euro itzuli beharko dizkio hilean udalari, eta gainontzekoek gutxiago, jaso duten diruaren proportzioaren arabera. 2012. urteko urtarrilaren 1etik aurrera hasi daitezke dirua itzultzen. Langileek nahi dutenean amortizatu ahal izango dute aipatutako mailegua.
Igor Eguren alkatearen arabera, udalaren nahia kiroldegiak zerbitzua ematen jarraitzea da, eta horretarako beharrezkoa ikusi dute mailegu hori ematea. “Egoera legeztatzen den bitartean kiroldegiko langileak bertan jarraitzea beharrezkoa da, eta beraiei eragiten dien egoera konpontzea ere bai”. Oposiziko alderdietako bozeramaileek, Jose Migel Santamariak (EAJ) eta Iñaki Dubreuilek (PSE-EE) bidezkoa ikusi zuten egindako proposamena, eta horregatik erabaki zuten baiezko botoa ematea.
Udalak eta Igeriketa Lantzen enpresak zuten kontratua bihar, urriak 1, bukatuko da, Egurenek aurreratu zuenez. “Hori horrela izango da gauzak hitz eginda bezala gertatzen badira, gerta baitaiteke alegazioren bat izatea prozesua geldotzeko”. Udalak irailaren hasieran jakinarazi zuen Igeriketa Lantzen enpresa hartzekodunen lehiaketan sartua zegoela, eta sei hilabeteko epean egoera bideratzeko konpromisoa hartu zuten orduan. Bien bitartean “hirugarren enpresa” batek hartuko du kiroldegiko langileen ardura.
Eñaut Gereñu kirol aholkulari gisa kontratatua
Kiroldegiarekin lotuta, bestelako erabaki bat ere hartu zuten atzoko osoko bilkuran. Majori kiroldegiak bizi duen behin-behineko egoera ikusita, kirol instalazioak eta kirol zerbitzuak kudeatzeko aholkulari bat kontratatzeko proposamena egin zuen Egurenek. Lanpostu horretarako Eñaut Gereñu ordiziar gaztea kontratatzea proposatu zuen, eta proposamena aurrera atera zen Bilduren aldeko botoekin eta EAJko eta PSE-EEko hautetsien abstentzioarekin. “Enpresaritza ikasketak edukitzea eta euskarari dagokion profila betetzea zen eskakizuna, eta Eñaut Gereñuk bi baldintza horiek betetzen ditu”. Kontratua 6 hilabetekoa izango da gehienez, eta 2.250 euroko soldata gordina izango du Gereñuk.
Iñaki Dubreuilek esan zuen “pozten” dela Bilduk horrelako erabaki bat hartu duelako, aurreko legealdian komunikazio teknikari bat eta partaidetzarako beste teknikari bat kontratatu zirenean “kritika asko” entzun baitzituen orduko gobernu taldeak. “Berandu jakin dugu erabaki horren berri eta horregatik ez dugu alde bozkatuko, baina ez gaude erabakiaren aurka”. Horrez gain, Odilo Rivela kirol teknikariaren lana eta Eñaut Gereñeurena bateragarri nola egingo duten galdetu zion Dubreuilek Egureni. “Rivelak lan teknikoa egiten jarraituko du, eta Gereñuk kudeaketari eta fiskalizazioari egingo dio jarraipena”, erantzun zion alkateak. Halaber, Gereñuren kontratazio behin-behinekoa zela errepikatu zuen Egurenek, eta behin-behineko egoera bukatzen denean kiroldegia kudeatzeko eta zuzentzeko lanpostu bat aterako dutela lehiaketa publiko bidez.
Izaro Intsaustik, lanaldi osoko jarduna
Gereñurena ez zen izan eguneko izendapen bakarra. Izaro Intsausti ogasun zinegotzi eta bigarren alkateordeak lanaldi osoko jarduna izatea erabaki baitzuten atzoko osoko bilkuran. Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Komunikazio, koordinazio eta aholkularitza lanak egiteko “beharrezkoa” da Intsaustik lanaldi osoko jarduna izatea, Egurenek azaldu zuenez. Bihartik aurrera izango du Intsaustik lanaldi osoko jarduna, eta hilean 2.250 euroko ordainsari gordina izango du.
Horrez gain, kreditu transferentzien 12. espedientea onartu zuten Bilduren aldeko botoekin, eta urte askotako kredituak ere onartu zituzten Bilduren eta PSE-EEren botoekin.