Zumarraga eta Bergara arteko autobidearen lanen paralizazioaren aurka agertu da Mikel Serrano alkatea
Mikel Serrano Zumarragako alkateak Zumarraga eta Bergara arteko autobidearen lanen paralizazioaren aurka agertu da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura diputatu Larraitz Ugartek atzo egindako adierazpenei erantzuten die alkateak gaur esandakoa. Ugartek “lanekin jarraituko duten ala ez erabakitzeko” dagoela esan zuen, “70 milioi euroko aurrekontua du, eta gure gain hartu dezakegun ebatzi beharko dugu”. Lan hauek Deskargako tunelaren eraikuntza hartuko lukete.
Adierazpen hauen aurrean, Serranok, gaur, prentsa ohar bidez, Martin Garitano Ahaldun Nagusiarekin “urgentziazko” bilera eskatu duela esan du. Goierri Garaiarako errepide hau “lehentasunezkoa eta estrategikoa” dela dio, “bestela Gipuzkoako biribilgunearekin (Beasain-Durango eta N1) eta AHTren Ezkio-Itsasoko geltokiarekin lotunerik gabe geratuko garelako”.
Zumarragatik igarotzen den “zirkulazioa murrizteko duen garrantzia” nabarmendu alkateak, ibilgailu pisutsuen zirkulazioak biztanleentzat duen “arriskuan” arreta jarri nahi izan du. “EAJk azkeneko tokian jarri gintuen, eta, orain, Bilduk lanak paralizatzen dizkigu”. Amaitzeko, Aldundiaren “eraginkortasunik eza Zumarragaren etorkizuneko garapena eta bailararena arriskuan jartzen” dituela gehitu du Mikel Serrano alkateak.