Udalak eta LABek elkartasuna bidali diote legorretar atxilotuari
Legorretako Udalak eta LAB sindikatuak elkartasuna adierazi diote astearte goizean Guardia Zibilak Legorretan atxilotu zuen Abdelghaffour Bensaoula herritarrari eta senitartekoei. Magrebeko Al Kaedari laguntzea leporatuta atxilotu dute, eta inkomunikat...
Legorretako Udalak eta LAB sindikatuak elkartasuna adierazi diote astearte goizean Guardia Zibilak Legorretan atxilotu zuen Abdelghaffour Bensaoula herritarrari eta senitartekoei. Magrebeko Al Kaedari laguntzea leporatuta atxilotu dute, eta inkomunikatuta zeukaten atzo Madrilen, baita beste lau pertsona ere.
Legorretako udaletxean atzo iluntzeko osoko bilkuran landu zuten gaia. Bilduk aurkeztutako mozioa onartu du Udalak, eta atxilotuei «errugabetasun presuntzioa erabat alboratu» zaiela salatu du. Komunikabideek «gaizkile gisa» tratatu izana ere gaitzetsi dute.
Udalbatzarrean ziren Bensaoularen hainbat herrikide, lagun, eta Goierriko nahiz Tolosaldeko musulman komunitateko kideak, tartean Tolosako mezkitako burua. Gogor salatu dituzte denek atxiloketak, astearte goizaldean Legorretan, Gipuzkoan eta Nafarroan eginak.
Udalaren eta LABen arabera, Bensaoula «herritar zintzoa eta ingurukoekin solidarioa» da. LABek «langile borrokalaria» dela ere esan du, sindikatuko kide dela gehituz. Legorretako Prodeman lan egiten zuen Bensaoulak, kaleratzeen ondorioz lanpostua galdu zuen arte. Orain langabezian dagoela argitu dute ingurukoek.
Etxebizitza, «txikituta»
Legorretarra atxilotzerakoan, poliziek etxea «txikituta» utzi dietela diote lekukoek. «Emaztea eta bi alaba ditu. Irunera joan behar izan dute. Datozen egunotan laguntzaile talde bat eratuko da etxea konpontzeko», esan dute.
Inkomunikazio aldiko tratuarekin kezka agertu dute, eta egoera hori berehala kentzeko eskatu.