Ondo hasi eta hobeto segi
Lehen eguna, Santa Fe bezpera, parrandarako data seinalatua izan ohi da Zaldibian. Herenegun ere hala izan zen. Gaupasaren azken egileekin eta gaueko ibileren aztarna batzuekin esnatu zen, atzo, zaindariaren eguna. Mondejuak janez hasitako festak horixe, hasi besterik ez dira egin ordea. Suziriaren pareko indarrez abiatu ondoren, Santa Fe lasaixeagoa izan da. Eguerdian, meza nagusitik irteeran, plaza giro alaia izan zuten zaldibiarrek. Iker Zubeldiak eta Nerea Elustondok ekarri zituzten Aizkorripetik bertsoak. Ohiturari segiz, trikiti doinuak herritarrek beraiek aireratu zituzten, Jose Luis Etxeberria Xapre eta Izaro Garmendia soinuarekin, Joxe Antonio Irastortza Furriela eta Oihane Etxeberria panderoa astinduz. Gorriti zumaiarrak ere ez zuen hutsik egin. Poniak, asto gaztea, basurdea eta idiskoak hartuta bertaratu zen, ohi bezala. Plazako frontoi zaharrean ibili batzuk egin zituzten umeek abere gainean. Basurde kozkorrari segika berotu ziren ondoren, bai plazako esparruan, bai handik hanka egin eta Santa Fe kalean barrena. Bigantxa pareari jare eginda osatu zen Gorritiren emana; bukatzeko, hori bai, San Fermin ereserki klasikoa kantarazi zien haurrei, kamioiaren arrapalatik. Arratsaldeko pilota partidetan zeukaten atzo zaldibiar askok gogoa jarrita. Berebiziko jaialdia zegoen, gazteetatik hasi, afizionatuen buruz buruko kaiolakotik jarraitu, eta profesionalen ikuskizunarekin borobiltzeko. Festetako beste ikuskizun irrikagarri baten komentarioak ere hitzetik hortzera ibili ziren plazan: idi parearen eta gazte [...]
Lehen eguna, Santa Fe bezpera, parrandarako data seinalatua izan ohi da Zaldibian. Herenegun ere hala izan zen. Gaupasaren azken egileekin eta gaueko ibileren aztarna batzuekin esnatu zen, atzo, zaindariaren eguna. Mondejuak janez hasitako festak horixe, hasi besterik ez dira egin ordea.
Suziriaren pareko indarrez abiatu ondoren, Santa Fe lasaixeagoa izan da. Eguerdian, meza nagusitik irteeran, plaza giro alaia izan zuten zaldibiarrek. Iker Zubeldiak eta Nerea Elustondok ekarri zituzten Aizkorripetik bertsoak. Ohiturari segiz, trikiti doinuak herritarrek beraiek aireratu zituzten, Jose Luis Etxeberria Xapre eta Izaro Garmendia soinuarekin, Joxe Antonio Irastortza Furriela eta Oihane Etxeberria panderoa astinduz.
Gorriti zumaiarrak ere ez zuen hutsik egin. Poniak, asto gaztea, basurdea eta idiskoak hartuta bertaratu zen, ohi bezala. Plazako frontoi zaharrean ibili batzuk egin zituzten umeek abere gainean. Basurde kozkorrari segika berotu ziren ondoren, bai plazako esparruan, bai handik hanka egin eta Santa Fe kalean barrena. Bigantxa pareari jare eginda osatu zen Gorritiren emana; bukatzeko, hori bai, San Fermin ereserki klasikoa kantarazi zien haurrei, kamioiaren arrapalatik.
Arratsaldeko pilota partidetan zeukaten atzo zaldibiar askok gogoa jarrita. Berebiziko jaialdia zegoen, gazteetatik hasi, afizionatuen buruz buruko kaiolakotik jarraitu, eta profesionalen ikuskizunarekin borobiltzeko.
Festetako beste ikuskizun irrikagarri baten komentarioak ere hitzetik hortzera ibili ziren plazan: idi parearen eta gazte kuadrillaren arteko dema. Gaur 18:30ean izango da hori.
Mozorro jaia eta gazte eguna
Harri tira probarekin batera, asteburuaren ataria mozorrotuta igaroko dute, gaur. Mozorrotuen gaua da, Garraxi musika taldearen kontzertuak alaituta. Kontzertuko atsedenaldian play-back saioa egingo dute. Izena aurrez eman behar da, kultur etxean. Musika norberak eraman behar du, CD batean, gauean.
Astebukaeran bete-betean murgilduta, bihar gazte eguna dute. Txosna Batzordeak egitarau oparoa antolatu du, eguerditik gauera. Horietan lehena nesken arteko sokatira apustua izango da, 13:00etan. Zaldibiako eta Anoetako neska kuadrillak jarriko dira sokan aurrez aurre.
Bazkaria plazan egingo dute, eta Gartxotek kantu herrikoien kantaldia gidatuko du gero. Gauean bi kontzertu daude: Manillares Iturriaga, txosnetan 22:00etan; Ingo al deu?, 23:30ean.
Udalak ohar bat ere helarazi die jaietan ibiliko diren guztiei. Txosna Batzordeak berriz erabil daitezkeen edalontziak jarri ditu aurten. Ingurumena zaintzeko eta zabor gutxiago sortze aldera horiek erabiliko dira.
Igandean, azkenik, haurren eta helduen krosak daude, 11:00etan.